Mendekotasun laguntzen itxaron zerrenda erdira jaitsi da Nafarroan

Mendekotasunari buruzko VI. Txostena aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. Gorantz doa mendekotasunen bat dutenen kopurua: herritarren %2,61 dira. Inbertsioa handitu dute

Mendekotasun laguntzen itxaron zerrenda erdira jaitsi da Nafarroan.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Gero eta zaharragoa gizartea, orduan eta beharrezkoagoak dira mendekotasunerako laguntzak eta zerbitzuak. Erakunde publikoek urteak daramatzate errealitate horretaz ohartarazten: urtetik urtera gorantz doa mendekotasunen bat aitortua dutenen kopurua, eta uste izatekoa da erritmo berean haziko dela etorkizunean ere. Nafarroan, herritarren %2,61 dira mendekotasunen bat aitortua dutenak, eta 64 urtetik gorakoen kasuan, nabarmen handiagoa da ehunekoa: %10,34. Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako kontseilari Carmen Maeztu Villafrancak eman zituen atzo datuok, Mendekotasunari buruzko VI. Txostenaren aurkezpenean.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia publikoak egin du ikerketa, 2022. urteko datuak erabilita. Behatoki horretako zuzendari kudeatzaile Ines Frances Romanek azaldu du mendekotasunaren goranzko joeraren oinarrian bi faktore daudela nagusiki: «Nafarroako gizartearen zahartze progresiboa», eta «COVID-19aren pandemiaren ostean, bizi itxaropenak gora egin duela atzera ere».

ITXARON ZERRENDAK, BEHERA

Mendekotasunen bat dutenen kopuruak gora egin izanaren ondorioz, azken urteetan ohikoa izan da itxaron zerrendak ere luzatzea, eta eskatzaileek denbora gehiago behar izatea diru laguntza bat edo zerbitzu bat jasotzeko. Aurten, baina, joera hori eten egin da Nafarroan, laguntza edo zerbitzu baten zain direnen zerrenda erdira murriztu baita urtebetean: 749 ziren 2021eko txostenean, eta 328 dira 2022koan. %56 laburtu da, beraz.

Maeztu kontseilariaren arabera, joera aldaketa horrek erakusten du azken urteetan «hobetu» egin dela mendekotasun sistemaren kudeaketa. Xehetasun gehiago eman ditu Francesek: «Iaz 7.719 balorazio egin ziren—eskatzaileei mendekotasuna aitortzen zaien ebazteko prozedurak dira—, balorazio gehien egin diren urteen artean bigarrena; eta mendekotasuna aitortua izateko batez besteko epea 2,85 hilabetekoa izan zen, Mendekotasun Legeak ezartzen dituen sei hilabeteko epea baino dezente gutxiago».

GORANZKOAN DEN ARAZOA

Itxaron zerrenden murrizketak, baina, ezin du fenomeno orokorra ezkutatu: gero eta pertsona gehiagok behar dute laguntzaren bat egunerokoan. Batzuek telelaguntzarako dispositibo baten bidez behar dute. Beste batzuek, berriz, etxeko arta zerbitzuen bidez jasotzen dute laguntza, edota profesionalak kontratatzeko laguntzen bitartez. Badira ere eguneko zentroetan edo zahar etxe batean laguntza jasotzen dutenak.

2022ko datuen arabera, 17.334 pertsona daude mendekotasuna dutenen erregistro ofizialean izena emanda, aurreko urtean baino 290 gehiago (%1,7ko hazkundea). Uneotan, herritar guztien %2,61 dira, baina gobernuak uste du datu hori handituko dela. Zehazki, uste du datozen 10-15 urteetan kopuru hori bikoiztuko dela. «2037. urterako, mendekotasuna aitortua dutenen ehunekoa %3,1ekoa izan daiteke; ez dirudi asko denik, baina erronka oso handia izanen da ongizatearen estatuari begira, zerbitzuen eskatzaileak bikoiztu eginen baitira, eta administrazioak prest egon beharko du horretarako», esan du Maeztuk.

MENDEKOTASUNAREN SOSLAIA

Laguntzak edo zerbitzuak eskatzen dituztenen ezaugarriak ere aztertu dituzte mendekotasunari buruzko txostenean, eta ondorio nagusia da laguntza behar dutenen soslaia «oso feminizatua» dagoela. «Gailentzen den soslaia da 80 urtetik gorako emakume batena, mendekotasun gradu apala duena», azaldu du kontseilariak.

Jasotzen duten prestazioari dagokionez, zerbitzu bat eskatzen dute gehienek [%55ek]. «Kasu askotan, zahar etxe batean izena ematea eskatzen dute, larrialdietarako telefono bidezko dispositibo bat edo etxeko arta zerbitzua», zehaztu du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariak. Gainerakoek (%45ek) diru laguntza bat eskatzen dute, mendekotasuna duen pertsona etxean zaindu ahal izateko.

INBERTSIO HANDIAGOA

Laguntzak bermatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuak nabarmendu du handitu egin duela mendekotasunera bideratutako diru kopurua: 2022an, guztira, 161,9 milioi euro inbertitu zituzten. Horietatik, %81,6 izan ziren Maria Txibiteren gobernuak berak jarritakoak, eta %18,4, berriz, Espainiako Gobernuak emanak.

«Inbertsioa handiagoa da urtetik urtera, eta ez soilik eskatzaileen kopuruak gora egin duelako, baizik eta horren aldeko apustu garbia egin dugulako», esan du Maeztuk. «Inbertsioa %12,1 handitu da iazkoarekin alderatuta, eta %61,6, 2015ekoarekin alderatzen badugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.