Duela hilabete inguru zera salatu zuten EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasle Kontseiluak eta Ikamak: unibertsitate publikoko Arabako campuseko Farmazia Fakultateko irakasle batek «mezu arrazistak, transfoboak eta faxismoaren aldekoak» zabaldu zituela bere sare sozialetan. Joxerramon Bengoetxea errektoreak esan zuen ez zela ikasgeletara itzuliko zer gertatu zen jakin arte. Bada, BERRIAk jakin berri du atzo eskolak ematen hasi zela berriz, Gernikako auzitegiko (Bizkaia) epaile batek ebatzi baitu ez dagoela jakiterik nork idatzi zituen mezu horiek.
Auzia argitara atera bezain pronto, EHUk ohar bat plazaratu zuen. Hartan adierazi zuten irakasleak «hasiera-hasieratik» esan zuela berak ez dituela mezu horiek idatzi; hots, «identitatea ordezkatu» diotela eta sare sozialetako kontuak «lapurtu» egin dizkiotela. Gainera, iragarri zuten, horren harira, Ertzaintzan salaketa bat jarri zuela gizonezkoak.
Orain, unibertsitateko iturriek baieztatu dutenez, Gernikako auzitegiko epaile batek esan du ez dagoela modurik frogatzeko mezu horiek berak idatzi zituen edo ez; irakasleari ikasgeletara itzultzen uztea beste erremediorik ez zaie geratu, eskolak ematen jarraitu nahi baitzuen.