Miguel Buen izango da Rodolfo Aresen ondokoa

«Terrorismoaren amaiera kudeatzea» izango da haren erronka, Herrizaingo sailburuak dioenez

Miguel Buen, PSE-EEren Donostiako egoitzan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Miguel Buen PSE-EEren Gipuzkoako diputatugai nagusiak hurrengo asteartean hartuko du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Segurtasun sailburuorde kargua. Eusko Legebiltzarreko korridoreetan egindako adierazpenetan, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak baieztatu egin du hura izendatuko dutela. Rafael Iturriaga ordezkatuko du Buenek, eta, Aresek azaldu duenez, «terrorismoaren amaiera kudeatzea eta Ertzaintza berrantolatzea»izango da haren erronka nagusia.

Hori ez da izango Herrizaingo Sailean egingo den kargu aldaketa bakarra: Nelida Santos Diaz Herrizaingo Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Azpiegituren zuzendariak Ernesto Martinez de la Hidalga Herrizaingo Saileko Administrazio sailburuordearen lekua hartuko du datozen egunetan.

Herrizaingo Saileko zuzendaritzaren eta sindikatuen artean tirabira handiak dauden honetan egin dira aldaketak. Aresek, baina, ukatu egin du krisia dagoela. Azaldu duenez, bi ordezkapenak Iturriagak eta Martinez de la Hidalgak eurek eskatuta egin dituzte. Haren esanetan, ordezkapenak duela aste batzuk erabaki zituzten, baina hauteskundeak pasatu arte karguetan jarraitzeko eskatu zien bi sailburuordeei. Aldaketak «normaltzat» jo ditu Aresek, «beste edozein gobernutan egiten direnen antzekoak».

Herrizaingo sailburuaren hitzetan, Buenek «ibilbide politiko luzea» egin du, eta «eskarmentu handia» dauka kudeaketa arloetan; besteak beste, 18 urtez alkate izan da Errenterian (Gipuzkoa), eta azken urteetan Pasaiako Portuko Agintaritzako presidente kargua bete du.

Oraingoz ez dago argi Buenek PSE-EEren Gipuzkoako diputatugai nagusi izaten jarraituko duen. Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak adierazi duenez, datozen egunetan alderdiko lurralde organoek erabakiko dute hautagaia nor izango den.

Azalpenak eskatu dituzte

Herrizaingo Sailean izan diren azken kargu uzteak eta izendapenak azal ditzan, EAJk eta EAk Aresen agerraldia eskatu dute Eusko Legebiltzarrean. Mikel Martinez legebiltzarkide jeltzalearen iritziz, sailean izandako aldaketek agerian utzi dute «Ares jaunaren gidaritzapeko Herrizaingo Sailean dagoen anormaltasuna».

EAko Juanjo Agirrezabalarentzat ere lotura egon daiteke sindikatuen protesten eta kargu aldaketen artean. «Kasualitate handia iruditzen zait Ertzaintzako sindikatuekin harremana izateko ardura zuen sailburuordeak [Martinez de la Hidalgak] orain uztea kargua».

ELA sindikatuak, berriz, Aresen dimisioa eskatu du, «Ertzaintzaren barne krisia» konpontzeko gai ez delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.