Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak esan du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako leku batzuetan «mikrokonfinamenduak» ezartzearen alde dagoela. «Agian, anbizio handiagoko neurriak hartzeko garaia da; hau da, eremu edo herri batzuk konfinatzekoa». Izan ere, Onda Vascan egindako elkarrizketan esan duenez, neurri hori beharrezkoa da transmisio komunitarioa dagoenean.
Udan COVID-19aren agerraldiak egoteko arrazoia herritarren jarrera eta administrazioaren kudeaketa dira, Bengoaren ustez. Alde batetik, herritarren portaeran arazoa dagoela iruditzen zaio; eta, beste alde batetik, uste du administrazioak dituen sistemek orekatu egin behar dituztela «gehiago edo gutxiago aurreikus zitezkeen portaerak». Ildo horretatik, aztarnari gehiagoren beharra dagoela azpimarratu du. Hala ere, zehaztu du Eusko Jaurlaritzak egin duen kudeaketa «besteek egindako bera» izan dela.
Positibo kasuak igotzen ari diren arren, uste du ezin dela «paralelismorik» egin martxoko eta apirileko egoerarekin. Izan ere, iruditzen zaio kasuen gorakada ez dela «hain indartsua». Gainera, horiei aurre egiteko prestakuntza hobea dela dio. Koronabirusak eta gripeak bat egingo duten momentuak kezkatzen du, ordea: «Beharrezkoa da ordurako kopuruak askoz kontrolatuago edukitzea».