HEZKUNTZA

Milaka ikaslek egin dute murrizketen aurka greba eguneko mobilizazioetan

Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren delegazioan sartu dira ikasleak. Kanpoan eserialdia egiten hasi dira, baina Ertzaintzak sakabanatu ditu. Goizean, dozenaka gazte identifikatu dituzte poliziek Iruñean. Hiriburuetako manifestazioetan jendetza bildu da eguerdian.

Berria.info
2012ko urriaren 11
17:56
Entzun

Milaka ikaslek bat egin dute Ikasle Abertzaleek gaurko antolatutako greba deialdiarekin, eta murrizketen kontra protesta egin dute. Eguerdian izan dira manifestazioak. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean milaka ikasle elkartu dira; mobilizazioak egin dituzte beste zenbait eskualdetan ere. Murrizketen aurka oihuka eta Espainiako Gobernuaren hezkuntza "uniformatzeko" asmoen kontra aldarri eginez egin dituzte manifestazioak.

Bilbon, protestaldia bukatzen ari zela, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza delegazioaren parera joan dira ikasleak. Barrura sartu dira batzuk, eta ehunka ikasle eserialdia egiten hasi dira kanpoan. Ertzainak bertaratu dira, eta bultzaka eta kolpeka altxarazi dituzte. Kargatu ere egin dute une batean. Delegazioa itxita daukate harrezkero.

Polizien jarrera gaitzetsi dute Ikasle Abertzaleek. Goizean goizetik hasi dira protestak egiten, eta salatu dute Polizia jazarri egin zaiela ikasleei. Iruñean foruzainek trabak jarri dizkiote goizean NUPetik atera den zutabeari, baina azkenean aurrera egin du. Goizean zehar ehunka lagun identifikatu dituztela salatu dute Iruñean. Bilbon ere ikasleek segika izan dute Ertzaintza goizean.

Ikasle Abertzaleek oso positibotzat jo dute ikasleen erantzuna; bigarren hezkuntzako ikastetxeetan jarraipena "erabatekoa" izan dela esan dute Ikasle Abertzaleek. NUPen, Ikasleen Errektoreorde Paloma Virsedak esan du "lasaitasunez" igaro dela eguna, istilurik gabe. Gaineratu du zaila dela grebaren eragina neurtzea, baina goizeko lehen orduetan ikasgelan zeudenak "gutxi" zirela. Euskal Herriko Unibertsitateak nabarmendu du Leioako campusean jarraipen "eskasa" izan duela deialdiak, baina ez dira bat etorri antolatzaileak. Unibertsitateetan grebak jarraipen zabala izan duela eta Mondragon Unibertsitatean atzo greba egitea erabaki zutela nabarmendu dute.

"Ezinbesteko alternatiba eskola propioa bultzatzea da; herritarra, laikoa, ez-patriarkala, duina eta nazio bakoitzaren hizkuntza zein kultur eskubideak errespetatuko dituena", adierazi zuten ikasle mugimenduetako ordezkariek, irailaren 4an greba deialdia plazaratzeko egin zuten agerraldian. Nafarroan, hezkuntzako sindikatu guztien babesa jaso du deialdiak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek bat egin dute grebarekin.

Manifestua eta mobilizazioa erakundeok antolatu dute: SEPC Sindicat d'Estudiants dels Paisos Catalans, Estudiants Independentistas y Revolucionarias d'Aragon, Yesca, SAT Sindicato Andaluz de Trabajadores, AGIR, Jaleo —Jovenes Andaluces/zas independentistas—, Darreu —Moceda Independentista Revolucionario—, Liga Estudantil Galega, Reguelta Cantabria eta Ikasle Abertzaleak.

Hego Euskal Herrian ez ezik, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako lurralde batzuetako ikasleek ere greba eguna izan dute gaur, Espainiako Gobernuaren murrizketen aurka eta nazio bakoitzaren subiranotasunaren alde egiteko. 

Twitter sare sozialean #11x12 etiketa erabiltzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.