'Ciudad Clickbait' liburuaren egilea

Vicent Molins: «Merezi ditugu hiri ederrak, turismoak kanporatuko gaituen beldurrik izan gabe»

Hiri baten autoestimua neurtzen bada bisitarien aurrean proiektatzen duen irudiaren arabera, hiri gisa porrot egiten ari dela esan du Vicent Molinsek. Uste du hiri baten benetako arrakasta bertakoen bizi kalitatearekin lotuta dagoela.

Vicent Molins idazlea eta geografoa, Haizearen Orrazian, Donostian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Vicent Molins idazlea eta geografoa, Haizearen Orrazian, Donostian. AITOR KARASATORRE / FOKU
kristina martin
DONOSTIA
2025eko irailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vicent Molins (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1986) kazetaria eta geografoa da. Zure hirian etxebizitza bilatzea amesgaizto bilakatu zenean izeneko hitzaldia eman zuen Donostian joan zen astean, Bizilagunak eta Manteo Bizirik herri plataformek antolatuta. Ciudad Clickbait (Clickbait hiria) liburua argitaratu berri du; bertan hiri markaren ereduari kritika zorrotza egiten dio. «Marka gisa oso ondo funtzionatzen duten hiriak porrota dira hiri gisa, ez baitute betetzen hiriek berez bete beharreko funtzioa». Funtzio hori da, Molinsen esanetan, bertako biztanleek azpiegitura egokiak eta bizi baldintza duinak izatea.

Zure hirian etxebizitza bilatzea amesgaizto bilakatu zenean hitzaldiaren izenburua oso aproposa da Donostian, eta oro har, Euskal Herrian. Zergatik bihurtu da amesgaizto?

Turismoak eragina izan du etxebizitzaren prezioaren gorakadan, baina beste faktore batzuk ere badaude. Batetik, digitalizazioak erraztu egin du bidaiatzeko aukera, eta salbuespena zena ohiko bihurtu da gure bizitzetan. 90eko hamarkadan urtean 600 milioi bidaia egiten ziren munduan. Pandemia hasi aurretik, 1.500 milioi bidaiatik gora zenbatu ziren; eta etengabe handitzen ari da datua. Bestetik, kontuan hartzekoa da etxebizitzen burbuilaren lehertzea —2007an gertatu zen—. Orduan batu ziren festara funts handiak. Ordura arte etxebizitzaren merkatua ez zen erakargarria. Baina krisialdiaren ostean, mundu osoan etxebizitza mordo bat aurkitu zuten oso prezio onean, eta bete-betean sartu ziren merkatuan. Orduko ondorioak pairatzen ari gara.

Hirien gaineko kontrola galdu al dute tokiko gobernuek?

Mendeetan zehar, gure mundua koordenatu berdintsuetan mugitu da, baina azken hamarkadetan mugimendu sismiko bat egon da, eta orain gonbidatuak azaldu dira; nahiz eta milaka kilometrora egon, gure hiriak moldatu dituzte haien interesen arabera. Lehen, tokiko erakundeek eta eragileek geneukan hirien gaineko subiranotasuna, baina jada galdu dugu. Lehenbailehen eta nahitaez berreskuratu behar dugu.

Hirien kontrola berreskuratu beharrean, tokiko gobernu batzuek lema hartzea erraztu diete plataforma digitalei eta inbertsio funtsei. Zergatik?

Tokiko agintari gehienak noraezean daude. Ez dute ulertzen zer ari den gertatzen. Historikoki, erronkei aurre egitean, administrazioek denbora izan dute pentsatzeko nola egokitu aldaketei, zer lege egin... Orain, berriz, aldaketak oso bizkor gertatu dira, eta erakundeak atzetik doaz etengabe. Airbnb-ren kasua ikusi besterik ez dago: 2008an ez zen existitzen, eta begira orain! Udalek eta tokiko erakundeek, oro har, ataka estuan ikusi dute beren burua: edo zurrunbiloan sartuko gara, edo kanpoan geratuko gara. Etorkizun horren parte ez izateko beldurrarengatik sartu dira, eta, tokiko gobernu batzuk beren hirietako turismo operadore huts bihurtu dira.

«Nahiz eta milaka kilometrora egon, gure hiriak moldatu dituzte haien interesen arabera. Lehen, tokiko erakundeek eta eragileek geneukan hirien gaineko subiranotasuna, baina jada galdu dugu»

Herritarren interesen arabera diseinatutako politikak ez dira erakargarriak?

Gure hiria erakargarri izatea nahi dugu, eta erakargarritasun hori neurtzen dugu kanpoan ematen dugun irudiaren arabera. Gure hiria clickbait baten bidez definitzen dugu, ziztu bizian doan hiria dela irudikatzen duen izenburu erraz baten bidez. Hiri bakoitzak eduki nahi du bere proiektu izarra, eta helburua, gainera, ez da ekonomikoa, autoestimuarekin lotutakoa baizik. Autoestimu hori, hiri baten arrakasta, bisitarien aurrean proiektatzen duen irudiaren arabera neurtzen da, eta horrek benetan kalte larriak sortzen dizkio hiriari.

Ekitaldi erraldoien balizko inpaktu ekonomikoaren diskurtsoaren atzean ba al dago mamirik, edo marketin hutsa da?

Azken hogei urteotan ekitaldi erraldoien bilduma egin dute hiriek; Diogenesen sindromearen mugara iritsi dira batzuk. Erremedio miraritsu gisa saldutako ekitaldi gehienek ez diote hiriari onurarik ekartzen. Normalean administrazio publikoek ordaintzen dute ekitaldia ekartzeko. Itzulkin ekonomikoa hutsaren hurrengoa da, eta, gainera, hori ez da benetako helburua: agintariek protagonismo politikoa lortzeko egiten dute. Beste helburu bat zera da, oposizioko taldeak eta herri mugimenduak ataka zailean jartzea: ekitaldi horien balizko onurak zalantzan jarriz gero, leporatzen diete hiriaren garapenaren eta hobekuntzaren kontra daudela. Hori tranpa diskurtsibo oso sinplea eta maltzurra da, baina aldi berean oso eraginkorra.

Vicent Molins
Vicent Molins, Donostian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Turistifikazioak tokiko negozioen amaiera ekarri du. Nola egin ahal zaio aurre?

Udal batzuek galdetu izan didate: «Nola eragotz dezaket izoztutako jogurten beste denda bat zabaltzea?». Nik garbi esan diet: «Hori ez da zure arazoa». Denda hor egotea zerbaiten ondorioa da, eskaera dagoen seinale da. Tokiko administrazioaren eginbeharra zera da, herritarrek kale horretan bizitzeko aukera izan dezaten bermatzea, izoztutako jogurta baino zerbait gehiago behar dute eta otsailean.

Zer tresna balia ditzakete tokiko erakundeek?

Lehenik eta behin, turismoa erakartzeko mezu gehiagorik ez, mesedez! Bigarrenik, tresnak eguneratu behar dituzte. 90eko hamarkadako tresnek jadanik ez dute balio. Errealitatea oso arin aldatzen da, eta erakundeek ere arin pentsatu eta ekin behar dute. New Yorken, esaterako, Airbnb mugatu dute. Alokairuen prezioak mugatzea ere izan daiteke neurri bat... Beste jokaleku batean gaude, eta esperimentatu egin behar da. Inork ez du konponbide magikorik, baina ez du balio zera esateak: «Neurri horrek ez du arazoa konpondu, eta kito». Ausartagoak izan behar dute.

Turistifikazioak hirien berdintzea ekarri duela esan duzu. Homogeneizazio hori bereziki arriskutsua da kultura minorizatuei dagokienez.

Hiria produktu gisa aurkeztu gero, ahalik eta jende gehienarengana iristea da helburua. Horretarako, produktua estandarizatu behar da. Hiri edo lurralde baten ezaugarri bereziak oztopoak dira prozesu horretan, eta, beraz, horiek baztertzea da joera. Euskal tipografia, pintxoak... gutxi batzuk aukeratu eta nabarmentzen dira, benetakotasun itxura ematea komeni delako, baina azalean baino ez, benetako ezaugarriek produktua saltzea zailtzen dute eta.

Baina turistek ez al dute benetakotasuna nahi?

Kostu baxuko hegaldiek eta bidaiek turisten alienazioa sustatu dute. Nora zoazen bigarren mailako bihurtu da. Donostiara nator, baina nire helburua ez da benetan Donostia ezagutzea, baizik eta nire aisialdia betetzea. Donostia aukeratu dezakete, edo Dubrovnik, hegaldiaren prezioaren arabera. Turistari ez zaio axola hiri horretan ikusten duena benetan autentikoa den ala ez. Horregatik, oso erraza da hiri faltsu bat saltzea.

«Donostia aukeratu dezakete, edo Dubrovnik, hegaldiaren prezioaren arabera. Turistari ez zaio axola hiri horretan ikusten duena benetan autentikoa den ala ez. Horregatik, oso erraza da hiri faltsu bat saltzea»

Zuk esana da iritsi dela egoera bat non herritarrek nahiago duten beraien hiriak erakargarriak ez izatea, beldur direlako turismoak auzoetatik kanporatuko dituela.

Gentriantsietate fenomenoa da. Hori gertatu zen Bartzelonan. Ekipamenduen inbertsio gutxi egin ohi den auzo batean liburutegi publiko zoragarri bat egin zuten, eta bizilagun askok ez zuten proiektua begi onez ikusi, beldur zirelako alokairuen prezioak igoko zizkietela. Benetan tristea eta frustragarria da hori. Ulertzen dut bizilagun horien beldurra, noski, baina horren aurka egin behar dugu, baldintza onak exijitu behar ditugu: herritarrok merezi dugu ekipamendu onak eta hiri ederrak izatea, turismoak kanporatuko gaituen beldurrik izan gabe.

Gasteizko garapen eredua egokia dela aipatu izan duzu. Zertan asmatu du, zure iritziz?

Horrelakoak esatean kontu handiz ibiltzen naiz, ez baitago eredu idilikorik, eta ez bainaiz hiri horietan bizi. Baina aztertu dudana kontuan hartuta, iruditu zait garapen estrategiak koherentzia izan duela denboran, nahiz eta gobernuan alderdi politiko desberdinak izan agintean. Eta, nire ustez, Gasteizen hirigintza estrategian kontuan hartu izan dituzte herritarren interesak, behintzat ezagutu ditudan beste hiri batzuetan baino askoz gehiago.

Turismoa mugatu egin behar al da?

Gure sistema globalizatuan oso zaila da tokiko ekonomia egituratzea. Hala ere, erakundeek nahitaez izan behar dute lurraldea antolatzeko estrategia bat, eta erabaki egin behar dute zenbat pisu eman nahi dioten arlo bakoitzari. Turismoa ez da desagertuko, eta ez du zertan txarra izan, baina turismoa zoriontasunaren industriatzat hartzea ideia naifa da, eta baztertu egin behar dugu. Inori ez litzaioke bururatuko metalurgia zoriontasunaren industria dela esatea. Zure hirian lantegi bat jartzen baduzu, badakizu etekinak eta kalteak ekarriko dituela. Turismoarekin ere berdin-berdin: ez dugu instalazio edo fabrika handi bat ikusten, baina, siderurgia lantegiek bezala, horrek ere eragiten du kutsadura. Bestalde, ezin da ukatu: turismoarekiko menpekotasunik handiena duten lurraldeetan pobrezia handiagoa da. Beraz, administrazio publikoek ez lukete turismoa erakarri behar, turismoa berez dator eta. Egin beharko luketena da turismoa arautu eta beste jarduera ekonomikoak sustatu.

«Turismoaren industrian ez dugu fabrika handi bat ikusten, baina, siderurgia lantegiak bezala, horrek ere eragiten du kutsadura. Bestalde, ukaezina da turismoarekiko menpekotasunik handiena duten lurraldeetan pobrezia handiagoa dela»

Zer erronka dituzte hiriek etorkizunari begira?

Gure hiri eta herrietan autoestimua sortzen diguten arrazoi horiek aldatzea da erronka. Ekipamendu eta bizi baldintza onak izatea, 20 urteko gazte horrek bere bizi proiektua garatzeko parada izatea, lan aukerak izatea... Horrek pizten badigu gure hiriarekiko harrotasuna, orduan alkateek eta beste agintariek ere kontakizuna egokitu beharko dute, eta eraldaketa lortuko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.