Gasteizko LGTBI behatokiak zuzeneko eraso gehiago erregistratu ditu, intzidentziek behera egin arren

Ikusgunek 24 gertakari erregistratu ditu. Eremu publikoan helarazitako gorroto mezuak dira gehienak. Gasteiztar «gehienen» kontzientziazio «handia» goraipatu dute eragileek.

Ana Lopez Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotzia eta Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzailea, gaurko agerrialdian. RAUL BOGAJO / FOKU
Ana Lopez Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotzia eta Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzailea, gaurko agerrialdian. RAUL BOGAJO / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko maiatzaren 15a
14:35
Entzun 00:00:0000:00:00

2024. urteko uztailaren lehena da, eta gizarte langile batek «marikoi zikina» iseka jasan behar izan du erabiltzaile baten partetik; gutxi ez, eta listua bota eta eraso egin dio. Zoritxarrez, ez da kasu bakarra, handik egun batzuetara beste lagun batek salatu baitu ezagun bat oldartu egin zaiola. Kasu honetan ere, «maritxu», «transformer», «putakumea» eta halako irainak izan dira tartean, eta heriotza mehatxuak ere egin dizkiola gaineratu du biktimak. Segidan, hirugarren lagun batek salatu du eraso homofobo bat. Aurpegian jo zuten, «joan zaitez zure herrialdera, maritxu beltz alaena» oihuen artean. Ikusguneren urteroko txostenean jasotako pasarte batzuk besterik ez dira. Gehiago ere badaude. Gasteizen, denera, 24 eraso LGTBIfobo dokumentatu dituzte 2024. urtean.

Gaur aurkeztu dituzte emaitzak, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, Gasteizko udaletxean egindako agerraldi batean. Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzaileak aletu ditu datuak.

2023. urtearekin alderatuta, intzidentziek behera egin dute. Halere, ekintza motari erreparatuta, zuzeneko erasoek gora egin dute, eta azken txostenean bost erregistratu dituzte. «Beti esan dugu gorroto diskurtsoen ondoren datozela eraso fisikoak. Eta ikusten badugu azken urteetan nola egin duten gora gorroto mezuek, kezkatu beharra dago», ohartarazi du Martinez de Hereditak. «Areagotuz goaz: hasieran irainak eta mehatxuak dira. Gero, gorroto mezuak, indarkeriara iristeraino. Eta denok dakigu zer datorren atzetik».

Irainak eta gorroto mezuak dira gertakaririk ohikoenak. Erregistratutako intzidentzien bi heren dira. Homofobiari eta transfobiari lotutako gertakariak dira, bereziki, baina lesbianen eta ez-binarioen aurkako erasoak ere jaso dituzte aurten.

«Beti esan dugu gorroto diskurtsoen ondoren datozela eraso fisikoak. Eta ikusten badugu azken urteetan nola egin duten gora gorroto mezuek, kezkatu beharra dago» 

AMETS MARTINEZ DE HEREDITAIkusguneko koordinatzailea

Eraso gehienak espazio publikoan gertatu dira. Sare sozialetan izandako kasuek gora egin dute, eta zerrendako bigarren tokian kokatu dira. Gaueko aisialdia ere ez da toki segurua disidenteentzat —lau gertakari—, eta hezkuntza zentroetan bi kasu salatu dira. «Beharrezkoa da berdintasunaren arloko politika publikoen aldeko apustua egiten jarraitzea, eta ahalduntze kolektiboa ahalbidetzea, aniztasunerako espazioak irabaztea eta guztion bizitzak erdigunean jartzen dituzten sareak eta espazioak ehuntzea. Bizitza eta espazio bizigarriagoak eta indarkeriarik gabekoak eraiki behar ditugu».

Erasotzailearen profilean maiz bat egiten duten patroi batzuk identifikatu dituzte. Sare sozialen bidez egindako erasoetan bereziki, jabetu dira erasotzaileek eskuin muturreko tesiak eta sinbologia ere zabaltzen dituztela aldi berean. Adinari dagokionez, «askotarikoak» direla kontatu du. «LGTBIfobia helduen kontua dela uste dugu, baina ez da hala. Uste okerra da zenbat eta gazteagoak orduan eta toleranteagoak direla».

Ana Lopez Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak bertatik bertara entzun ditu Martinez de Hereditak esandakoak. Herriko eragileekin lanean ari direla gogoratu du, eta gaitzetsi egin du sexu askatasunari eta generoari lotutako edozein gorroto eta indarkeria ekintza. «LGTBI pertsonei, LGTBIfobia jasaten duten pertsonei eta diskriminazio egoeraren bat edo erasoren bat ikusten duten pertsonei dei egin nahi diet. Salatu ezazue. Funtsezkoa da LGTBIfobiaren neurria ondo ezagutzea, indarkeriari aurre egiteko eta kaltetutako pertsonei dagokien ordaina eman ahal izateko proposamenak garatu ahal izateko».

Martinez de Hereditak uste du Gasteizko hiria «atsegina» dela LGTBI kolektiboarentzat. «Gasteiztar gehienek kontzientzia handia dute». Sindikatuetatik eta eskoletatik dei «asko» jasotzen dituztela esan du, aholku eta laguntza eske, eta goraipatu du erregistratutako eraso askotan herritarrek aurre egin dietela homofoboei. Militantziarako aldarria egin du, bide batez. «Erronka handia da gurea, eta laguntza guztia ongi etorria izango da. Eskuak falta dira beti».

Ikuspegi globala

Ikusgunek 2024. urteari ikuspegi orokorrarekin ere begiratu dio. Hala, hiru mugarri nabarmendu dituzte. Munduan gorroto diskurtsoak gora egiten ari direla nabaritu dute, alde batetik. Bestetik, Samuel Ruiz gaztearen hilketaren epaia gogora ekarri dute: 2021. urtean hiltzeraino jipoitu zuen homofobo batek gazte galiziarra. Iaz egin zuten epaiketa, eta akusatuen defentsak absoluzioa eskatu zuen. Epaileak ez zuen halakorik onartu, eta kartzelara bidali zuen, hilketa leporatuta. Erasoaren bortizkeriaren atzean homosexualekiko gorrotoa zegoela frogatuta ikusi zuen magistratuak, «hil egingo zaitut, maritxu zikina» oihukatu baitzion. EAEko trans legearen onarpena aipatu dute azkenik: «Garrantzitsua izan da, baina hartutako konpromisoak bete egin behar dira», salatu du Martinez de Hereditak.

«Gurutzetako ospitalean ematen den arretak hobetzeko hainbat puntu ditu», jarri du adibide gisa. «Lehen harremana psikiatra batekin egiten da. Nola da posible, arauak badio trans izaera ez dela patologia bat?». Unitatearen antolaketan trans kolektiboek pisu handiagoa izan behar dutela defendatu du. «Bestela, unitateak ez dio zerbitzurik emango behar handiena dutenei».    

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.