Mikel Gil Cervera (Iruñea, 44 urte) presoak gaixotasun larria dauka, eta hura aske uzteko aldarrikatuko dute hilaren 16an Iruñean, manifestazioa eginda. Txantrea auzoko 50 bat lagunek deitu dute gaur ekimena, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideekin batera.
Presoa Zuerako (Espainia) kartzelako erizaindegian dago otsailaz geroztik, bakartuta, eta gaur zortzi Etxerat-ek jakinarazi zuenez, bere buruaz beste egiten saiatu zen. Miguel Servet Zaragozako ospitalera eraman zuten.
1993an "eritasun antsioso-depresiboa eta izaeraren oinarrizko desoreka" diagnostikatu zioten, eta, horren ondorioz, maiz antsietate krisiak eta gorabehera animikoak izaten ditu. Balizko delirio krisiak ere izan ditu. Hori dela-eta, medikazio gogorra dauka.
Mikel Gil Cervera 1992an atxilotu zuten Frantzian, eta 2000an Espainiara estraditatu zuten. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta dagoeneko hamabost urte bete ditu kartzelan. Gaixotasun larria edo sendaezina duten presoak aske uztea arautzen duen Espainiako Zigor Kodearen 92. artikuluaren aplikazioa behin baino gehiagotan ukatu diote presoari.
Iruñeko espetxera lekualdatzeko eskatua zuen, baina duela gutxi ukatu egin zioten eskaera. Etxeratek dioenez, konfiantzazko medikuarekin egotea ere ezeztatu diote. Horretaz gainera, Kartzela Zaintzako Epaitegi Zentralaren aginduz, otsailaz geroztik ezin du konfiantzako psikologoaren terapiarik jaso.
Euskal presoak
Mikel Gil Cervera presoaren askatasuna eskatzeko manifestazioa hilaren 16an, Iruñean
Gaixotasun larria dauka, eta duela gutxi bere buruaz beste egiten saiatu zen. Zuerako kartzelako erizaindegian dago otsailetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu