Mikel Torres: «Alternatiba bakarra PP eta eskuin muturra dira; Aitor Estebanek hori nahi badu...»

EAJko presidenteak esan du «bozetara noiz eta nola deitu» pentsatu behar lukeela Pedro Sanchezek. Jaurlaritzako lehendakariorde eta sozialistak erantzun dio PP eta Vox direla alternatiba, eta EH Bilduk salatu du Pradalesen Itun Etikoa bidean geratu dela.

(ID_15183267) ESPAÑA ECONOMÍA EMPLEO
Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Mikel Torres. L. RICO / EFE
xabier martin
2025eko azaroaren 24a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

PSE-EEren gidaritzan ez dute ondo hartu EAJko presidente Aitor Estebanek Espainiako Gorteetarako hauteskundeen inguruan egin duen azken eskaera. Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak, Mikel Torres sozialistak, eskatu dio EBBko buruari bozak eskatzen hasi aurretik pentsatzen joateko zein den Pedro Sanchezen gobernuaren alternatiba. Esteban aspaldian ari da 2026. urteari erreparatzen Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egiteko, eta, atzo, Eldiario.es egunkarian ere oso argi esan zuen bera Sanchez izango balitz jadanik pentsatzen ariko litzatekeela «hauteskundeetara noiz eta nola deitu».

Espainiako legealdia legezko epemuga baino lehen (2027) bukatzen den edo ez «soilik bozen botoiari eragitea egokitzen zaionaren buruan» erabakiko dela ohartarazi dio Torresek Estebani, Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean. Edonola ere, abisu eman du: alderdiek jakin behar dute «orain gobernatzen ari den blokeak gobernatzen ez badu PPren eta Voxen blokeak» gobernatuko duela. «Hori da alternatiba, ez dago besterik». Horregatik, arduratsu jokatzeko eskatu die beste alderdiei, «ardura izatea ez baitagokio bakarrik PSE-EEri», Torresen arabera.

«Sanchez izango banintz, hauteskundeetara noiz eta nola deitu pentsatzen ariko nintzateke»

AITOR ESTEBAN EAJko presidentea

EAJko buruzagi Estebanek, baina, 2026rako nahi du Espainiako Kongresua berritzeko hauteskundeen deialdia. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezentzat «egoera gero eta zailagoa» dela uste du, sinetsita baitago Juntsek behin betiko erabakia hartu duela Madrilgo gobernuarekin hautsi duenean, eta Podemosek ere aurkako posizio argia duela. Hori ikusirik, Estebanek ziurtatu du Sanchezen gobernuak «gehiengo parlamentarioa kontra» duela, eta ezbaian jarri du legealdiak horrela aurrera egitea zilegi ote den.

(ID_14768457) Sanchez Esteban
Pedro Sanchez eta Aitor Esteban, artxiboko argazki batean. JAVIER LIZON / EFE

Torresen erantzuna

Torres lehendakariordeak esan du errespetatzen duela Estebanen iritzia. «Kanpotik begiratuta, pentsa dezake egoera gero eta zailagoa dela», baina «oso garrantzitsua da aurreikustea» zein den egungo gobernuaren alternatiba, haren ustez: «Alternatiba bakarra PP eta eskuin muturra dira; Aitor Estebanek hori nahi badu... Uste dut hausnarketa horiek plazaratzean kontu handia izan behar dela».

«

Orain gobernatzen ari den blokeak gobernatzen ez badu, PPk eta Voxek gobernatuko dute. Hori da alternatiba; ez dago besterik»

MIKEL TORRES Jaurlaritzako lehendakariordea

Lehendakariordeak hauteskundeetara joateko «arriskuaz» hitz egin du jarraian, gobernua «ahul» baitago babesei dagokienez, eta «presidentearen inguruko eta Alderdi Sozialistaren inguruko zenbait egoera ere» hor baitaude; Sanchezen emaztearen eta anaiaren aurkako auzibideei eta Cerdan auziari erreparatu die modu horretan.

(ID_15510715) (Raul Bogajo/@FOKU) 2025-11-13, Gasteiz. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek 138
Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU

Non dago Itun Etikoa?

EH Bilduko eledun Pello Otxandiano ere Madrilgo egoerari begira jarri da gaur, kazetarien galderei erantzutean, eta ziurtatu du koalizioko idazkari nagusi Arnaldo Otegi eta Sanchez ez zirela batzartu Mariano Rajoyren zentsura mozioa prestatzeko, kaleratu dituzten zenbait informaziok dioten moduan: «Fake news itzela da hori», esan du Otxandianok; Otegik berak ere ukatu du dagoeneko.

«Gezur» hori eta Espainiako Estatuko Fiskal Nagusiaren sententzia, guztia testuinguru berean azaldu du bilkideak. Espainiako Auzitegi Gorenak azaroaren 20an jakinarazi zuen Alvaro Garcia Ortizen aurkako zigorra; bada, «asmo deklarazio argia» da hori, Otxandianoren arabera.

«Bakoitza non dagoen jakin behar da. PPk eta Voxek osatutako eskuin muturreko blokea dugu aurrean»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna

«Sanchezen gobernuaren aurkako lawfare estrategiaren egiaztapena da, seguruenera, gero eta argiagoa baita», jarraitu du koalizioko legebiltzarkideak. Hori dela eta, «bakoitza non dagoen» jakin behar dela helarazi du. «PPk eta Voxek osatutako eskuin muturreko blokea dugu aurrean. Sanchezen gobernua bota nahi dute lawfare estrategia erabiliz: kolpe bigun bat da, zalantzarik gabe».

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek legealdi hasieran plazaratutako Itun Etikoaren proiektua non dagoen galdetu du Otxandianok. «Herrialde gisa estrategia horien aurka blindatu egin behar genuela esan zuen, baina inork ez daki ezer horri buruz orain». Otxandianok blindatze hori egitera deitu ditu alderdiak. «Gure politikak babestu behar ditugu eskuin muturraren estrategiaren eta PP-Vox bloke erreakzionarioaren aurka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.