Eguraldi bikaina, lau kilometroko ibilbidea, hiru gune, egitarau zabala eta milaka lagun. Ezin gehiago eskatu. Galdakaon (Bizkaia) ospatu dute gaur 48. Ibilaldia, Eguzkibegi ikastolak antolatuta eta Magaletik herrire, euskara erdire lelopean. Besteak beste, Bilboko Kirikiño ikastolari eman diote lekukoa.
Gaur izan da egun handia, baina atzo hasi zuten festa. Festa giroa berotu zuten haur jolasek, 3x3 futbol txapelketak eta DJek. Gaur goizean goizetik, berriz, hamaika egiteko izan dira: erronka, herri kirolak, dantzaldiak, kontzertuak... Gune guztietan egon dira haurrentzako gune bereziak, jatekoa eta edatekoa, eta beste hainbat jolas.

Pepeto Basoan egin dute hasiera ekitaldia, eta bertan izan dira, besteak beste, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, zenbait alderdi eta sindikatutako ordezkariekin batera.
Hitza hartu dutenetako bat Josu Telleria izan da, Ibilaldia elkarteko presidentea. Hizpide izan du euskarak jasaten duen oldarraldi judiziala, eta adierazi du ikastolek hainbat proposamen aurkeztuko dituztela laster. «Noiz edo noiz euskal hezkuntza sistema bakarra egongo bada, denon artean egindakoa izan beharko du, euskaran eta euskal kulturan oinarritutakoa eta komunitate osoaren benetako parte hartzea izango duena», esan du, eta ikastolek sistema horretan izan behar duten garrantzia azpimarratu du.
Ikusi gehiago
Pedrosa sailburuak, berriz, adierazi du ikastolen eta hezkuntza sistema osoaren erronkak aldatu egin direla. «Euskararen erronka zahar eta berriei elkarrekin ekiteko garaia da», esan du, eta nabarmendu egin du euskarak inklusiorako eta kohesiorako elementu gisa duen garrantzia. Adierazi du geroz eta gehiago direla hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen duten ikasleak. «Etorri berrien eskolatzearen eta euskalduntzearen erronka daukagu aurrez aurre».
Eguzkibegi ikastolako hezkuntza komunitateak iazko udaberrian hartu zuen lekukoa. 2009an ere egokitu zitzaien Ibilaldia antolatzea, eta, beraz, bazuten eskarmentua. Orduko hartan bezala, aurten ere euskal kulturan oinarritutako hezkuntza proiektua zabaltzea izan da helburua, eta eskualdean ikastolaren funtzioa indartzea. Horrez gain, lau haizeetara zabaldu dute proiektu kooperatibo bat dela, inklusiboa, ikastolako komunitatea aintzat hartzen duena, eta auzolanean ardaztutakoa. Proiektu pedagogiko berritzaileetan inbertitzeko baliatuko dute gaur eskuratutako dirua.
