Miarritzeko aisialdi zentro bateko bi animatzaile atxilotu dituzte, adingabeen kontrako bortxaketengatik eta sexu indarkeriagatik

Atxilotutakoak bi gizon dira, bat 21 urtekoa eta bestea 36koa. 3 eta 4 urte arteko hamahiru haurri sexu erasoak egin izana leporatzen diete. Aurtengo udan gertatu dira erasoak.

Baionako auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko uztailaren 21a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Miarritzeko (Lapurdi) Mouriscot aisialdi zentroko bi animatzaile atxilotu dituzte gaur goizean Baionan, haurrak bortxatu eta haien kontra sexu indarkeria baliatzeaz akusaturik: 21 urte ditu atxilotuetako batek, 36 besteak, eta 3 eta 4 urte arteko hamahiru haurri sexu erasoak egitea leporatzen diete. Gertakariak aurtengo uztailaren 6tik eta 17ra bitarte iragan dira.

Mementoko, lau salaketa aurkeztu dira, eta bortxaketa kasu bat dago tartean. Ez dute xehetasunik eman sexu indarkeriako beste kasuen inguruan. Baionako prokuradorearen bulegoak azaldu duenez, bi gizonak galdekatu dituzte, eta behin-behineko atxiloaldian daude orain. 

36 urteko animatzaileari dagokionez, bi urte dira lanpostu horretan ari dela; 21 urteko animatzaileak, berriz, udako lana zuen. Gaur egun eskura duten informazioarekin ezin omen dute argitu bi gizonak hitzartuak zirenetz erasoak egiteko.

,Magistratu arduradunak aitortu du «afera biziki konplikatua» dela, biktimen adinagatik. Erraterako, hain gazte direlarik, haurrek zailtasunak dituzte erasoak kontatzeko. Orain arte, hamahiru haurretarik lau entzun dituzte lanjerean diren haurren artatzeko Baionako ospitaleko zerbitzuan, eta gai horietan espezializaturiko psikologo batekin egonak dira.

Serge Blanco Miarritzeko auzapezak biktimen gurasoei gutun batean adierazi dienez, bi gizonak kargutik kendu dituzte ikerketen berri ukan bezain laster. Bestalde, erran die Miarritzeko herria parte zibil gisa aurkeztuko dela auzibidean.

Gertakizunen larritasuna dela eta, gaurdanik entzute zerbitzuak plantan ezarriko dituzte herriko etxean, gurasoek parada izan dezaten psikologoengana joateko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA