Mendia

Mendizale italiar bat erreskatatu dute Iñurrategik, Zabalzak eta Vallejok Gasherbrum IIn

Valerio Annovazzi hirugarren kanpalekuan zegoen, bere kasa jaitsi ezinik. Haren espediziokideek beherako bidea hartua zuten.

berria. IñURRATEGI, ZABALZA ETA VALLEJO, BESTE ESPEDIZIO BATEAN.
2017ko uztailaren 25a
11:51
Entzun

Gasherbrum mendiko espedizioa bukatutzat jo eta etxera itzultzear zirelarik, espero gabeko ezuste bat eduki dute Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleek. Izan ere, tontorretik bueltan zen espedizio italiar bateko kide bat falta zela jakin zuten beheko kanpalekuan: Valerio Annovazzi. 59 urteko gizona hirugarren kanpalekuan zen (C3), bere kasa jaitsi ezinik eta haren espediziokideek bertan utzita. Beheko kanpalekuan zirela jakin zuten euskal mendizaleek galdutako mendizalearen berri, haren espediziokideek esanda. Haiek esan zieten Annovazzi hirugarren kanpalekuan ikusi zutela azkenekoz, eta "zentzurik gabeko" gauzak esaten zituela.

Espedizioko argazkilariaren teleobjektiboarekin Annovazziren kanpin denda ikusi zuten mendizaleek, eta haren bila joatea erabaki zuten. Gizona hirugarren kanpalekuan topatu zuten. Oso ahul zen, eta izozteak zituen, lau gau 7.000 metrotik gora igaro ostean. Hala, gizona lehenbailehen jaistea erabaki zuten euskal mendizaleek, ura, janaria eta botikak eman ostean. Gau bat 6.500 metrotan pasatu ostean, kanpaleku nagusiraino jaitsi zuten. Gizona bere kasa jaitsi dela esan dute euskal mendizaleek, une oro haien sokak bermatuta. Erreskatearekin pozik agertu dira Vallejo, Zabalza eta Iñurrategi: "Hau da sinesten dugun alpinismoa. Bizitza da tontorrik garrantzitsuena", esan diote Desnivel aldizkariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.