Iruñeko Alde Zaharreko Mercaderes kaleko 18. zenbakiko bizilagunek ez dituzte beren etxeak utzi beharko; ez, behintzat, luze gabe horiek etxe turistiko bihurtuko dituztelako. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak goizean egindako prentsaurreko baten bidez jakinarazi duenez, eraikin horren jabe den Vidaurre Group enpresak bertan behera utzi du bloke horretan etxebizitza turistikoak egiteko asmoa. Sindikatuaren arabera, hilabete hauetan sindikatuko kideek, Mercaderes 18ko auzokideek eta Alde Zaharreko bizilagunek egindako borrokari esker lortu dute enpresak atzera egitea.
Mercaderes 18ko bizilagunek joan den azaroan eman zuten beren egoeraren berri. Salatu zuten Vidaurre Group enpresak kaleratu egin nahi zituela, beren etxebizitzak pisu turistiko bihurtzeko asmoz; 11 pisu ditu eraikinak, eta alokairuan bizi dira hango bizilagunak. Presioaren eraginez, eraikinetik joan ziren haietako batzuk, baina beste batzuek geratzea erabaki zuten. Horiek, ordea, «jazarpen praktikak» jasan zituzten enpresaren aldetik; besteak beste, sindikatuko kideek azaldu dutenez, enpresak etxeko ataria obra hondakinez beteta uzten zien, eta, igogailua matxuratu zenean, uko egin zion hura konpontzeari.
Blokeko bizilagunek Vidaurre Group enpresaren jabe Fernando Bidaurreren gutun bat jaso zuten urtarril amaieran, eta, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaurko prentsaurrekoan esan duenaren arabera, hark adierazi zien bertan behera utziko zutela Mercaderes kaleko 18. zenbakian etxebizitza turistikoak egiteko plana, azken hilabeteetan jasandako presioaren ondorioz.
Hala, sindikatuak garaipentzat jo du enpresak hori erabaki izana, eta nabarmendu du «auzokideen borroka antolatuari eta auzoko eragile eta bizilagunen elkartasunari esker» izan dela posible. Horren harira, sindikatuko kideek adierazi dute Mercaderes 18ko auziak balio dezakeela antzeko egoeran dauden herritarrei ikusarazteko «antolatzea merezi» duela, eta «Bidaurrek eta gainerako espekulatzaileek» ikus dezaten ezingo direla «inpunitatez aritu».
Udalari eskaera
Vidaurre Groupek 2024ko udan eskatu zuen bloke horretan etxe turistikoak egiteko lizentzia. Hasieran ezetz esan zitzaion arren, azkenean baiezkoa jaso zuen, promotoreak jarritako helegite baten ondorioz. Halere, sindikatuak gogorarazi du Iruñeko Udalak Alde Zaharrerako lizentziak emateari uztea erabaki zuela, behin-behinean, 2024ko irailean, eta iazko urtarriletik indarrean dagoela erabaki hori.
Hala, goizean egindako prentsaurrekoan, sindikatuak Iruñeko Udalari eskatu dio bertan behera uzteko Mercaderes 18ko 11 etxebizitza turistikoetarako lizentziak, «garaipen honen emaitza behin betikoa izan dadin, eta aurrerapauso kualitatibo bat izan dadin Alde Zaharrean negozio turistikoari aurre egiteko urteetako borrokan».