Miguel Castellsi emanen diote 2026ko Monzon-Ganuza saria

1970ean Burgosko Prozesuan auzipetu zituzten hamasei euskal herritarren abokatuetako bat izan zen, eta senatari eta legebiltzarkide Herri Batasunarekin. «Ahulen alde» egindako lanagatik emanen diote saria.

Miguel Castells, Donostiako bere bulegoan, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Miguel Castells, Donostiako bere bulegoan, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko otsailaren 11
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Miguel Castells Artetxek (Busturia, Bizkaia, 1931) jasoko du aurtengo Monzon-Ganuza Euskal Utopikoak saria. Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak antolatzen dute sariketa, eta gaur eman dute aurtengo irabazlearen berri. Halaxe definitu dute Castells: «Bere lana eta bere ahalegin guztia ahulen alde jarriko zuela erabaki zuen euskal herritar utopikoa da». Abokatua zelako egin zen ezagun, eta fundazioak esplikatu du «erreferentziazko legelaria» bihurtu dela bai Euskal Herrian eta bai nazioartean. Sariketaren antolatzaileek kontatu dutenez, honako hau da Castellsek defentsarako kasu bat onartuko duen edo ez erabakitzeko darabilen irizpidea: «Inoiz ez du defendatuko gizona emakumearen aurrean, ezta enpresaria langilearen aurrean ere».

94 urte dauzka egun, eta erretiroa hartu gabe da oraino. Hain justu horregatik, 2020an Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak kondekorazio berezi bat eskaini zion, argudiatuta ordurako 60 urte zeramatzala «zaurgarrienei doako justizia eskaintzen». Zuzenbide ikasketak egin zituen, Deustuko Unibertsitatean lehenik eta Madrilen gero, eta 1956an hasi zen abokatu lanetan. Olaso Dorrea fundazioak esplikatu duenez, ikasketak bukatu bezain laster erabaki zuen «bere lan eta ahalegin oro ahulen alde» jarriko zuela.

Eta hala egin zuen. 1960ko hamarkadan euskal presoak laguntzeko abokatu talde bat sortu zuen bertze kide batzuekin batera, eta 1970ean hura izan zen Burgosko Prozesuan auzipetutako hamasei euskal herritarren abokatuetako bat. Bertzeak bertze, Juan Paredes Manot Txiki-ren abokatua izan zen, baita heriotza zigorra eskatu zioten FRAPeko kide batena ere. Franco hil ondotik, Amnistiaren Aldeko Batzordeen sortzaileetako bat izan zen, eta «buru-belarri» jardun zen borroka horretan, antolatzaileen erranetan. Herri Batasuna alderdiko militantea izan zen, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako senatari aukeratu zuten 1979an. Urtebete geroago, Eusko Legebiltzarreko lehen legegintzaldirako parlamentari izendatu zuten.

Normalean kartzelaren bertze aldean aritzea tokatzen bazitzaion ere, 1979an atxilotu egin zuten, eta 48 orduz eduki zuten kalabozo batean. Harekin batera atxilotu zuten, erraterako, Telesforo Monzon. Haren heriotzaren 40. urteurrenaren harira sortu zuten Monzon-Ganuza saria, 2021ean, eta seigarren saritua izanen da Castells. Amaia Zubiriak jaso zuen joan den urteko saria, Jose Mari Esparzak 2024koa, Xabier Amurizak 2023koa, Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Aiastuik 2022koa, eta Libe Goñik 2021ekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.