GIZA KATEA

Mezua Eusko Legebiltzarrari

Antolatzaileen arabera, 175.000 lagunek osatu dute Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak antolatutako giza katea. 201,9 kilometroko bidean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu dituzte herritarrek, eta aldarrikapenez josi mobilizazioa. Legebiltzar atarian, dinamikako bozeramaileek nabarmendu dute "ziklo berri bat" zabaltzen ari dela.

Herritarrak giza katea osatzen, Bilbon. GURE ESKU DAGO
jon olano
2018ko ekainaren 10a
07:00
Entzun

2013ko ekainaren 8an, aurkeztu zuten Gure Esku Dago, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamika, Ficoba erakustazokan (Irun, Gipuzkoa). ETAren indarkeriarik gabeko jokalekuan sortu zen, eta euskal herritarrek beren etorkizun politikoa mugarik gabe erabakitzearen alde lan egiteko eratu zen, hiru irizpide oinarri hartuta: “Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da”. Eratu berritan, erronka bat ezarri zion bere buruari: 123 kilometroko eta gutxienez 50.000 laguneko giza kate bat osatzea, 2014ko ekainaren 8an. 150.000 joan ziren.

Bost urteko bidean, GEDen gerizpeko plataformek estatus politikoari buruzko galdeketak antolatu dituzte 203 herritan, eta 189.000 lagunek eman dute botoa. Horrez gain, dozenaka milaka laguneko mobilizazioak antolatu zituen 2015ean eta 2017an ere, eta, erabakitzeko eskubidearen praktikan ez ezik, teorian ere sakondu du, eskubide horren zergatiak bilduta. Horren emaitza da aurkeztutako Herritarron ituna: 2.019 arrazoi biltzen dituen 130 orrialdeko txostena.

Gure Esku Dago balantze horrekin iritsi da orain arte bere buruari ezarritako erronkarik handienera: 201,9 kilometroko giza katea osatzea Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzeko. 100.000 lagun behar zituzten ibilbidea osatzeko, eta, antolatzaileen arabera, 175.000 izan dira parte hartu duten herritarrak; duela lau urte baino 25.000 lagun inguru gehiago. Euskal Herrian eginiko mobilizazio esanguratsuenetako bat. "Ez da bat gehiago, ez da beste bat", esan zion Angel Oiarbide GEDeko bozeramaileak BERRIAri ostiralean.

1.000 autobusek baino gehiagok milaka herritar eraman dituzte ibilbidean zegokien lekura, eta 5.000 boluntario aritu dira lanean. Herritarrek 11:30 ingururako zuten biltzeko ordua, katea eguerdian osatu zedin. Erpin batean, Paulo Muñoa: 77 urteko gabiriar donostiartua. Haren eskuetatik abiatu da Herritarron ituna-ren ale bat, Donostiako Bulebarretik; beste puntan, 16 urteko Aroa Arrizubietari heldu zaio.

Aroa Arrizubieta, Herritarren Ituna eskuan duela.

Haren eskuetara, baina baita Eusko Legebiltzarreko atarira ere, bertan amaitu baita katea, eta nahi baitute bertako Autogobernu Lantaldeak aintzat hartzea 175.000 herritar horien ahotsa. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politiko-juridikoari buruz eztabaidatzen ari dira lantalde horretan, eta eztabaidaren ardatzetako bat da estatutu berrian erabakitzeko eskubidea jasoko ote den, eta nola. Ostiraleko elkarrizketan, Oiarbidek zioen lantaldeko jardunaren "begirale" dela GED, baina, atzoko mobilizazioarekin, mezu argia bidali die legebiltzarkideei.

Eusko Legebiltzarreko atarira iritsi da Herritarron ituna, baina "bide luzeagoa" egin nahi du dinamikak, dokumentua Nafarroako Parlamentura eramanda.

"Ziklo berri bat"

12:30ean hartu dute hitza Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko ordezkariek, legebiltzarraren aurrean. "Ziklo berri baten hasiera" gisa definitu dute une politikoa: "Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren aro berria". Adierazpenean, keinu egin diete azken hilabeteetan Euskal Herrian izandako beste mobilizazio handi batzuei: "Gizartean aldaketak eragiteko dugun indarraz jabetzen ari gara herritarrok. Azken hilabeteotan bereziki, milaka herritar atera gara kalera aldarri desberdinekin behetik gora antolatutako herri mugimenduek deituta. Behin eta berriro, herri bezala dugun gaitasun kolektiboa erakusten ari gara kalean. Eta behin eta berriro, aldarri horien guztien muinean erabakimenaren auzia dagoela agerian gelditzen ari da".

Uste dute estatus politikoaz erabakitzeko eskubidea gauzatzeko formula "denon artean, adostasun zabalak eraikiz bilatu, eztabaidatu, eta adostu" behar dela, "modu librean eta demokratikoan". Horretarako, iragarri dute "erabakitzeko eskubidearen aldeko sare iraunkorra" sustatuko dutela, "eragile bakoitzak bere ekarpena egin dezan erabakiaren bidean".

Mezuaren hartzaile dira legebiltzarkideak, baina igorle rolean ere egon dira politikari ugari. Horien artean, erakundeetako ordezkariak: Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria...

Alderdien aldetik, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrek Bilbon hartu du parte, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea ondoan zuela. Donostiako Antigua auzoan, berriz, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak hartu du parte. EH Bilduk ere ordezkaritza zabala bidali du: Arnaldo Otegi koordinatzailea Elgoibarren (Gipuzkoa) egon da, eta Maddalen Iriarte legebiltzarkidea, Gasteizen. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, berriz, Donostian. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Pili Zabalak Zarautzen (Gipuzkoa) hartu du parte, eta Adolfo Muñoz Txiki eta Garbiñe Aranburu ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak ere batu dira katera.

Joan ez direnek ere hitz egin dute, ordea. Haserre agertu da PP, eta EAJri egotzi dio "haustura soziala" sustatzea GEDekin batera. PSE-EEko Antolakuntza idazkari Miguel Angel Moralesek, berriz, azpimarratu du kateak ez diola erantzuten "gehiengoaren sentipenari", eta argudiatu du hala erakusten dutela inkestek: "Euskadin badaude subiranistak, noski, baina euskal gizartea konfrontazio jokaleku batera abiatzetik oso urrun dago".

Aldarriek koloreztatuta

Zapi zuriez eta GEDen koral koloreko kamisetez eta kamiseta zuriez eta urdinez gain, izan da beste kolorerik kate osoan zehar. Esaterako, pentsiodunen pankartena eta mugimendu feministaren bandera moreena. Eta, 122. eta 193. kilometroetan, elkartasun kolorea hartu du giza kateak; aurrenekoan, kolore horia, Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz auzipetutakoei babesa adierazteko. Hanizan dira Junts Per Catalunyako parlamentari Aurora Madaula, CUPeko Mireia Boya, Omnium Culturaleko Ignasi Termes eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente Elisenda Paluzie —Gabriel Rufian ERCko diputatua Donostian izan da—.

193. kilometroan, berriz, Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteei adierazi diete elkartasuna. Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda, Iñaki Abad, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Julen Goikoetxeari bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri zizkien Auzitegi Nazionalak ekainaren 1ean, eta preso dauden denak joan den astetik.

Sareetan ere izan da babes mezurik: giza katea osatzeko unean, Athleticek bere sostengua adierazi dio ekinaldiari. Horrez gain, egunean zehar erabiltzaile askok baliatu dute #GizaKatea traola. Oihartzuna Euskal Herritik harago joan da, eta giza katearen berri eman dute BBCk, Washington Post-ek, Le Figaro-k eta Euronews-ek, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.