Mexikoko Fiskaltzako iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez, gaurtik libre du Espainiako Poliziak euskal herritarrak Espainiara eramateko bidea. Espainiako Armadako hegazkin bat Mexiko Hiriburuko aireportuan dagoela erantsi dute iturri berek, eta "hurrengo orduetan" eramango dituztela sei lagun horiek Madrilera, "Auzitegi Nazionalean epai ditzaten". Reclusorio Norte izeneko espetxean dauzkate sei euskal herritarrak.
Baltasar Garzon epaileak 2003ko uztailean eskatu zuen sei lagun horien estradizioa, ETA finantzatzeko sarearekin harremana izatea egotzita, eta atxilotu egin zituzte. Horietako gehienek urte asko daramatzate Mexikon bizitzen, eta han osatu dute beren bizimodua.
Atxilotu ondoren estradizio prozedura abiatu zuten haien aurka, eta 2004ko uztailean Mexikoko Atzerri Ministerioak oniritzia eman zion eskariari. Hala ere, defentsak helegitea aurkeztu zuen, eta iragan apirilean eman zuten azken erabakia, estradizioaren aldekoa.
Politika