Politika

Mendiak ohartarazi du Espainiak ez duela onartuko erabakitzeko eskubidea

Gipuzkoa, Araba eta Bizkairako estatutu berriak erabakitzeko eskubidea jasotzen badu, Espainiako Kongresuak atzera botako du, PSE-EEko buruaren esanetan.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko otsailaren 5a
14:40
Entzun

"Bide hori Katalunian ezagutu genuen, eta badakigu non amaitzen den", adierazi du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Haren iritziz, Eusko Legebiltzarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako erabakitzeko eskubidea jasotzen duen autonomia estatutua onartzen badu, ez du etorkizunik izango. Izan ere, Mendiaren arabera, "erabakitzeko eskubidea ez dago konstituzioan", eta "konstituzioa ezin da autonomia estatutu batekin aldatu". Espainiako Kogresuak gisa horretako proposamen bat atzera botako lukeela ohartarazi du.

Hala, Mendiak baztertu egin du EH Bilduren proposamena, erabakitzeko eskubidea ardatz duena. Haren hitzetan, "gutxirako balio du" Eusko Legebiltzarrean adostu baina Madrilen Kongresuak bertan behera utziko lukeen akordio bat lortzeak. PSE-EEko buruak aurreratu du bere alderdiak ez duela babestuko halako akordiorik. "Euskal sozialistak mahai eta eztabaida guztietan eseriko gara, gure ideiak defendatzeko, eta, batez ere, herritarrentzako erabilgarri izaten ahalegintzeko; hau da, etxebizitza eskubidea, DSBE, gizarte zerbitzuak eta kalitatezko hezkuntza defendatzen jarraitzeko". 

Mendiak gaineratu du PSE-EEk ez dituela herritarrak erabiliko Espainiako Gobenuarekin gatazka bilatzeko. "Guk Espainiarekin elkarbizitzen jarraitu nahi dugu, EBko parte izaten jarraitu nahi dugu eta, batez ere, herritarrentzako erabilgarri izaten segitu nahi dugu".

"Liskar politikoa"

EAJk eta EH Bilduk EAE "liskar politiko batean" murgilduko dutela ohartarazi du Borja Senper PPko legebiltzarkideak. Haren esanetan, bi alderdi horiek "autodeterminazio eskubideaaren eztabaida" sustatuko dute. "Txarra da Euskadirentzat, txarra euskal politikarentzat, ekonomiarentzat, eta hortik ezin da ezer eraikitzailerik atera".

Senperren esanetan, "arrazoizkoa" da Gernikako Estatutua erreformatzea, baina "arazoa" deritzo legebiltzarreko lantaldeak helburu duen estatus politiko berri bat adosten saiatzeari. Senperrek aitortu du Gernikako Estatutua bete gabe dagoela oraindik, eta adierazi du "bi gobernuei" dagokiela norabide horretan urratsak egitea. Horretarako borondatea badagoela nabarmendu du. "Hori da bidea: negoziazioa, adostasuna, elkar ulertzea bilatzea". Aldiz, erabakitzeko eskubideak legedia urratzea dakarrela ohartarazi du, eta "Euskadin elkarbizitza zailtzea".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.