Kanpainaurreko lehen egunotan EAJk eta PSE-EEk irudikatu duten elkarren arteko etsaitasuna ez da egiazkoa, eta Eusko Jaurlaritza osatzeko elkarren beharra baldin badute, akordioa egingo dute urriaren 21eko bozen ondoren. Hori uste du Ezker Anitzako koordinatzaile Mikel Aranak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez azken egunetan egiten ari dena «antzezpen hutsa da» Aranarentzat, «eta ez da batere sinesgarria».
Horrela azaldu zuen atzo Ezker Anitzaren eta Nafarroako EBren koordinazio organoaren bileraren ostean.
«Patxi Lopezek ez du inolako sinesgarritasunik, eta uste du jendea inozoa dela EAJren eta PSE-EEren arteko ika-miken antzezpena sinesteko, bi alderdiek aldez eta moldez esan dutenean elkarren beharra baldin badute batak bestearekin hitzartuko dutela», azaldu zuen Mikel Aranak.
«Ezin liteke alde batetik mantra bat balitz bezala errepikatzea EAJk murrizketak ezarriko dituela CiUk Katalunian egin duen bezala, eta horretan ados nago, konbentzituta baikaude horixe egingo dutela jeltzaleek, baina hori esan orduko balizko hitzarmen guztiak baztertzea, EAJrekin izan ezik», esan zuen Ezker Anitzako koordinatzaileak.
Herritarrak errespetatu
Hauteskunde kanpainan «herritarrak errespetatzeko» eskatu zien Aranak alderdiei, gezurrik ez esateko eta zintzo jokatzeko, «duela hiru urte jazotakoa berriro jazo ez dadin, orduan, bozak izan baino hiru egun lehenago Lopezek esan baitzuen PPrekin ez zuela hitzarmenik egingo, eta gero harekin egin baitzuen akordioa».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Mikel Aranak esan du Lopezen «antzezpena» ez dela sinesgarria
Ezker Anitzako koordinatzailearentzat, EAJren eta PSE-EEren arteko ika-mikak ez dira egiazkoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu