Argentinako euskal diasporak ekintzaile nekaezin bat galdu du. Mikel Ezkerro atzo hil zen, Buenos Airesen, 88 urte zituela. Hamarkada luzez jardun zuen euskal kultura zabaltzen eta diasporaren historia biltzen; baita Argentinaren eta Euskal Herriaren arteko zubigintzan ere. Gaur egingo diote azken agurra, Buenos Airesko Chacarita hilerrian.
Ezkerro 1938ko maiatzaren 7an jaio zen, Rawsonen, Chacabuco barrutian, Buenos Airesko probintzian. Bere euskal jatorria honela laburbiltzen zuen: «Nire aita argentinarra zen, nire ama euskalduna, baina nire aitona-amona guztiak, bai amaren aldetik eta bai aitaren aldetik, euskaldunak ziren».
Urtebete eskas zuela, haren familia Bilbora joan zen; amaren sorlekura, alegia. Gerraostea zen, eta Indautxuko Begoñako Ama ikastetxean ikasi zuen, harik eta, 12 urte zituela, Argentinara behin betiko itzuli zen arte. Jesuiten Colegio del Salvador ikastetxean osatu zituen bigarren mailako ikasketak, Buenos Airesen. Goiz piztu zitzaion historiarekiko konpromisoa eta haren inguruko interesa, bereziki XIX. eta XX. mendeetako euskal historiaren eta euskal migrazioaren ingurukoa.
«Gerraosteko Euskadi hartan egin nuen murgiltze goiztiar eta bizi hark sakon markatu zuen. Bere bizitza guztian argentinar sentitu zen, baina beti egon zen euskal errealitatearekin konprometituta», azaldu du Euskal Kultura agerkari digitalak, Ezkerroren heriotzaren berri emateko argitaratutako albistean. Horrela, euskal diaspora folklore hutsera murriztu nahi zutenen aurrean «itsasargi intelektual» gisa agertu zen bizitza osoan. Ezkerrok uste zuen euskal etxeen nortasuna eta etorkizuna ezin zirela oinarritu gastronomian eta dantzetan bakarrik, baizik eta xehe ezagutu behar zirela Euskal Herriko historia, ekonomia eta literatura.
Ikuspuntu horretatik, Ezkerrok sakonki ikertu zituen euskal etxeen bilakaera instituzionala, erbestearen eragina eta euskaldunek Argentinako gizartea eratzeko orduan izandako pisua. Euskal Argentinar Erakundeen Federazioko eta Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeko kultura arduradun jardun zuen. Egin zuen lanak ezinbesteko oinarria finkatu zuen diasporaren garapen kulturalean. Horrez gain, Euskal Ikasketen Institutu Amerikarreko kide izan zen, eta Arturo Campion Euskal Kultura eta Nazionalismoaren Ikasketa Zentroko bultzatzaileetako bat.
Gainera, hainbat hamarkadatan Argentinako euskal etxeak bisitatu zituen hitzaldiak emanez, eztabaida sustatuz eta bere jakintza batez ere gaztetxoei transmitituz. Irakasle sena zuen: ez zuen bere jakintza beretzat gordetzen; eskuzabaltasunez zabaldu eta azaltzen zuen.
Militantzia abertzalea
Euskal erbestearen eta erresistentziaren tradizioarekin lotura estua izan zuen, halaber. Besteak beste, Manuel, Andres Maria eta Pello Irujo anaiekin elkarlan estuan aritu zen. Euzko Deya egunkarian eta Eusko Lurra aldizkarian ere aktiboki parte hartu zuen, eta azken egunetara arte bere bokazio pedagogikoari eutsi zion astero Federico Borrasek Paranatik (Argentina) zuzentzen duen Presencia Vasca irratsaioan parte hartuz. Diasporari arreta handiagoa jartzeko eskatzen zien alderdi abertzaleei.
Eusko Alkartasuna izan zen Ezkerroren erreferentzia nagusia. Maiorga Ramirezek atsekabez hartu du argentinarraren heriotza, «lagun mina» baitzuen. Hark gogorarazi duenez, Tafallako (Nafarroa) alkartetxean egindako «afari-merienda batean» ezagutu zuten elkar, «orain dela urte asko», eta luze solastatzeko aukera izan zuten. «Nire aitona ere Argentinan jaio zen; hori dela eta, harreman estua geneukan», nabarmendu du Ramirezek.
Eusko Alkartasunekoak adierazi du euskal abertzaletasunaren eta diasporaren ezagutzak aukera ematen ziola Ezkerrori «azterketa politiko oso finak» egiteko. «Oso pertsona intelektuala zen, eta, horri esker ere, eredugarriak izaten ziren haren ekarpen politikoak», gehitu du.
Are, Ramirezek uste du Ezkerroren ekarpen politikoak baliagarriak direla gaur egun ere: «Euskal diasporak ere asko dauka esateko Euskal Herriaren eraikuntza politikoaren prozesuan; lan handia dago egiteko oraindik», azpimarratu du. Horiek horrela, «munduan zehar dauden indar horiek guztiak» batzera deitu du: «Gure herriaren askatasunerako bidea eraikitzeko».
Doluminak
«Duela egun batzuk, Mikeli ebakuntza bat egin behar ziotela-eta, odola emateko eskatu zuen Graciana Goikoetxandiak sare sozialetan», azaldu du Euskal Kultura agerkari digitalak.
Haren heriotzaren berri zabaldu bezain laster, Argentinako eta euskal diasporako sare sozialak mezuz bete dira, eta euskal etxeek, instituzioek eta norbanakoek doluminak, tristura eta babesa adierazi dizkiete familiari, lagunei eta Argentinako euskal diaspora osoari.
EAJko buruzagi Aitor Estebanek ere doluminak helarazi dizkie Ezkerroren senide eta lagunei. «Argentinako euskal diasporaren benetako memoria bizia» zela esan du jeltzaleak. «Harekin hitz egiteko aukera izan nuen joan den apirilean, Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxean. Abertzale eskuzabala izan zen: Atlantikoaren beste aldetik, erabateko konpromisoa zuen Euskadirekin», gehitu du Estebanek.