Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena

EAJk arin eratu nahi du gobernua, «herriak ezin duelako itxaron»

Ortuzarrek eta Erkorekak adierazi dute jeltzaleentzat eta PSE-EErentzat ituna berrestea dela «lehen aukera». «Arrakastatsutzat» jo dute azkeneko legegintzaldiko kudeaketa

Andoni Ortuzar EBBren presidentea, alboan Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria duela, kanpainako ekitaldi batean, uztailaren 10ean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak «harreman joria» du Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiarekin. «Hitz egin dugu jada», esan zuen EAJko buruzagiak, atzo, Radio Euskadin egin zioten elkarrizketa batean. Bi alderdiek agertu dute EAEko datorren legegintzaldian gobernu ituna berriz baliatzeko asmoa, baina Ortuzarrek nabarmendu zuen oraindik ez dituztela hasi horretarako negoziazio formalak. «Hauteskundeetako emaitzak behin betikoak direnean ekingo diogu», adierazi du. Hau da, ostiraletik aurrera. Eta Ortuzarrek helburu bat dauka: irail hasierarako Eusko Jaurlaritza osatuta egotea. «Herrialdeak ezin du itxaron. Neurri ekonomiko eta sozial zehatzak hartu behar dira».

EBBko buruaren hitzak berretsi ditu Josu Erkoreka alderdikideak, jarduneko Jaurlaritzaren bozeramaileak. EAJ-PSE-EE ituna bi aldeen «lehendabiziko aukera» dela azpimarratu zuen atzo, gobernu kontseiluaren ondorengo prentsa agerraldian. Beraz, bozen aurretik nahiko argi zegoena gero eta argiago geratzen ari da, egunek aurrera egin ahala. Erkorekari «arrakastatsua» iruditzen zaio azken legegintzaldian bi alderdiek egindako kudeaketa.

EAJk gobernu «indartsu bat» osatu nahi du, Ortuzarren esanetan, eta PSE-EEk ere «ikuspegi bera» duelakoan dago. Negoziazioa ez da sail banaketan zentratuko, jeltzaleen buruzagiaren hitzetan. «Egoera politikoa antzekoa da, baina gainontzekoa ez». Pentsatzen du irailetik aurrera «pandemiaren errealitatera» egokitutako «zerbitzu publiko zuzen batzuk» bermatu beharko direla. «Eragile berak gara, baina gauza diferenteak egin behar ditugu».

Gobernu programa horren arabera erabakiko dute, Ortuzarrek dioenez, «nork egin dezakeen hobeto sail bakoitzean, baita nor sentitzen den erosoago erantzukizun horietan». Bi indar politikoek akordio bat lortuko dutelakoan dago. EAJk gora egin du azken hauteskundeetan, eta 31 eserleku atera ditu; 2016koetan baino hiru gehiago, nahiz eta ia 50.000 boto gutxiago lortu. PSE-EEk ere gora egin du boto portzentajean, baina jarleku bakar bat irabazi du; hamar izango ditu, gehiago lortzea aurreikusten zuen arren.

Datorren legegintzaldian, EAJk «aurrerapauso bat» eman nahi du, «autogobernuaren kalitateari eta kopuruari» dagokienez. «Horrek bateragarria izan behar du indarrean dagoen legezkotasun printzipioarekin». Proposatu du azken legegintzaldian autogobernu lantaldeko adituek egindako txostena «abiapuntutzat» hartuta aurrera egitea, «modu adostuan», Gernikako Estatutuaren «erreforman».

Azken lau urteotako «gobernu ardatzetik» haragoko «oposizio alternatibak» egongo direla espero du. EH Bildu izan da hauteskundeetan gorantz gehien egin duen indarra: 2016ko bozetan hemezortzi legebiltzarkide lortu zituen, eta herenegungoetan,22. Bigarren indarra da EAEn. Ortuzarrek baztertu egin du koalizio independentistarekin akordio bat lortzea: «Oposizioan alternatiba arrazoizko bat baldin badago, guk EH Bildurekin hitz egingo dugu».

Garridoren autokritika

Pilar Garrido EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiarentzat, «Euskadirentzako aukera onena da» EP Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk eta PSE-EEk gobernua osatzea. «Zenbakiek ematen dute», adierazi zuen, atzo, hauteskundeetako emaitzak baloratzeko egindako agerraldian. EP koalizioak danbatekoa hartu du bozetan: 2016koetan, 11 eserleku lortu zituen, eta, oraingoan, sei. Duela lau urte, 157.334 boto lortu zituen, eta, 2020koetan 71.759.

Emaitzak gorabehera, hiru indarren artean gobernua osatzeko asmoa «berretsi» du Garridok. Haren esanetan, «lehen pausoa» eman dute, EH Bildurekin eta PSE-EErekin harremanetan jarri baitira jada. Azaldu diete «modu serio eta zintzo batean lan egiteko prest» daudela.

Autokritika egin du Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak: «Ahal Dugu-k antolakuntza azpiegitura ahula du. Agian presaka ibili gara, eta ez dugu arretarik jarri azpiegitura osatzeko orduan». Garridoren iritziz, horrek kalte egin die azken bozetan. Nolanahi ere, «ikuspuntu politikotik» indar «fidagarria» direlakoan dago. «Hori ikusi ahal izan da egon garen instituzioetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.