Metroko langile batzordeak eta enpresak ez dute akordiorik lortu

Langileen eskaerak onartzen dituela esan arren enpresak ez duela proposamenik egin salatu dute sindikatuek

Bidaiariak metroko sarbidean, Bilboko Santutxu auzoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Konponbidea gertu zegoela zirudien, baina Bilboko Metroko lan gatazkak bere horretan jarraitzen du. Atzo arratsaldeko bileran ez zuten akordiorik lortu, eta bi aldeen arteko harremana gero eta gaiztotuago dago. «Ez dakigu enpresa zertan dabilen». Harridura azaldu dio BERRIAri ELAko ordezkari Xabier Durangok.

Asteazkeneko mobilizazioetan langileek San Inazioko geltokian banatu zituzten paskinak direla-eta, atzo goizean agerraldia egin zuten Metroko ordezkariek: Iñaki Prego ordezkari nagusiak eta Loly de Juan presidenteak. «Hurrengo asteetarako antolatu dituzten lanuzteak bertan behera utziz gero, beharginek orri horietan jasotako aldarrikapen guztiak gure egiten ditugu», azaldu zuen Pregok. Eta hori jakinarazteko arratsaldeko bilerara deitu zuen langile batzordea.

Besteak beste, gaur egun dagoen lantaldeari eustea eta geltoki berriak ireki ahala langile kopurua handitzeko eskatzen diote beharginek enpresari. «Hori 2009tik adostuta daukagu, lan hitzarmenean, baita langile berrien kopurua zenbatekoa izango den ere», azaldu du Durangok.

Enpresak gaur egungo lantaldea bere horretan mantentzea onartzen du: «158 gidari eta 173 geltokiko langile ditu metroak, eta ez dugu lan talde hori murriztuko, langile horiekin ondo funtzionatu dugu eta», azaldu du Pregok. Geltoki berriekin zenbat gehiago beharko diren erabakitzerakoan sortzen dira desadostasunak. Enpresak egindako azken proposamenean bederatzi langile gehiago aipatzen zituen. Langile batzordeak, ordea, proposamen hori ez dela erreala eta azkenean lantaldea murriztea ekarriko lukeela pentsatzen du. «Normala den bezala, ez genuen onartu, eta ordutik ez dute beste ezer proposatu», azaldu du Durangok.

Asteleheneko batzarrak

Pregoren esanetan, bidaiarien artean banatu den paskinak eskaera orokorrak jasotzen ditu. Hala, atzo arratsaldeko bileran kopuru horrek zenbatekoa izan beharko litzatekeen langileen batzarretan erabakitzeko esan zitzaien sindikatuei, gero enpresarekin aztertzeko. «Enpresaren proposamena ez da batere serioa», salatu du Durangok.

Astelehenean egingo dituzte hurrengo batzarrak. «Enpresak esandakoa azalduko diegu beharginei, eta denon artean erabakiko dugu zer egin. Hala ere, gaurko [atzoko] proposamena ikusita, argi dago lehengoan jarraituko dugula. Gatazka ez da inondik ere amaitu», iragarri du.

Auzitara ere iritsi da, gainera. Iragarri zuten bezala, sindikatuek enpresa salatu dute, iragan asteko astearteko lanuztean lau langileri beharrean hasteko presio egiteagatik. Langile batzordearen arabera, lanuzte deialdirik «arrakastatsuena» izan zen, baina «tentsio handikoa».

Loly de Juan Metroko presidenteak, bestalde, sindikatuak egin ditu egoeraren erantzule, eta lanuzteak bertan behera uzteko eskatu die. «Gatazka aspaldi konponduta legoke, langile batzordeak mobilizazioak hasi izan ez balitu». Metroaren izen ona auzitan jarri izana egozten die, gainera.

Bien bitartean, atzo zazpigarren lanuzte eguna izan zen. Langile batzordeak arrakastatsutzat jo du. Enpresak, aldiz, ohiko egunetako erabiltzaileen %97k trena hartu zutela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.