Iruñeko Mercaderes 18ko auzokide batek salaketa bat aurkeztu du Fernando Bidaurreren kontra, bere etxeko atarian «fisikoki eta hitzez» eraso egitea leporatuta. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eman du horren berri, eta zehaztu du joan den ostegunean izan zela erasoa.
Hain justu, asteon bete da urtebete Vidaurre Group enpresak Mercaderes 18ko maizterrei etxetik alde egin behar zutela jakinarazi zienetik, eta, iragan otsailean eraikin horretan pisu turistikoak egiteko asmoa bertan behera utzi zuen arren, sindikatuak salatu du bizilagunen aurkako «presio mekanismoak» ez direla eten. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, hauek dira «presio mekanismo» horietako batzuk: eraikineko igogailua matxuratzea, behar ez ziren obrak abian jartzea eta etxejabeari dagozkion funtzioak ez betetzea.
Sindikatuak azaldu du duela bi hilabete salaketa bat aurkeztu zutela Vidaurre Group enpresaren aurka, «higiezin jazarpena» delitua egotzita. Salaketa horren bidez, «kautelazko neurri» batzuk ezartzeko eskatu zuten auzokideek, enpresak bere gain har ditzan eraikinean egin beharreko konponketak. Bada, prentsa oharrean zehaztu dutenez, Nafarroako Gobernuko Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi die gaur-gaurkoz ez dituztela kautelazko neurri horiek eskatu, argudiatuta ez dutela «argi» nork aplikatu beharko lituzkeen eta zer prozedurari jarraitu beharko lioketen.
Amaitu ez den borroka
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak urte honetan egindako «borroka» eta «antolakuntza sindikala» nabarmendu ditu, eta horren lorpentzat jo du auzokide batzuk beren etxeetan jarraitzea. Halere, ohartarazi du oraindik ere borroka eta antolakuntza horiei ekin behar dietela, Bidaurrek etxe horietako batzuk salgai jarri baditu ere oraindik pisu gehienen jabea hura delako. Hala, «jabeen inpunitateari» aurre egiten jarraitzeko eta «langile klasearen interesak» defendatzeko deia egin dute.