Mendekoen senideentzako laguntza %15 jaitsi du Matok

Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legean iragarritako murrizketek eskubideak «dinamitatzen» dituela uste du ZabaletakMendekoak zaintzen dituzten senideei ez die gizarte segurantza pagatuko Madrilek

Emakume bat adineko beste andre bati laguntzen, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak %15 gutxituko ditu mendekotasuna duten pertsonen senideentzako laguntzak. Gainera, hemendik aurrera ez die gizarte segurantza ordainduko. Orain arte ez bezala, mendekoek zainketagatik ordaindu beharko dute. Dituzten diru sarrerak hartuko dituzte kontuan horretarako.Espainiako Gobernuko Osasun eta Gizarte Gaietarako ministro Ana Matok hartutako neurriak defendatu ditu: «Legearen bideragarritasuna hobetuko da».

Kargura iritsi zenetik legea ez dela «iraunkorra» defendatu du Matok. Aurreko astean berretsi zuen legean «egokitzapenak» egingo dituztela. Atzo eman zien horien berri autonomia erkidegoei, eta etzi onartutako ditu ministroen kontseiluak.

Legea onartu zenetik, PPk ez du begi onez ikusi mendekoak zaintzeagatik senideei laguntzak ematea. Laguntza horiek «orokortu» egin direla salatu izan du. Orain, gobernuan, hori aldatzea erabaki du. Hala, laguntza horiek %15 gutxituko ditu, eta horiek eskuratzeko baldintzak gogortuko. Egun, zaintzaileek 400 euro jasotzen dituzte, batez beste. Espainiako Gobernuaren apustua dazerbitzu profesionalek ematea laguntza. Mendekoak senideek zaintzea «salbuespena» izan behar duela uste du. Ez du egoki ikusten, gainera, zaintza hori etxean egitea. Gainera, hemendik aurrera zaintza lanetan hasten diren senideei ez die gizarte segurantza ordainduko.Kuotak ordaintzeak ez duela lanpostuak sortzeko balio uste du Madrilek.

Autonomia erkidegoei laguntzak ematerakoan, bestalde, zerbitzu profesionalen alde egiten dutenak sarituko ditu. Halaber, mendekotasun maila bakoitzean zeuden bi azpi taldeak kendu egingo ditu. Gainera, 2015era arte ez da mendeko arinik onartuko laguntzen onuradunen artean.

Laguntzakordaintzerakoan atzerapenak daudela. Hori izan da onuradunen eta haien senideen kexu nagusietakoa orain arte. Asko eta asko dirua jasotzeko zain daude. Espainiako Gobernuakmurrizketak ezarri ditu alor horretan ere. Soilik azken bi urteetan zor zaiena pagatuko die.

Espainiako Gobernuak bateratu egingo ditu, gainera, mendekotasuna duten pertsonek, laguntzak jasotzeko , egin behar dituzten osasun azterketen irizpideak. Sinpleagoak izatea nahi du.

Zabaleta kexu

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletaren arabera, eskubideak «dinamitatzen» dituzte Mendekotasun Legean iragarritako murrizketek. «Legearen aplikazioanakatsak badaude, konpondu egin behar dira. Iruzurrik ez dagoela ziurtatu. Baina ezin da legea hankaz gora jarriLorpen handi bat izan zen gizartearentzat, eta ezin dugu atzera egin». Finantzaketan arazoak izan direla aitortu du, eta uste du horiei «sakon eta seriotasunez» heldu behar zaiela. «Baina ez ardura osoa autonomia erkidegoen eta onuradunen bizkar utzita». Eusko Jaurlaritzaren apustua da mendekoak etxean artatuak izatea, eta orain arte bezala horretarako laguntzak ematea senideei. «Arreta gertuagokoa da. Gainera, lanpostuak sortzeko balio du. Europako herrialde aurreratuenetan etxeko zaintzaren alde egin dute», gogorarazi du.

Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du Zabaletak. «Krisiaren aitzakian ongizate estatua apurtzen ari da: aurrena hezkuntza izan zen, gero osasuna eta orain gizarte zerbitzuak. Oso larria da». Hezkuntzan eta osasun publikoan izandako mozketekin gertatu bezala, Zabaletak iragarri du eskumenak baliatuko dituztela Mendekotasun Legean ezarri diren murrizketak ez aplikatzeko. «Legeak ematen dizkigun aukera guztiak baliatuko ditugu».

Baliabideak «eraginkortasunez» kudeatzearen alde egin du Jesus Pejenaute Nafarroako kontseilariak. «Benetako beharra duen mendeko bakar bat ere ezin da laguntzarik gabe geratu».

Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek gogor egin zuten herenegun Espainiako Gobernuaren kontra. Gipuzkoako Gizarte Gaietarako diputatu Ander Rodriguezek Mendekotasun Legea «hil» nahi izatea egotzi zion Matori, eta Bizkaiko diputatu Pilar Ardantzak lege horretan usterik ez izatea. Jaurlaritzak bezala, eskumenak baliatuko dituzte murrizketak ez ezartzeko. Laguntzei eusteko asmoa du Arabako Foru Aldundiak ere, baina Javier de Andres ahaldun nagusiak hauteskundeei begira aritzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. «Mendekotasun Legearen finantzaketa aldundiei dagokigu, Jaurlaritzak ezin du horretan sartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.