Merezimenduen dekretuak euskara «ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren azpitik» utziko duela salatu dute 60tik gora eragilek

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, agerraldia egin dute Iruñean, Nafarroako Gobernuari eskatzeko «dekretua albora dezala» eta beste bat onar dezala «euskara gutxietsiko ez duena».

Kontseiluaren adierazpena babestu dute Nafarroako 60 eragilek. IDOIA ZABALETA / FOKU
Kontseiluaren adierazpena babestu dute Nafarroako 60 eragilek. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko martxoaren 21a
18:30
Entzun

Nafarroako administraziorako zenbait lan deialditan, euskaraz jakiteak ez du puntu bakar bat ere ematen. Bai, ordea, ingelesak, frantsesak edo alemanak. Nafarroako Gobernuak, ordea, anomalia hori konpondu ez eta, are, betikotzeko asmoa du, aurki onartzekoa baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko Foru Dekretua. Bost urteko bidea egin du dekretuaren zirriborroak, eta hasieratik beretik, aurka izan ditu euskalgintzako eragile guztiak. Horren erakusgarri izan da gaurko agerraldia ere: Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, hitza hartu dute Nafarroako 60tik gora eragilek Iruñeko San Frantzisko eskolan, arau berriaren «eduki kaltegarrienak salatzeko».

Eragile sozialak, osasun arloko langileak eta pertsona ezagunak batu dira Kontseiluaren deialdira, eta kritikatu dute merezimenduen dekretuak debekatu eginen duela «ehunka lanpostutan euskararen ezagutza meritu gisa baloratua izatea». Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak esan du euskalgintzak «aspalditik» duela kezka dekretu horrekin: «Horren erakusgarri da duela bi urte, hemen Iruñean, Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat lelopean egin genuen manifestazio jendetsua». Orduko hartan, Kontseiluak ohartarazi zuen, euskara gutxiesteaz harago, «hizkuntza horretan bizi diren milaka nafar ere» gutxietsiko dituela dekretuak: «Euskara merezimendu izatetik kanpo utziko du, bai eremu ez-euskaldun osoan bai eremu mistoko lanpostu askotan ere». Hau da, euskara meritu izanen da soil-soilik Nafarroako eremu eta postu zehatz batzuetan, baina ez gainerakoetan. «Aitzitik, ingelesa, frantsesa eta alemana meritutzat hartzen ditu modu orokortuan. Beraz, Nafarroako berezko hizkuntza eta milaka herritarren eguneroko hizkuntza den euskararen gainetik jarriko ditu».

Bi urte hauetan, dekretua moldatzeko aukera ugari izan ditu Maria Txibiteren gobernuak —kontrako irizpena eman zuen Euskararen Nafar Kontseiluak berak ere—, baina ez du halakorik egin. «Zoritxarrez, kezka berritu eta larritu egin zaigu», esan du Eskisabelek.

Irune Tubia: «Herritarren osasunari ere eginen dio kalte»

Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzartzearen ostean, dekretuaren kontrako adierazpena irakurri dute Irune Tubia Osasunbideko medikuak eta Oier Sanjurjo Osasunako futbol jokalari ohiak, han bildutako eragile guztien izenean. Tubiaren esanetan, argitaratzear den dekretuak «kezka» piztu du osasungintzako langile askoren artean ere: «Osasunbidean, ingelesa, alemana eta frantsesa era orokortuan eta lurralde osoan baloratuko dira, baina euskararen kasuan, oso ongi argudiatua eta lanpostuz lanpostu justifikatua egon behar du». Osasunbidea «herritarren ongizateari eta osasunari estu lotutako erakundea» dela gogorarazi du Tubiak, eta, hortaz, sendagileek euskara ezagutzea «garrantzitsua ez ezik funtsezkoa ere» bada.

Beste datu garrantzitsu bat ere eman du medikuak: azaldu du Nafarroa osoko herritarrei zuzendutako zerbitzu zentralak Iruñean daudela; hots, eremu mistoan. Hortaz, zerbitzu horietako lanpostuetan euskara ez balioesteak «nafar guztiei» eraginen die, ez soilik inguruko biztanleei. «Euskararen ezagutza Nafarroa osoan ez baloratzeak, hizkuntza eskubideen aitortzari ez ezik, herritarren osasun eta segurtasunari egiten die kalte». Horren adibidetzat jo ditu suhiltzaile lanpostuetarako lan deialdiak: «Tutera, Azkoien eta Nabaskozeko suhiltzaile parkeetan, adibidez, atzerriko hizkuntzen ezagutza baloratuko da, baina euskararenak ez du inongo baliorik». 

Euskararen egungo errealitate soziolinguistikoa «aitzakia gisa» jartzea egotzi dio Nafarroako Gobernuari, eta gaineratu du hizkuntza eskubideak, eskubide diren heinean, «ezin direla ehunekoetan aitortu». Are: Tubiak aldarrikatu du «sistema osoak» egon behar lukeela «zerbitzuak euskaraz eskaintzeko gaitua», eta, horregatik, «berdintasunean eta hizkuntza eskubideen errespetuan oinarritutako sistema publikoa» ezartzeko galdegin dio Nafarroako Gobernuari.

Oier Sanjurjo: «Kasu egin Korrikan islatu den gehiengo horri»

Asko dira Nafarroan euskaraz bizi nahi dutenak, eta horiei «bizkarra emanda» gobernatzea egotzi dio Oier Sanjurjo futbol jokalariak Txibiteren gobernuari. Egunotan Euskal Herria herriz herri zeharkatzen ari den Korrikari erreparatzea galdegin dio lehendakariari: «Korrikan parte hartu duen jende oldearen bidez, berriro ere ikusi dugu nafarren gehiengoak bat egiten duela euskarak eta euskaldunon komunitateak behar duen arnasarekin. Baina behartsuaren etxean, pozak labur. Halaxe gertatzen zaigu behin eta berriro Nafarroako euskaldun, euskaltzaleoi eta, orokorrean, hizkuntza berdintasunean eta justizia sozialean sinesten dugun guztioi». Merezimenduen dekretuak, euskara gutxietsi bainoago, euskara eta euskaldunak «mespretxatzen» dituela azpimarratu du Osasunako jokalari ohiak. «Dekretu honek bizkarra ematen die egunerokoan euskaraz bizi diren milaka nafarrei, existituko ez balira bezala».

Hala ere, San Frantzisko eskolan bildutako eragileek uste dute gobernua «garaiz» dabilela oraindik, beste bide bat hartzeko eta «Korrikan islatu den gehiengo horri kasu egiteko». Zehazki, Nafarroako Gobernuari galdegin diote merezimenduen dekretua alboratzeko eta «euskara eta euskaldunen komunitatea aintzat hartuko dituen politika publikoak egiteko», beste dekretu baten bidez.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.