Milaka eta milaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean, Bilbon, EAJk, EAk eta EBk deituta “gure erakundeen alde” egin duten manifestazioan. Espainiako Auzitegi Gorenak desobedientzia egin izana egotzita Juan Maria Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao zigortu egin ditu aste honetan -2003an Eusko Legebiltzarrean Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik-, eta hori salatu dute Bilbon. Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarra ez du errespetatu, manifestazioan bildu direnen ustez.
18:20ak aldera hasi da protesta, Jesusen Bihotza Plazatik, eta Areatzako plazan bukatu dute ibilbidea, 19:20an. Ekimenean izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritza osoa -Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru zutela; han izan da Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusia ere-, Jose Antonio Ardanza eta Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentea, Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea, Unai Ziarreta EAko lehendakaria, eta Atutxa, Knörr eta Bilbao zigortuak -txalo zaparrada jaso dute agertu direnean-. Gure erakundeen alde pankarta bat egon da manifestazioaren hasieran, herritarrek eramanda, baita ikurrina handi bat ere.
Aralar ere manifestazioan izan da azkenean, zigortuekiko elkartasuna adierazi nahian, Fernando Hevia Bizkaiko koordinatzailea buru zela. Ez dira izan, aldiz, PSE-EE, PP, Batasuna, EHAK eta EAE-ANV. PSE-EEren eta PPren iritziz, ekimenaren antolatzaileek ez dute errespetatu Auzitegi Gorenaren erabakia eta “zuzenbide estatuaren kontra” joatea leporatu diote Jaurlaritzari. Batasunari, berriz, manifestazioa “engainua” iruditu zaio, auziak auzi “gaurko esparru instituzionalari eustea” defenditzen dutelako antolatzaileek.
Manifestazioaren bukaeran Atutxa, Knörr eta Bilbaok esker hitzak egin dituzte, eta Julio Ibarra kazetariak idatzi bat irakurri du. "Euskal gizartearen borondate demokratikoaren kontra" egin du Gorenak, Ibarrak esan duenez, eta "erabakia larria" izan dela.
Erreakzioak
Iñigo Urkullu (EAJko EBBko presidentea)
“Gaurkoa egun berezia da lehengo belaunaldientzat, baita berrientzat ere. Izan ere, belaunaldi berriek betidanik ezagutu izan dituzte gure erakundeak, baina jakin behar dute asko kostatu zela hauek berreskuratzea. Zuzenbide estatua aintzat hartzen dugu, baina elkarrizketaren eta giza eskubideen errespetua behar dira”.
Josu Erkoreka (EAJ)
“Euskal erakundeekiko konpromisoa irmotasunez defendituko dugu, baina lasaitasunez, zentralitatea galdu gabe, hankak lurrean edukita eta burua bere lekuan”.
Unai Ziarreta (EAko presidentea)
“Ez dakigu zein izango den euskal erakundeen kontrako hurrengo erasoa. Une zailak bizi ditugu: Kontzertu Ekonomikoaren kontra etengabe aurkezten dituzte helegiteak, Gernikako Estatutua ez dute betetzen, Ibarretxe lehendakaria auzipetuen aulkian jarrita ikusteko arriskua dago… ‘Nahikoa da’ esateko garaia heldu da, eta kalera ateratzeko”.
Mikel Arana (EB)
“PSE, PP eta EHAK ez daude hemen, eta zilegi da, baina euren aurpegia politikoa nolakoa den erakutsi dute. Ez dute gure autogobernua defenditzen, eta zigortuekiko elkartasun eskasa agertu dute”.
Rodoldo Ares (PSE-EE)
”Hutsegite handia da gaurko manifestazioa, eta biktimismora jokatzen ari dira. Erakundeen arteko konfrontazioa bilatzen dute EAJk, EAk eta EBk. Garrantzitsuena ez da zenbat jende joan den manifestaziora, baizik eta Euskadin demokrazia defenditzen segitzea, eta bilguneak topatzea”.
Angel Acebes (PP)
“Ibarretxe indartsu sentitzen da [Espainiako] Estatuari desafioa egiteko, Zapaterok ez baitu ezer egiten hau defenditzeko. Ibarretxe gaurko manifestazioan izan da, Zapatero isilik dagoelako”.
Politika
Milaka eta milaka herritar bildu dira Bilbon "gure erakundeen alde"
Atutxa, Knörr eta Bilbaoren auzia salatu dute, "euskal gizartearen borondate demokratikoaren kontrakoa" izan delako. Manifestazioan izan dira hiru zigortuak, Ibarretxe, Ardanza, Garaikoetxea, Urkullu, Ziarreta, Madrazo, Aralarreko ordezkariak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu