Migratzaileen ezohiko erregularizazioa: zer den, nori eragiten dion eta nor geratzen den kanpoan

Espainiako Gobernuak migratzaileentzat eginiko ezohiko erregularizazioak berekin ekar lezake Hego Euskal Herrian bizi diren 30.000 migranteren baino gehiagoren egoera arautzea. Prozesuak ez du eraginik izango Atzerritarren Legean.

Migrante talde bat mugatik gertu, Irungo (Gipuzkoa) Ficobaren aurreko autobus geltoki batean zain. GORKA RUBIO / FOKU
Migrante talde bat mugatik gertu, Irungo (Gipuzkoa) Ficobaren aurreko autobus geltoki batean zain. GORKA RUBIO / FOKU
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herrian 30.000 migrante inguru daude egoera irregularrean, eta haiengan izango du eragina Espainiako Gobernuak eta Podemosek hitzartu berri duten ezohiko erregularizazioak —estatu osoan 500.000 laguni eragin diezaieke—. Ministroen Kontseiluak asteon iragarri du erabakia, eta BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean egingo da ofizial. Gaur-gaurkoz hauxe da migratzaileen ezohiko erregularizazioaz jakina dena:

Zer da?

Espainian eta Hego Euskal Herrian bizi baina egoera administratibo irregularrean daudenei zuzendutako salbuespen neurria da, zeinaren bitartez haien egoera erregularizatu egingo den. Erregularizazio eskaera tramiterako onartuz gero, migratzaileei behin-behineko baimen bat emango diete bertan bizitzeko eta lan egiteko, eta oinarrizko zerbitzuak baliatu ahal izango dituzte. Erregularizazio eskaera onartzen badiete, urtebeteko bizileku baimena jasoko dute.

Baldintzak 

Euren egoera arautu nahi duten migratzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte: 2025eko abenduaren 31n Hego Euskal Herrian edo Espainian egotea, gutxienez bost hilabetez bertan bizi izana, eta aurrekari penalik ez izatea gutxienez azken bost urteetan, ez jatorrizko herrialdean, ezta Espainian, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian ere.

Zer aurkeztu behar da?

Bost hilabetez bertan bizi izan direla frogatzeko edozein dokumentu publiko, pribatu edo bi eredu horien arteko nahasketa bat aurkeztu ahalko dute. Hala nola: egonaldia frogatzen duten agiriak —errolda, gizarte zerbitzuen ziurtagiriak, mediku agiriak, eskola edo ikastaro ziurtagiriak (adingabeen kasuan)...—, alokairu kontratuak edo egonaldia egiaztatzen duten kontratuak —argindar edo ur kontratuak, telefono fakturak edo diru transferentzien agiriak—, aurrekari penalen ziurtagiria, eta asilo eskatzaileen kasuan, asilo eskaeraren agiria.

Zer eskainiko zaie?

Baldintzak betetzen dituzten migratzaileei urtebeteko bizileku eta lan baimena emango zaie, eta osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea. Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukera ere izango dute. Urtea amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahalko dute.

Nor uzten du kanpoan?

Ez dira erregularizatuko Hego Euskal Herrian eta Espainian gutxienez bost hilabetez bizi izana frogatzeko agiririk ez dutenak, 2025eko abenduaren 31ren ondoren iritsi direnak, azken bost urteetan aurrekari penalak dituztenak edo eskabide epea amaitu ondoren egiten dutenak. 

Asilo eskatzaileak

Asilo eskatzaileen egoeran ere nabarmen eragingo du erabakiak. Egun, asiloa eskatzeko prozedurak luzeak izaten dira —askotan urteak irauten dute—, eta eskubide hori ukatzen zaienak egoera irregularrean geratzen dira, lan baimenik eta segurtasun juridikorik gabe. Erregularizazioak, lehen aldiz modu kolektibo eta esplizituan, aterabide bat emango die; izan ere, 2025eko abenduaren 31 baino lehen asilo eskaera aurkeztu dutenek erregularizazio prozesuan sartzeko aukera izango dute, baldin eta gainerako baldintzak betetzen badituzte. Horrek esan nahi du ez dela beharrezkoa izango asiloa onartua izatea: eskaera eginda izatea aski izango da, baita eskaera hori ukatua izan den kasuetan ere. 

Erregularizazioak, beraz, irteera paralelo eta alternatibo bat eskainiko die asilo prozeduran blokeatuta egon diren migranteei. Praktikan, horrek esan nahi du pertsona batek aukera izan dezakeela asilo prozesutik ateratzeko eta bizileku eta lan baimen arrunt bat eskuratzeko, urtebeteko indarraldiarekin. Une horretatik aurrera, pertsona hori Atzerritarren Legean sartu ahalko da, gainerako migratzaile erregularren baldintza beretan.

Zer eragin du Atzerritarren Legean?

Ezohiko erregularizazioak ez du Atzerritarren Legea indargabetuko, ezta aldatuko eta ordezkatuko ere. Aitzitik, neurri berria lege horren barruan kokatzen da, «salbuespen» moduan, urteetan pilatutako irregulartasun egoerei irtenbidea emateko. Ezohiko erregularizazioak, beraz, kontagailua zeroan jartzea ekarriko luke, hau da, pertsona horien egoera erregularizatuta sisteman sartzea ahalbidetuko da, baina hortik aurrera Atzerritarren Legea aplikatuko zaie, gainerako migranteei bezala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.