Ansioko metro geltokiaren ondoko zabalgunean egin dute ekitaldia, jendez bete-bete eginda zegoela. 17:20 aldera hasi da, Jon Maia bertsolariaren agurrarekin. Ondoren, Batasunaren batzarrean parte hartu behar zuen nazioarteko ordezkaritzako kideak igo dira oholtzara, eta Irlandako Sinn Fein alderdiko legebiltzarkide bat mintzatu da haien guztien izenean.
Ondoren, ekitaldiarekin bat egin dute alderdi eta sindikatuetako ordezkariak igo dira taula gainera, eta haien guztien izenean, ELAko komunikazio idazkari German Kortabarria, ABko bozeramaile Peio Etxeberri-Aintxart, Unai Ziarreta EAko idazkari nagusia eta Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea mintzatuko zirela iragarri dute.
Eskubide zibil eta politikoen defentsa egin dute laurek, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu berri dituen neurrien modukoekin herritarren eskubide horiek arriskuan daudela azpimarratu dute.
Otegi : "Probokazioak areagotzeak prozesua gero eta hurbilago dagoela erakusten du"
Ildo horretatik, ABko bozeramaile Etxeberri-Aintxartek nabarmendu du atzo ABko kide zela, bihar ere hala izango dela, baina gaurko ekitaldian "Batasuneko kide gisa" ari zela, eta eginahalak egin behar direla alderdi horretako kide eta jarraitzaileak beren eskubide guztien jabe izan daitezen.
Batasuneko buru Arnaldo Otegik, berriz, beren kontrako debeku neurriak "probokazioak" direla adierazi du, eta probokazio horiek direla prozesua gero eta hurbilago dagoela adierazten duten seinalea. Otegiren iduriko, nazioarteko esperientziak erakusten du konponbide prozesuetan zenbat eta gehiago egin aurrera probokazioak areagotu egiten direla, baina Euskal Herrian eszenatoki bat sortzeko bideak ez duela atzera bueltarik azpimarratu du.
Politika