Mikel Zalakain euskal iheslaria (Villabona, 1961) hil da bart Korsikan, gaixotasun baten ondorioz, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez. 2010eko maiatzean minbizia zeukala esan zioten medikuek. Azken urteetan Korsikan bizi izan, emaztearekin eta bien 12 urteko semearekin. Larunbatean erraustuko dute gorpua eta Euskal Herrira ekarriko dute.
Zalakainek 1986an egin zuen ihes herritik, 25 urte zituela, eta geroztik ez zen Villabonara itzuli, AAMk dioenez.
1988an atxilotu egin zuten Ipar Euskal Herrian, ETArekin lotuta. Haren emazte Mila Otegi ere atzeman zuten. Zalakainek lau urte egin zituen preso, eta Frantziako Gobernuak Parisen konfinatu zuen -Mila Otegik, berriz, bederatzi hilabete egin zituen espetxean-. 2000an konfinamendua hautsi egin zuen, eta ihes egin zuen Paristik.
Espetxean egindako borrokaldi eta gose greba luzeen ondorioz ultzera kronikoa zeukan. Auto istripua ere izan zuen, eta besoan bizitza osorako zauriak gelditu zitzaizkion.
Mikel Zalakainen aita -hau ere Mikel- Martuteneko espetxean hil zen 1990ean, bihotzekoak jota, 58 urte zituela. Artatu zuten medikuak akusatuen aulkian eseri ziren euren aurka jarritako salaketaren ondorioz, baina absolbitu egin zituzten.
AAMk elkartasuna agertu dio sendiari, eta salatu du hilberriak "errepresio politikoa" jasan zuela.
Mobilizazioak
Gaur eta bihar manifestazioak egingo dituzte Villabonan, 20:00etan plazatik aterata.
Larunbatean 12:00etan agerraldia egingo da, plazan.
politika
Mikel Zalakain euskal iheslaria hil da Korsikan, gaixotasun baten ondorioz
1986an ihes egin zuen Villabonatik. Etzi erraustuko dute gorpua eta Euskal Herrira ekarriko dute. Gaur eta bihar manifestazioak egingo dituzte haren herrian, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu