Mendiarentzat, koalizio gobernua ez da aukera bakarra

Astelehenean EAJrekin bildu aurretik, PSE-EEren idazkari nagusiak adierazi du «inportanteena gobernu sendo bat» eratzea dela.

Mendia, Erkorekaren eta Urkulluren paretik pasatzen, iazko ekainean, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 17a
12:31
Entzun

Joan den igandean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenetik, EAJren eta PSE-EEren buruzagiek ez dute ezkutatu berriro ere aurreko legegintzaldian bi alderdiek egindako koalizio gobernua eratzea dela mahai gainean pisu handien duen alternatiba. Baina Idoia Mendiak gaur Radio Euskadin adierazi duenez, koalizioa ez da elkarlanean aritzeko formula bakarra. Beste aukera bat da, PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, «egonkortasun parlamentarioa» edukitzeko akordio bat sinatzea. EAJko eta PSE-EEko buruzagiak astelehenean dira biltzekoak eta gobernagarritasunaz hitz egitekoak.

Mendiaren arabera, PSE-EEk ez du «aurreiritzirik» ez aukera batekin, ez bestearekin.«Sozialistok bi formulak adostu izan ditugu lehenago ere, eta biek funtzionatu dute ondo. Aurrena, ikuspegi bat eta lehentasun batzuk partekatu behar dituzte bi aldeek, eta formula gero etorriko da». Iruditzen zaio gaur egungo testuinguruan «gobernu sendo bat» osatzea dela «inportanteena». Asteleheneko bilerara «borondate irekiarekin» joango dira PSE-EEkoak.

Josu Erkoreka (EAJ) Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak lehengo asteartean adierazi zuenez, bi alderdietako sailburuek adostua dute berriro ere koalizio gobernua eratzea. Mendiak, baina, gogorarazi dio Erkorekari ezin duela «alderdien izenean» hitz egin, eta erabaki horiek hartzea «soilik» alderdiei dagokiela. «Gobernu kontseiluko sailburuek beren iritzia eduki dezakete, baina egoera honetan ez da kontuan hartzen».

Legebiltzarrean egongo diren alderdi guztiei mintzatu zaie PSE-EEren idazkari nagusia, eta esan die egungo egoera ekonomikoa eta soziala aintzat hartuta denei dagokiela «ahalegin bateratu bat» egitea, «gutxieneko adostasun batzuk» lortze aldera. Mendiaren hitzetan, adostasun horiek hiru zutarri eduki beharko lituzkete: herritarren osasuna bermatzea, zerbitzu publikoak «modernizatzea» eta enplegu gabeziari aurre egiteko «ekonomia berraktibatzea».

Ezkerreko hirukoari ezetz

Kanpainan zera esan zuen: atea ixten dio PSE-EEk, EH Bilduk eta EP Elkarrekin Podemosek «ezkerreko» hiruko gobernu bat osatzeari. EPkoak mezu hori plazaratzen ari dira, baina koalizio independentistak ere oso zail ikusten du. Mendiak gaur EH Bilduri mintzatuz esan duenez, alderdi batzuek, oraindik, «etxeko lanak egiteke dituzte». PSE-EEren idazkari nagusiarentzat, gobernu batek «gutxieneko oinarri etiko batzuk» eduki behar ditu. «Honek honela jarraitzen duen bitartean, zaila da ezkerreko koalizio bat osatzea».

Dena den, Espainiako Estatutik kanpoko euskal herritarren botoak zenbatu ditu gaur hauteskunde batzordeak, eta Bizkaiko azken ordezkaria PP+Ciudadanos koalizioak irabazi du. Beraz, azkenean sei legebiltzarkide edukiko ditu. Horrek esan nahi du EH Bilduk eserleku bat galdu duela, eta hirukoak, elkarrekin gobernatzea adostuz gero, ez lukeela gehiengo osoa edukiko ganberan. 38 jarleku behar dira horretarako, eta 37 dituzte: 21 EH Bilduk, hamar PSE-EEk, eta sei EPk.

Eta Gernikako Estatutuaren erreforma ere izan du hizpide Mendiak elkarrizketan. Esan du «egiteko» geratu zela aurreko legegintzaldian, eta, gobernuan egonez gero, PSE-EEren «konpromisoa» izango dela herritarrak «liskartuko» dituen  edo «legez kanpokoa» izango den erabakirik ez hartzea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.