Mendekotasuna aitortzeko eskaerak hiru hilabete igaro baino lehen erantzun beharko dituzte Hego Euskal Herrian

Mendekotasunaren eta desgaitasunen legeei jarritako zuzenketak onartu dituzte Espainiako Kongresuan.

Mendekotasuna duen pertsona bat, zaintzailearekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Mendekotasuna duen pertsona bat, zaintzailearekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 17a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendekotasunagatik laguntza bat baino gehiago jaso ahalko da. Mendekotasuna dutenek laguntza pertsonala jasotzeko aukera izango dute. Etxeko laguntza kalean ere jasoko da. Telelaguntza, arreta goiztiarra eta irisgarritasuna eskubideak izango dira. Eta desgaitasun egoera bat aitortzeko eskatu, eta administrazioek, gehienez, hiru hilabeteko epean erantzun beharko dute. Espainiako Kongresuak mendekotasunaren eta desgaitasunen legeen erreformak onartu zituen atzo. Berez, uztailean onartu zituen lege berriak, baina Senatuan erreformari egin zizkioten zuzenketak onartu zituen atzo.

Zaintza sistema «berriz sortu» dute, Eskubide Sozialen Ministerioaren arabera. Neurri horiek guztiak indarrean jartzeko beharrezkoa da dirua. Estatuak bere gain hartuko du inbertsioaren erdia: autonomia erkidegoek 6.200 milioi euro jasoko dituzte aurten eta hurrengo urtean. Pablo Bustinduy ministroak uste du diru horri esker autonomia erkidegoek mendekotasun eta desgaitasun laguntzak jaso ahal izateko itxaron-zerrendak murriztu beharko dituztela. «Jada ez dago aitzakiarik», esan die. «Itxaron-zerrendak erdira murriztu behar dira 2027an, eta desagerrarazi 2028an».

Honako hauek dira mendekotasun legearen erreformaren aldaketa nagusiak:

1

Bateraezintasunik ez

Mendekotasunen bat dutenek laguntza bat baino gehiago jaso ahalko dituzte. Arreta Indibidualerako Programa malguagoa izango da, eta erabiltzaileek aldi berean zerbitzu bat baino gehiago jasotzeko aukera izango dute. Esaterako, eguneko zentro batera joatea eta etxekoen zaintza edo telelaguntza. Ez dira bateraezinak izango.

2

Laguntza pertsonala

Laguntza pertsonala mendekotasuna dutenen beste zerbitzu bat izango da: «Autonomia erkidegoek bermatu behar dute zerbitzua eman egiten dela zerbitzu publiko zuzenen bidez». Laguntza pertsonala kontzeptua malgutu egin dute, eta ez da mugatuko hezkuntzara edo lanera. Pertsonen autonomia, bizitza independentea eta komunitatean txertatzea sustatzen ahaleginduko dira.

3

Etxeko laguntza

Orain arte etxean soilik eskaintzen zen etxeko laguntza. Aurrerantzean, etxetik kanpo ere eskaini ahalko da: laguntzaileek mendekotasuna dutenak lagunduko dituzte haien eguneroko bizitzako jardueretan —erosketak egiten edo medikuarengana joaten—, etxetik kanpo.

4

Zaintzaileak

Legearen erreforman «zaintzaile nagusia» jasotzen da, baina beste zaintzaile mota bat ere onartu dute: zaintzaile ez-profesionala. Horrez gain, onartu dute mendekotasuna duen pertsona zaindu ahalko duela haren senidea ez den norbaitek, batzuek ez baitute seniderik inguruan. Mendekotasuna duenarekin bizi direnek ere izango dute hura zaintzeko aukera, nahiz eta elkarrekin ezkonduta ez egon edo senideak ez izan.

5

Telelaguntza jasotzeko eskubidea

Mendekotasunen bat dutela onartzen duten pertsona guztiek eskubidea izango dute telelaguntza jasotzeko. Eskubide subjektiboa izango da, eta beste zerbitzuen osagarria. Indartu egin nahi dute telelaguntza, prebentzio tresna dela uste dutelako: «Mendekotasuna dutenak zentroren batean sartzea saihesten edo atzeratzen du».

6

Zaintzaileen kotizazioak eta ordezkapenak

Estatuak ordainduko ditu zaintzaile nagusien kotizazioak, eta bermatu egingo dute mendekotasuna duen pertsonak beste zaintzaile bat izango duela zaintzaile nagusiak gaixotasun larriren bat baldin badu edo ospitaleratu egiten badute, zaintza ez eteteko.

7

Hiru hilabeteko epea

Administrazioek denbora asko pasatzen dute pertsona batek edo haren senideek mendekotasun egoera aitortzeko eskatu eta erabaki bat hartzen duten arte. Lege erreforman gehienezko epea laburtu egin dute, sei hilabetetik hiru hilabetera.

Hauek dira desgaitasun legearen erreformaren aldaketa nagusiak:

1

Aitortza automatikoa

Lehen mailako desgaitasuna onartzen dietenei, automatikoki, %33ko desgaitasuna aitortuko diete. Bigarren edo hirugarren mailakoa onartzen dietenek %65eko desgaitasuna lortu ahalko dute. Erreformaren bidez, desgaitasuna onartzeko prozesuaren burokrazia arintzea eta prozesuak azkartzea da asmoa, itxaron-zerrendak murrizteko.

2

Irisgarritasuna, eskubide

Lege erreformaren arabera, irisgarritasuna eskubide bat izango da, eta, beraz, desgaitasun bat dutenek exijitu egin ahalko dute zerbitzuetan eta eraikinetan. Programa bat sortuko dute, desgaitasunen bat dutenentzako oztopoak kentzeko beharrezko lanak egiteko.

3

Eraikinetako obrak

Jabetza Horizontalaren legea aldatu dute. Aurrerantzean, administrazioek diru laguntzak eman beharko dituzte etxebizitzen eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko obrak egiteko. Etxejabeek ordaindu beharreko obraren zatia apalagoa izango da: %70 (lehen %75ekoa zen).

4

Arreta goiztiarra, eskubide

Eskubide subjektiboa bihurtu dute. Autonomia erkidegoek arreta eskaini beharko diete haien garapenean nahasmenduren bat duten edo nahasmenduren bat garatzeko arriskua duten 6 urte arteko haur guztiei. «Hau da, familia batek egoera horretan dagoen haurren bat izanez gero, bere administrazioari exijitu ahalko dio haurrari tratamendua emateko», azaldu du Eskubide Sozialen Ministerioak. «Tratamendua ematea ez da egongo aurrekontuaren edo leku kopuruaren mende».

5

Aseguru etxeak

Legeak debekatu egin du desgaitasunen bat dutenei etxeko asegurua edo osasun asegurua garestitzea.

6

Laguntza prozedura judizialetan

Prozedura judizialetan laguntzaile bat eduki ahalko dute, desgaitasunen bat dutenen «babesgabetasuna» saihesteko. Bitartekariak izango dira desgaitasuna dutenen eta prozesu judizialetako ordezkarien artean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA