Gizartea

Migrazioari erantzun «bateratua eta solidarioa» eman nahi dio Jaurlaritzak

Iñigo Urkulluk Migraziorako Euskal Itun Soziala aurkeztu du gaur goizean, Lehendakaritzan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusiek eta gizarte eragile ugarik landu dute.

Ituna aurkeztu dute gaur Lehendakaritzako egoitzan, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
edurne begiristain
2019ko azaroaren 30a
20:02
Entzun

Migraziorako Euskal Itun Soziala aurkeztu dute gaur goizean Lehendakaritzan (Gasteiz), migrazioari «erantzun egokia» eskaintzeko. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk aurkeztu du ituna, eta bere lanketan parte hartu dute migrazioaren fenomenoarekin lanean dauden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizarte eragile gehienek eta hiru lurraldeetako instituzio nagusiek. Itunak «erantzun bateratua eta solidarioa» eman nahi die migrazioaren ertz guztiei, ikuspegi «etiko, prebentibo eta proaktibo» batetik abiatuta.

Itunarekin bat egin duten eragileek, erakundeek eta norbanakoek hiru printzipio jarri dituzte ardatz gisa: «Aniztasuna, elkartasuna eta beharrizana». Horrez gain, itunean jaso dituzten ardatz nagusiak gizarteko alor guztietan modu transbertsalean lantzeko konpromisoa hartu dute. Besteak beste, bere egin dituzte elkarbizitza, giza eskubideak, hezkuntza eta kohesioa.

Ituna sinatu duten eragileek eta instituzioek hamar lan ildo garatzeko konpromisoa hartu dute, nork bere esparru eta eskumenen arabera. Hona hemen konpromiso horiek: erantzukidetasuna, beste eragile batzuekin lankidetzan aritzeko eta Europako Batasunean erantzukidetasun printzipioa sustatzeko; irmotasuna, «mezu xenofoboen» aurrean batasun sozialari eta politikoari eusteko; immigrazio erregularizatuaren aukerak areagotu daitezen lan egiteko konpromisoa; nazioarteko babes eskatzaileen eta errefuxiatuen harrera eta integrazioa modu kuantitatiboan eta kualitatiboan hobetzea; zaurgarritasun egoeran dauden migratzaileei behar dituzten baliabideak eskaintzea; erregularizatu gabe dauden migratzaileentzat behar diren baliabideak artikulatzea; bidaiderik gabeko adingabe eta gazte atzerritarrei behar dituzten baliabideak ematea; esku hartze humanitarioa ematea; prebentzioko esku hartzea sustatzea, besteak beste, lankidetza proiektuekin, eta bizikidetzaren kultura partekatzea.

Jaso nahi genukeena eskaini. Horixe da Migraziorako Euskal Itun Sozialaren izena. Ideia horri heldu dio  Urkullu lehendakariak gaurko aurkezpenean, galdera batekin: «Zer nahiko genuke jaso migratzaile, errefuxiatu edo egoera kaltebera batean den pertsona baten azalean egongo bagina?». Itunak, hain justu, horri erantzuten diola azaldu du: «Migratzaileak bagina jaso nahiko genituzkeen duintasun baldintzak proposatzen ditu". Horrez gain, adierazi du «mezu xenofoboak» erabiltzen dituztenei «batasun sozial eta politikoa mantentzeko konpromisoarekin» erantzuteko tresna bat dela ituna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.