LGTBIfobiaren aurkako eguna (eta IV)

Mendilerroaren beste aldera jauzi egiteko beharra

Herri txikietan bizi diren LGTBI komunitateko hainbat kidek alde egin behar izaten dute jaioterritik. Besteak beste erreferente faltak eta kolektiboko kideen sarerik ez izateak bultzatzen ditu sorterria uztera.

Iruñeko hainbat LGTBI kolektibok egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko hainbat LGTBI kolektibok egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Hasier Larretxea 239 biztanle dituen Arraioz herrian jaio eta hazi zen, Baztanen (Nafarroa); haren ingurua beti egon da gizontasunetik eta heteroarautik gertu. Historikoki, aizkolari familia bat dira larretxeatarrak, «Euskal Herriko gizontasun heteroa» irudikatzen duen horretarikoa, Larretxearen aburuz. Baina idazlea ezberdina zen. Gizontasun horrekin deseroso sentitu izan da txikitatik, eta Arraiozen zuen bizitzatik alde egiteko beharra sentitu zuen, bere izaera garatu ahal izateko: «Mendilerro horretatik harago bizitza zegoen irudipena nuen nik».

Sexilioa: LGTBI komunitateko kideek beren bizilekua utzi behar izatea, sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik jasaten duten diskriminazio, arbuio edota indarkeria direla-eta. Sexilioaren arrazoi nagusiak horiek diren arren, badaude bestelako kasuak. Are gehiago, indarkeriarik edo arbuiorik jasan ez duten pertsona batzuek ere sexiliora jotzen dute. Funtsean, «hartuko dituen komunitaterik ez dagoelako, mundu ikuskera partekaturik ez dagoelako» egiten dute alde askok, Hiruki Larroxako kide Egoitz Arbiol Albenizen aburuz.

Arrazoiak arrazoi, Euskal Herrian sexilioa egon badagoela argi du Arbiolek: «Dinamika orokor bat dago: LGTBIQ+ kolektiboko jendea herrietatik hirietara joan ohi da». Hiruki Larroxak LGBT diagnostikoak eskaintzen ditu herrietan zein eskualdetan. Diagnostiko horietan, herrietako LGTBI komunitatearen egoera aztertzen dute; zenbait egin dituzte jada, Elorrion (Bizkaia) eta Legorretan (Gipuzkoa), besteak beste. Bada, azken urteetan egindako lanketetan eta ikerketetan oinarrituta, Arbiolek iritzi dio «arau heterotik at dagoen guztia kanporatzen duen dinamika bat» dagoela herri askotan. Izan ere, babestua sentituta ere, herri txikietan zaila izan daiteke norberaren «mundu ikuskera bera duen sare bat eratzea», eta hori behar-beharrezkoa da identitatea garatzeko.

Larretxeari dagokionez, Iruñean ezagutu zuen lehenbizikoz haren antzeko mundu ikuskera zuen jendea. Gogoan du amak dirua ematen ziola eta hiriburura doan autobusa hartzen zuela, mendilerroa igaro eta hirian ordu batzuk igarotzeko. Nerabezaroan, Iruñeko Alde Zaharreko disko dendetan eta liburu dendetan murgildu zen Larretxea. Musika horretan eta «bereziki» irakurketan aurkitu zuen babesa. Halako batean, baina, Kattalingunera jotzea erabaki zuen, Nafarroako Gobernuak LGTBI kolektiboko pertsonei arreta integrala emateko daukan zerbitzura, alegia: «Lotsati sartu nintzen. Niretzako dena zen berria, eta kontraesanak nituen barnean».

Erreferenterik eza

Kattalingunen eta EHGAMen izandako babesari esker «mundu berri bat ezagutzen» hasi zela nabarmendu du Larretxeak. Izan ere, Baztan inguruan LGTBI kolektiboko erreferenteen falta sumatzen zuela azpimarratu du. Eta egun «gauzak pixkanaka aldatzen doazela» uste duen arren, «hirietan erreferente gehiago» daudela iruditzen zaio: «Kolektiboaren baitako pertsonak ezagutu ahal zenituen Baztanen, baina askoz gutxiago ziren. Beste era batekoa zen hartu-emana; ez zen guztiz askea».

Larretxeak legez, ehunka lagunek beren sorterria atzean utzi izan dute, pentsatuz herri horretako lehen gay, lesbiana edo transa zirela; eta, horregatik, bakardade eta deserosotasun handia sentitzen dute. «Historian aurrenekoak» direlako pentsamendu hori hautsi behar dela uste dute Hiruki Larroxako kideek. Elkarteak hainbat ikerketa egin ditu herrien memoria historikoaren inguruan; ondorioztatu dute gorputz disidenteek beti izan dutela presentzia. «Ikusezintasuna izan da nagusi. Gure gertakariek ez zuten lekurik memoria kolektiboan», azaldu du Arbiolek. Horrelako jokabideek «bizitzen mailaketa bat» dakartela iritzi dio Hiruki Larroxako kideak, «segituan desagertzen baitira haien bizipenak».

«Ikusezintasuna izan da nagusi [herrietan]. Gure gertakariek ez zuten lekurik memoria kolektiboan» 

EGOITZ ARBIOL ALBENIZHiruki Larroxa

Idazleari «arrotza» zitzaion bere ingurua, LGTBI komunitateko erreferenterik gabea, baina mundu horrekin bat egin behar zuela uste zuen. Hala, zenbat eta gehiagotan joan Iruñera, orduan eta handiagoa zen barreneko talka: «Kontraesanez beterik nengoen. Ni katolikoa nintzen, akolitoa!». Larretxearen esanetan, bere inguruan normaltzat jotzen zenaren aurka egiteak «gaizki sentiarazten» zuen batzuetan, baina, barreneko kontraesanak gorabehera, argi zeukan ez zela ezer txarrik egiten ari: «Beti izan nuen oso argi gay izateagatik ez niola inori deus txarrik egiten». Eta ezer txarrik egin gabe onarpen bila ibili dela dio.

Iritzien garrantzia

«Onarpenaren bilaketa itsua izan da gure oinarrietako bat», dio Larretxeak Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da liburu autobiografikoan. Hiruki Larroxako Garazi Beramendi Alvaradok, ordea, uste du onarpena baino «identitatearen garapena» izan dutela helburu. Eta urrats bat harago egin du Arbiolek. Haren aburuz, epaia nondik datorren da garrantzitsuena, eta ez epaitua izatea ala ez: «Axola ez dizun norbaitek epaitzen bazaitu, aldea handia da».

Larretxeak onarpena sumatu izan du; kritikak ere jaso izan ditu, baina garrantzirik gabekoak. Hala eta guztiz ere, sexiliora jo zuen. Aurrena Iruñean, gero Bilbon, eta, orain, Madrilen. Haren aburuz, komunitateko kide askok distantzia izaten dute ardatz beren baitan arakatzeko: «Nire kasuan, adibidez, haustura beharrezkoa izan zen. Madrilek zerotik hasteko aukera eman zidan». Ohikoa den arren hausteko ahaleginak egitea, guztiz haustea «ezinezkoa» dela iritzi dio Beramendik: «Ezinezkoa da haustura guztizkoa izatea, pertsona bera baitzara. Baina lagungarria izan daiteke dinamika batzuk amaiarazteko».

Hiriak ez dira paradisua

LGTBI komunitateko kide askok Larretxeak hartutako bidearekin bat egin eta hirietara egiten dute jauzi, beren bizitokiak atzean utzita. Herri txikien aldean, hiriek zenbait abantaila dituzte komunitateko kideentzat, baina ez dira paradisua. Hirietan ere izaten dira eraso LGTBIfoboak, eta, LGTBI komunitatearen mundu ikuskera bera duten lagun gehiago dagoen arren, ikuskera hori arbuiatzen dutenen kopurua ere handiagoa da.

Hiruki Larroxako kide Arbiolek azaldu duenez, herrietatik hirietara ihes egiten duten askok «aitortza» bila ekiten diote migrazio horri. Haren arabera, hirietan onarpen handiagoa dago nortasun horiek adierazteari dagokionez, baina herrietan baino nabarmen zailagoa da elkartasun sareak sortzea: «Hirietan zure sexualitatea eta identitatea oso aitortuak egon daitezke, baina, sarearen egonkortasunari eta eguneroko zaintzei erreparatuz gero, hirietan ez da hain erraza haiek lortzea. Komunitateko kide asko oso bakarrik sentitzen dira».

«Ustez askeagoak diren inguru horietan aurkitu ditut arrakala handienak»

HASIER LARRETXEALGTBI komunitateko kidea

Hiriek askatasun sentimendua sortu dezakete herri txikietatik hara joatea erabaki dutenengan; hala ere, Larretxeak dio «kritikotasunez» hitz egin behar dela sentipen horren inguruan. Izan ere, hirietako LGTBI komunitateko inguruetan ere deseroso sentitzen dira zenbait lagun. Larretxea bera, esaterako, «deserosoago» sentitu izan da LGTBI taberna batean «Elizondoko rock kontzertu batean baino». Izan ere, lodifobia antzeman izan du komunitateko kide batzuen artean, baita «barneratutako LGTBIfobia» eta lumarekiko fobia ere, eta deseroso sentiarazi du horrek. «Ustez askeagoak diren inguru horietan aurkitu ditut arrakala handienak».

Herrietan saretu

Eta hiriak paradisua ez diren gisan, herriak ez dira infernuak ere. Landa eremuetako LGTBI taldeek aldarrikatzen dute ideia hori, eta azpimarratzen dute LGTBI komunitateko kide izanda aukera dutela nork bere nortasuna adierazteko. Ildo beretik jo du Hiruki Larroxako kide Beramendik. Herri txiki askotan «norberaren identitatea mahai gainean» jartzeko aukera dagoela uste du hark.

Iritzi berekoa da Arbiol ere. Haren ustez, «mundu ikuskera» partekatzea da gakoa: «Jendeak bere mundu ikuskera bera duten lagunen talde bat topatuz gero, ez da herritik joaten. Eta joaten bada, behintzat ez da sexilioa, beste arrazoi batzuengatik izaten da». Are gehiago, Beramendiren aburuz, mundu ikuskera komun duten herritarrak egonez gero, aukera handiagoak daude sarea «sortu eta finkatzeko». Izan ere, hirietan «zaila» izan daiteke sarea sendotzea.

«Ezinezkoa da haustura guztizkoa izatea, pertsona bera baitzara. Baina lagungarria izan daiteke dinamika batzuk amaiarazteko» 

GARAZI BERAMENDI ALVARADOHiruki Larroxa

Identitatea garatzeko leku seguru bat bilatzea, askotan horixe izaten da sexilioaren helburua. Bada, leku hori sorterria izan daitekeela azpimarratu du Beramendik: «Nortasuna garatzeko beharrezkoa da leku bat izatea; baina segurutzat daukagun leku bat izan daiteke hori, besterik gabe».

Larretxea «bakardadeagatik eta erreferenterik ezagatik» joan zen Arraiozetik. Jaioterritik joatea erabaki bazuen ere, «sekulako harrotasuna» sentitzen du Baztanera itzultzen denean: «Miresmen osoa diet landa eremuan geratzea erabaki dutenei. Arraiozen, adibidez, bi mutilez osatutako bikote bat dago, eta guztiz barneraturik daude herrian eta komunitatean». Hala ere, ez du damurik hartutako erabakiengatik, sexilioa bakoitzaren testuinguruaren eta bizipenen arabera hartutako erabakia baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.