Mendia: «Ezker abertzaleari berari dagokio legeztatzeko urratsa egitea»

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi egin du «pilota» ezker abertzalearen «teilatuan» dagoela

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak datozen hauteskundeetan parte hartzeko dituen aukerak ezker abertzaleak berak egin behar dituen urratsen baitakoak direla adierazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak. Gernikako Hitzarmena izenpetu zuten alderdi, sindikatu eta talde eragileetako Bilboko hainbat ordezkarik udal horretan aurkeztu duten mozioari erantzunez egin zituen adierazpenok Mendiak, baina ezker abertzaleari soilik zuzendu zitzaion bere erantzunean.

«Ezker abertzaleak badaki zein urrats eegin behar dituen. Berari dagokio legeztatzeko urratsa egitea», esan zuen, eta berretsi zuen zer den egin beharreko urrats hori: «Edo ETA eta indarkeria berariaz gaitzesten ditu edo ETA konbentzitzen du hark indarkeria betiko utz dezan. Pilota haien teilatuan dago, eta haien esku dago erabakia».

Nafarroaz, isilik

Jaurlaritzako bozeramaileak ez zuen mintzatu nahi izan Nafarroan ezker abertzaleak EAri eta Aralarri bloke bat osatzeko egindako eskaintzaz; hori Nafarroan jorratu behar dela esan zuen.

Txarli Prieto alderdikideak Felipe Gonzalezen adierazpenak gaitzetsi izanari buruz ere ez zuen hitz egin nahi izan, eta aurretik esandakoa esan zuen, alegia, Gonzalezen hitzak desegokiak izan zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.