Mila eta berrehun lagun inguruk parte hartu dute arratsaldeko lehen orduan Hazparnen (Lapurdi) aste honetako sarekada salatzeko egin den manifestazioan. Atxilotuen aldeko eta errepresioaren aurkako ohiko aldarrikapenak egin dituzte, banderolen zein oihuen bidez.
Izan ere, Frantziako Poliziak zortzi gazte atxilotu zituen Lapurdin, etxe agentzien eta turismo guneen kontrako erasoekin zerikusia izatea egotzita. Horietatik bik jarraitzen du atxikita, Parisen: Mattin Olzomendik eta Peio Hirigoienek. Xabi Hirigoien (hautetsia da Beskoitzen) eta Angeluko Peio Elizeri atzo utzi zituzten aske; David Bachacou, Joel Zurutuza, Arkaitz Toner eta Iker Edme, berriz, asteazkenean.
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarzi du zortzi gazte horiek 2008an eta 2009an interes turistikoen kontra egindako erasoekin lotuta atxilotu dituztela, eta urtebetean 33 lagun atzeman dituztela arrazoi beragatik. Horietatik lau preso daude joan den ekainetik Parisen.
Era berean, EHZ festibalaren egoitza miatu du Poliziak azken sarekada honetan, atxilotuetako bat, Olzomendi, jaialdi horretako langilea delako. EHZk bere kontrako erasotzat hartu du sarekada, eta elkartasun kanpaina jarri du abian.Dagoeneko ehunka lagunek sinatu dute elkartasun adierazpena, besteak beste, hainbat hautetsi, erakunde eta artistak.
Sarekada Lapurdin
Mila eta berrehun lagun inguru bildu dira Hazparnen atxiloketak salatzeko
Iragan astearteko sarekadan Lapurdin atxilotutako zortzi gazteetatik bik Frantziako Poliziaren esku segitzen dute, Parisen: Mattin Olzomendik eta Peio Hirigoienek. Gainerako seiak aske utzi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu