Mendizale bat hil da Europako Mendietan, elur-jausi batean

Mendizale ordiziarra Asturiasen hil zen, Torre Santa de Enol mendiaren inguruan izandako istripuan

inaki petxarroman
Donostia
2010eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
37 urteko mendizale bat hil zen herenegun Europako Mendietan (Asturias, Espainia), elur-jausi batek harrapatuta. Iñigo Ajuria ordiziarra da hildakoa, Goierriko Hitza-k haren senideen iturrietatik baieztatu ahal izan duenez. Durangon (Bizkaia) bizi zenAjuria ezkondu zenez geroztik, emaztearekin eta alabarekin batera.

Igandean Lagos de Enol ingurutik irten zen Torre Santa de Enol mendira (2.478 metro). Mendira igotzen ari zela, elur-jausi batek harrapatu, eta 150 eta 300 metro arteko erorikoa izan zuen gizonezkoak, erreskateko iturriek jakinarazi zutenez. Iluntzean, haren berririk ez zutenez, senideek larrialdietara deitu zuten ez zela etxeratu ohartaraziz.

Senideek larrialdi zerbitzuei azaldu zietenez, furgonetan lo egin eta goizean goiz abiatzekoa zen Ajuria mendi aldera. Hala, 20:00etarako Durangon egongo zela esan zien aldez aurretik.

Abisua jasota, erreskatea abiatu zuen Guardia Zibilak. Mendizalearen furgoneta Lagos de Enolgo Pandecarmengo aparkalekuan aurkitu zuten, 23:47 aldera, baina gizonaren arrastorik gabe.

Goizaldean suhiltzaileak abiatu ziren mendian gora, txakurren laguntzarekin. Vegarredondako aterpeko arduradunarekin hitz egin zuten, eta hark baieztatu zien pertsona bat ikusi zuela Torre Santa aldera igotzen.

Argitzearekin batera, suhiltzaileek helikoptero bat eskatu zuten, elur ugari zegoelako inguruetan. Sorosleek 09:21ean aurkitu zuten mendizale gipuzkoarraren gorpua, elur-jausi batek harrapatuta. Peña Rubiako pitzaduran aurkitu zuten gorpua, Peña Santa mendiaren ohiko bidean.

Erreskatean parte hartu zuen suhiltzaileetako batek, Jose Luis Torresek, jakinarazi zuenez, airetik gizonaren arroparen bat izan zitekeen gorri koloreko zerbait antzeman zuten, eta hurbildu zirenean konturatu ziren gorpua zegoela bertan.

Guardia Zibilari bilatzearen berri eman ostean, Cangas de Onisera eraman zuten, eta handik Arriondasko ospitalera, autopsia egiteko.

Hasieran nahastea gertatu zen mendizalearen jatorriari buruz. Izan ere, hainbat iturrik Kantabriakoa zela adierazi zuten, eta beste batzuek, Barakaldokoa (Bizkaia). Arratsaldean Goierriko Hitza-k lortu zuen Ajuriaren senideekin hitz egitea, eta haiek baieztatu zuten ordiziarra zela hildako mendizalea.

Hileta elizkizuna gaur arratsaldean egingo dute, 19:00etan, Ordiziako Andre Mari elizan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.