Eguzkibegiko katebegiak

Ia hirurogei urteko bidea egin du Eguzkibegi ikastolak Galdakaon euskarazko irakaskuntza eraldatzailea eskaintzen. Mari Karmen Amilburuk eta Naiara Perez de Villarealek azpimarratu dute egindako bidea oparoa izan dela.

Amilburu, Perez de Villareal, eta haren hiru seme-alabak: Maddi, Manex eta Izar. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Amilburu, Perez de Villareal, eta haren hiru seme-alabak: Maddi, Manex eta Izar. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko maiatzaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eguzkibegi ikastolak mende erditik gora darama pedagogia berrietan oinarritutako euskarazko irakaskuntza Galdakaon (Bizkaia) txertatzen. Frankismoan sortutako ikastola asko bezala, Galdakaokoa ere herriko lokal txikietan hasi zen euskarazko hezkuntza garatzen, harik eta 1970eko hamarkadan gaur egungo eraikina egin zuten arte. Ikastolak katebegiz katebegi egin du orain arteko bidea. Haren lekuko dira Mari Karmen Amilburu, Eguzkibegi ikastolan ia lau hamarkadaz irakasle izandakoa, eta Naiara Perez de Villareal, haren alaba. Perez de Villarealen hiru seme-alabak ere kate horren parte dira.

Eguzkibegi ikastola inauguratu berri zela hasi zen Amilburu irakasle. Aramaion jaioa da, Araban, eta ezkondu ostean joan ziren Galdakaora bizitzera, alaba jaio berri zuela, 1980an.

Eguzkibegi ikastolak hamar urte pasatxoko bidea egina zuen Amilburu han lanean hasterako. Izan ere, 1966an ekin zion guraso talde batek pedagogia berrietan oinarritutako euskarazko hezkuntza eskaintzeko proiektuari, ikastolari. Sortzaileek diote Euskal Herriko hirugarren ikastola klandestinoa izan zela, ordurako hasita baitzeuden hazitik kimu berriak sortzen. Galdakaon 1966an hasi baziren ere ideia garatzen, ez zen gauzatu 1967ra arte. Orduan lortu zituzten lehen lokalak haurrak biltzeko. Bi irakasle hasi ziren, 35 haurrekin.

Modu klandestinoan hasi zuten bidea, Francoren erregimena indarrean baitzegoen, eta euskarazko hezkuntza debekatua. Are gehiago, ikastola zen hezkuntza proiektu bakarra modua ematen zuena euskaraz eta haur guztiek elkarrekin ikasteko, ikasleak sexuaren arabera banatzen baitzituzten frankismoan.

Horrenbestez, Galdakaoko ikastolan modu klandestinoan eman zituzten eskolak, harik eta 1972an kooperatiba gisa eratu ziren arte. 1973an hartu zuen ikastolak Eguzkibegi izena, eta burokrazia lan nekezen ostean, 1978an hasi ziren egungo eraikinean eskolak ematen. Ordurako, ikastolen proiektua hasia zen bidea egiten.

«Edozein ekintzatarako prest agertzen ginen beti: lanean geratu behar bagenuen, txintik esan gabe geratzen ginen»

MARI KARMEN AMILBURUIkastolako irakasle erretiratua

Amilburu garai hartan sartu zen Eguzkibegi ikastolan, 1980an. Magal batean eraiki berria zen ikastola handi batean hasi zen lanean, Lehen Hezkuntzako 1. mailan. «Hiru lerro genituen, eta nire gelan 33 haur nituen, pentsa!». Gogoan du orduan euskarazko irakaskuntzan ikastolak aritzen zirela sendoen, eta lan eskerga eskatzen zuela horri eusteak.

Garai hartan, ikasleak euskara mailaren arabera banatzen zituzten geletan. Euskara ama hizkuntza zutenak eta erraz jarduten zirenak gela batean elkartzen zituzten; ulertzen zutenak, beste gela batean; eta euskaraz ez zekitenak, beste gela batean. Gaztelania gero eta zabalduago ikusten dute, eta aitzindariek hasitako bide hura ez dute ahazteko. Alegia, euskaldunak zirenak elkartzearena. «Arnasguneen ideia hori landu zuten ordurako». Hori zen hiru talde egitearen arrazoietako bat. Euskaldunek euskara ez galtzea, eta erdaldunak euskarara erakartzea. «Nahiz eta gelak banatuta izan, gero haien arteko harremanak lantzen genituen: Pepetora irteten ginen elkarrekin».

Beste errealitate soziolinguistiko batekin topo egin zuen Amilburuk, baina ez ziren hargatik kikildu: «Gogoan dut oraindik ere lanean hasi gabe nintzela ikastolara sartu nintzen lehen aldian, elkarrizketa bat egitera joan nintzenean, haurrak gaztelaniaz entzuten nituela. Zur eta lur geratu nintzen, Aramaion dena egiten baikenuen euskaraz!».

Etengabeko formakuntza

Irakasle talde militante eta motibatu bat du gogoan Amilburuk, zetozen erronkei kemenez heltzeko gogoz. «Gehienak adin berekoak ginen, eta grinatsu geunden lanerako», gogoan duenez. «Gaur egun, ikastolara joaten naizenean iloba baten bila, laster jubilatzear dauden irakasleak ikusten ditut, sartu berriak eta bide erdia egina dutenak ere bai, baina orduan denak ginen adin bertsukoak. Edozein ekintzarako prest agertzen ginen beti, oso gogotsu gauzak egiteko: lanean geratu behar bagenuen, txintik esan gabe geratzen ginen».

Irakasleen formakuntza izan da ikastolen elkarteko ardatzetako bat. Amilburuk gogoan duenez, 1980ko hamarkadaren hasieran irakasle guztiak asteartero geratzen ziren formakuntza bereziak jasotzen eskola orduak bukatu ostean. Hainbat gairi buruzkoak ziren formakuntzak: hezkuntzaren metodologiari buruzkoak, adimen emozionalari buruzkoak, haurren hezkuntza prozesuei buruzkoak...

Ikastolaren metodologia sorreratik izan da eraldatzailea eta berritzailea. Amilburuk denak ezagutu ditu han lanean emandako ia berrogei urteetan. Nabarmendu du digitalizazioarena izan zela jauzirik zailena. «Notak ordenagailuan sartzea, blogak egitea... Ikastaroak hartu behar baziren, eragozpenik jarri gabe hartzen genituen, baina horixe izan da gehien kosta zitzaidana».

«Pedagogia berriak direla medio, moldaketak egin dira Eguzkibegiren eraikinean, baina esentzia ez da aldatu»

NAIARA PEREZ DE VILLAREALIkastolako ikaslea eta gurasoa

Hezkuntza eraldatzailea eta berritzailea ez ezik, euskara ere ardatzean izan du ikastolak. Herriko jaietan, Euskararen Egunean, inauterietan... euskaraz gain euskal kultura ere izan dute ardatzean. «Euskal inauteriak ziren ardatza urte askoan».

Eta giro hartan hazi eta hezi zen Naiara Perez de Villareal Amilburu, Mari Karmen Amilbururen alaba, Eguzkibegi ikastolan. Amaren lekukoari helduta segitzen du ikastolan, gainera, guraso gisa. Kezka pizten die gaztelaniak hartu duen nagusitasunak, eta, horri aurre egiteko, guraso talde bat irakasleekin elkarlanean ari da azken urteetan. Euskararen erabilera nola hauspotu lantzen dabiltza. «Adibide gisa, orain notetan, emaitza akademikoez gain, badago ataltxo bat non irakasleek jartzen duten haurrek euskara zenbateraino erabiltzen duten: gutxi, batzuetan edo ia beti. Hala, gurasoek jakin dezakete seme-alabak zenbat aritzen diren euskaraz».

Ez ditu ahazteko ikastolan igarotako urteak. «Toki paregabean dago, eta gure bigarren etxea izan zen». Pepetorako irteerak ditu gogoan, batez ere: «Gaur egun, eskola alternatiboak, baso eskolak eta halakoak aipatzen dira...  bada, guk eskolan bageneukan hori! Basora irteten ginen, astoei jaten ematen genien, txabolak egiten genituen... Oso esperientziala zen, nahiz eta gero ikasgelan bakoitza bere mahaiarekin eta bere aulkiarekin-eta egoten ginen».

Esentziarako itzulera

Eguzkibegi ikastolak 2009an antolatu zuen lehenengoz Ibilaldia; hau da bigarrena. «Lanean ari garenak buru-belarri gabiltza, eta oso motibatuta». Bai baitakite Ibilaldia ez dela egun bateko kontua: «Magaletik herrire, euskara erdire leloa da iparra. Ikastola mendi magalean dago, eta herrira gerturatu nahi dugu, eta euskara erdigunera ekarri, ikastola horretan ari baita». Horrez gain, «euskal kulturan hazteko, hezteko eta hura transmititzeko ezinbesteko lana egiten du ikastolak».

Kanpora begirako emaitzak ez ezik, barrura begirakoak ere izan dituzte aurten: Perez de Villarealek argi du komunitatea trinkotu egin dela. Auzolanaren poderioz komunitatea sendotu delakoan dago.

Ideia batekin borobildu nahi izan du Perez de Villarealek egindako bidea: «Gauzak aldatu dira, bizimodua aldatu da, baina berriro zirkulura bueltatzen gara, ez? Nik orain hiru seme-alaba ditut ikastolan, eta, guraso moduan, ahaleginak egiten ari gara neurri batean gure gurasoek zuten eredu horretara itzultzeko: ikastolaren esentziara, gure seme-alabak euskaraz eta euskal kulturan ardaztuta hezi daitezen, pedagogia berritzaileen bidez. Pedagogia berriak direla medio, moldaketak egin dira Eguzkibegiren eraikinean, baina esentzia ez da aldatu. Eutsi egin nahi diogu horri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.