Asteburuan Aragoiko (Espainia) Pirinioetan beste hiru euskal mendizale hil dira. Horrelako albisteak maiz jasotzen baditugu ere, zaila da tragediara ohitzea.
Hil diren hiru mendizaleen senide eta lagunen mina hain bero egonda, delikatua da, baina burua hotz izatea eta gertatutakoaren inguruko gogoeta batzuk egitea baliagarria izan daiteke, etorkizunerako zerbait ikaste aldera.
Mendiko eskiarekiko zaletasuna nabarmen handitu da azken urteotan Euskal Herrian. Ikusi besterik ez dago Pirinioetan izan ohi den edota azken asteburu honetan elurtutako hainbat mendi parajetan izan den mendizale emana. Oro har, ongi prestatutako mendizalea da eskiekin gora eta behera abiatzen dena. Baina Aragoin gertatutakoak agerian uzten du azken urteotan zabaltzen ari diren joera batzuek arrisku dezente dakartela.
Pirinioetan mendiko eskiaren aroa -elurraren kopuruaren eta baldintzen araberakoa bada ere- udaberriarekin batera hasi ohi zen orain dela urte gutxira arte. Martxotik aurrera izaten da kirol hori Pirinioetan praktikatzeko garairik egokiena, elurra egonkortzen denean. Zeresanik ez mendizaleak bi mila metrotik gorako tontorretara igotzeko xedea baldin badu.
Azken urteotan, ordea, gero eta goizago hasi ohi dute mendizaleek Pirinioetako mendiko eski denboraldia. Horren adibidea da asteburu honetan Collarada mendian gertatutakoa. Mendiko eskia egiteko mendi klasikoa da Collarada, oso ezaguna mendizaleen artean. Alabaina, ia 3.000 metro ditu, eta asteburu honetan bertan elur berri asko pilatu zen. Elur jausien arriskua 4 eta 5 artekoa zen larunbatean (1etik 5erako eskala batean), istripua jazo zen unean. Ekaitza zegoen, eta tenperatura zero azpiko 14 gradukoa zen. Gorpuak bilatzen ari zirela, beste bi elur jausiri egin zieten izkin sorosleek, eta horrek erakusten du zer-nolako arriskua egon den mendi horretan asteburuan.
Baldintza horietan oso-oso arriskutsua da paraje horietan barneratzea. Mila gorabehera hartu beharko lirateke kontuan hiru mendizaleek hartu zuten arriskua baloratu ahal izateko.Eta, azken finean, beti norberaren erabakia da mendira joatea edo ez joatea. Baina arrisku batzuk saihets litezke goi mendietan. Eta saihets litezkeenak saihestea komeni da, bestela ere saihets ezin litezkeenak bakarrik aintzat hartuta arriskua izaten baita Pirinioetan.
MENDIA. ISTRIPUA PIRINIOETAN. Tragedia Pirinioetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu