Miguel Castells Artetxek (Busturia, Bizkaia, 1931) jaso du aurtengo Monzon-Ganuza Euskal Utopikoak saria. Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak antolatzen dute sariketa. Otsailaren 11n iragarri zuten aurtengo saridunaren izena, eta gaur jaso du aitortza hori Castellsek, Bergaran (Gipuzkoa).
94 urte dauzka egun abokatuak; 1970ean Burgosko Prozesuan auzipetu zuten, baina erretiroa hartu gabea da oraino. Hain justu horregatik, 2020an Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak kondekorazio berezi bat eskaini zion, argudiatuta ordurako 60 urte zeramatzala «zaurgarrienei doako justizia eskaintzen». Zuzenbide ikasketak egin zituen Castellsek, Deustuko Unibertsitatean lehenik eta Madrilen gero, eta 1956an hasi zen abokatu lanetan. Olaso Dorrea fundazioak esplikatu duenez, ikasketak bukatu bezain laster erabaki zuen «bere lan eta ahalegin oro ahulen alde» jarriko zuela.
Aurreko urte amaieran, BERRIAk elkarrizketa luzea eta sakona egin zion Castellsi, eta izenburu asko utzi zituen testigantza hark. Kasurako, garbi esan zuen Franco hil egin zela, «baina DNAn sartutako izua» ez zela desagertu. Edonola ere, zuzenbidea frankismoaren aurkako gudu zelai izan zuen Castellsek. Hura eta haren kideak aitzindariak izan ziren presoen aldeko laguntza juridikoa saretzen, eta erregimenak ez zien barkatu hori.
Ahulen alde
1960ko hamarkadan euskal presoak laguntzeko abokatu talde bat sortu zuen beste kide batzuekin batera, eta 1970ean hura izan zen Burgosko Prozesuan auzipetutako hamasei euskal herritarren abokatuetako bat. Juan Paredes Manot Txiki-ren abokatua izan zen, esaterako, baita heriotza zigorra eskatu zioten FRAPeko kide batena ere. Franco hil ondotik, Amnistiaren Aldeko Batzordeen sortzaileetako bat izan zen, eta «buru-belarri» jardun zen borroka horretan, sariaren antolatzaileen esanetan. Herri Batasuna alderdiko militantea izan zen, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako senatari aukeratu zuten 1979an. Urtebete geroago, Eusko Legebiltzarreko lehen legegintzaldirako parlamentari izendatu zuten.
Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak hala definitu dute Castells: «Bere lana eta bere ahalegin guztia ahulen alde jarriko zuela erabaki zuen euskal herritar utopikoa da». Abokatua zelako egin zen ezagun, eta fundazioak esplikatu du «erreferentziazko legelaria» bihurtu dela bai Euskal Herrian eta bai nazioartean. Sariketaren antolatzaileek kontatu dutenez, honako hau da Castellsek defentsarako kasu bat onartuko duen edo ez erabakitzeko darabilen irizpidea: «Inoiz ez du defendatuko gizona emakumearen aurrean, ezta enpresaria langilearen aurrean ere».