Eusko Legebiltzarrak gaur hautatu ditu Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaritza kontseiluko hiru aditu independenteak. Ondokoak dira: 2004tik 2014ra Unesco etxearen zuzendari izan zen Mikel Mancisidor, Aranzadi zientzia elkarteko presidente Francisco Etxeberria eta Patxi Lopez lehendakari zen garaian Elkarbizitzarako mandatari izan zen Jesus Loza legebiltzarkidea.
Azken honek izendapena kritikatu egin du EH Bilduk. Bere ustez, PSEk "bere lerroko pertsona" proposatu baitu Institutorako. "Ez ditu independente gisa aritzeko baldintzak betetzen".
Hain zuzen, PSEk proposatuta hautatu dute Loza. EH Bilduk Paco Etxeberria proposatu du, eta EAJk Mikel Mancisidor. Hiru aditu hauekin batera, Eusko Legebiltzarreko alderdiek ere beren ordezkaria izango dute Institutoaren zuzendaritza kontseiluan. EAJtik Iñigo Iturratek beteko du postu hori; EH Bildutik Julen Arzuagak; PSEtik Rodolfo Aresek; eta PPtik, Carmelo Barriok.
Iñigo Gogoan plataformak gogor kritikatu du PSEren ordezkari gisa Rodolfo Aresek parte hartzea. "Mingarria" egin zaie. Iñigo Cabacas Ertzaintzaren oldarri baten ostean hil zenean Herrizaingo Sailburu zela gogorarazi dute, eta ikerketa oztopatu egin zuela. Gainera, ez zela familiaren ondoan egon kritikatu dute. Errespetu faltatzat jo dute izendapena.
Aintzane Ezenarrok zuzenduko duen Institutoaren zuzendaritza kontseilua Foru aldundiek eta Eudelek beren ordezkariak hautatu ondoren osatuko dute. Eusko Jaurlaritzako hamalau kidek eta gainontzeko erakundeetako eta gizarte zibileko hamahiru ordezkarik osatuko dute batzordea.