eGUNKARIA AUZIA

Milaka lagunen berotasuna jaso du 'Egunkaria'-k Bilboko manifestazioan

Alderdi, erakunde eta sindikatu ugaritako ordezkariek babesa agertu diete auzipetuei, 'Egunkaria libre!' lelopeko manifestazioan. Justiziarik ez dutela espero baina "absoluzioa baino gutxiago den ezer" ez dutela onartuko esan du Joan Mari Torrealdaik, auzipetuen izenean. Protestaren burua udaletxera iritsitakoan, Autonomia kalean zegoen oraindik amaiera.

2009ko abenduaren 20a
11:49
Entzun
Milaka eta milaka lagunen berotasuna jaso zuten Egunkaria-ko auzipetuek atzo Bilbon. Milaka herritarrek zein alderdi politiko, instituzio, sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariek adierazi zieten babesa auzipetuei, Egunkaria libre! pankartaren atzean ia ordubeteko ibilbidea eginez elkarrekin. Hotz egiten zuen atzo. Duela zazpi urte, guardia zibilek Euskaldunon Egunkaria itxi eta atxilotuta Madrilgo Tres Cantos kuartelera eraman zituztenean ere, «hotz handia» zela gogoratu du Joan Mari Torrealdai auzipetuak, manifestazioaren amaieran hitza hartu duenean. «Hotza egiten zuen bakarturik, ostikoka eta irainka ibili gintuzten leize-zulo ilun hartan». Baina duela zazpi urte Euskal Herritik beroa jaso zuten bezala, berotasuna topatu zuten atzo ere Bilbon.

Eskerrak eman zituen horregatik Torrealdaik, auzipetuen izenean: «Zuen guztion berotasunagatik izan ez balitz, euskal gizarte zabal eta askotarikotik, gu geu bezalako herritar arrunten aldetik, erakunde sozialetatik, sindikatuetatik, alderdi politikoetatik, instituzioetatik adierazi zaigun beroagatik izan ez balitz, honezkero gogortuta geundekeen ahanzturaren zoko beltzean».

Jaurlaritzako hiru lehendakari ohiak

Eta zabala izan zen atzo Bilboko kaleetan bere presentziarekin Egunkaria-ren aurkako auziari desadostasuna erakutsi ziotenen esparrua. Egun Eusko Jaurlaritzako lehendakari dena ez, baina aurretik lehendakari izan diren hirurak egon ziren manifestazioan: Juan Jose Ibarretxe, Jose Antonio Ardanza eta Karlos Garaikoetxea. Miren Azkarate Ibarretxeren gobernuko eleduna eta kultura sailburua ere Bilbon zen.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatua eta Mikel Arana (EB), Mikel Basabe (Aralar) eta Jesus Mari Larrazabal (EA) legebiltzarkideak ere han izan ziren, besteak beste.

Baita alderdietako ordezkari ugari ere: EAJko Iñigo Urkullu, Belen Greaves, Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar; EAko Pello Urizar eta Nekane Alzelai; ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia, Rufi Etxeberria eta Julen Aginako; Ezker Batuko Mikel Arana; Alternatiba Eraikitzeneko Oskar Matute, Aralarreko Jon Abril; Nafarroa Baiko Maiorga Ramirez. Abertzaleen Batasuna eta Hamaikabat alderdiek ordezkaritzak bidali zituzten, halaber.

Sindikatuek ere presentzia handia izan zuten Egunkaria auziaren aurkako manifestazioan. ELA, LAB, CCOO, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuetako ordezkariak egon ziren. Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak ere parte hartu zuen, baita Joxean Lizarribar EKTko administrazio kontseiluko lehendakariak eta Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konferedazioko lehendakariak, eta Joan Mari Irigoien, Anjel Lertxundi, Kirmen Uribe eta Hasier Etxeberria idazleek, eta Maialen Lujanbio bertsolariak ere, besteak beste.

Halaber, euskalgintzan diharduten pertsona asko egon ziren Bilboko kaleetan Egunkaria libre! aldarrikatzen. Izan ere, Torrealdaik manifestazioaren amaieran ohartarazi zuenez, «euskara bera» da duela zazpi urte abiatutako auziarekin erasoa. Eta, hizkuntzarekin batera, euskaldunak; «euskal herritarrari izaera, nortasuna ematen dion euskara».

Hala, euskal nortasunaren alde aritzeagatik, Euskal Herri osoko lehen instituzioa sortzeagatik, laster epaituko dituzten Udalbiltzako auzipetuei babesa adierazi zien Torrealdaik. Udalbiltzakoek, manifestazioan egonda babestu zituzten Egunkaria-koak. Maribi Ugarteburuk eta Joseba Garmendiak zeharkatu zituzten Bilboko kaleak pankartaren atzean, besteak beste.

Hedabide baten itxiera ekarri zuen auziaren aurkako protestara bildu ziren, halaber, kazetaritza munduko hainbat pertsona ospetsu. Bingen Zupiria ETBko zuzendari izandakoak eta Julio Ibarra eta Xabier Usabiaga kazetariek parte hartu zuten manifestazioan, besteak beste. Baita Laura Mintegi Euskal Pen Clubeko lehendakariak ere.

Euskal Herritik kanpoko kazetariek ere izan zuten lekua Bilbon. Berlindik, esaterako, espresuki etorri ziren Alemaniako egunkari bateko ordezkariak, pankarta eta guzti. Manifestazioaren berri emateko, dozenaka kazetari eta kamera pilatu ziren aurrealdean. Euskal Herrikoak gehienak, baina baita nazioartetik etorritako hainbat ere.

=b'Egunkaria'-ren azken zenbakia=b

Manifestazioaren burua Zabalburura iristean amaiera ez zen ikusten. Buruan, asteartean Auzitegi Nazionalean epaitzen hasi ziren Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleagak eusten zioten Egunkaria libre! leloari, Egunkaria-ren aurkako auzi ekonomikoan egonik aurrerago epaituko dituzten beste auzipetuetako batzuekin batera.

Txalo artean hasi zen manifestazioa Aita Donostia plaza eta Casilla artetik, 17:00etan. Buruak zeraman leloak, Egunkaria aurrera! oihuek eta txaloek zabaldu zuten protesta. Burua Zabalburura iritsi eta argazkiak ateratzeko geldiunea egin zuenean, herritar bat Martxelo Otamendirengana joan, eta Euskaldunon Egunkaria-ren azken zenbakiaren ale bat eman zion. Egunkaria-ren zuzendari zenak hura eskuetan hartu, eta besoa altxata erakutsi zuen, txalo zaparrada bat sorrarazteraino. Pankartarekin batera eskuetan Egunkaria-ren azken zenbakiaren ale hori zeramatela egin zuten ordutik aurrerako ibilbidea Otamendik eta Torrealdaik.

17:55ak zirenean iritsi zen manifestazioaren burua helmugara, Bilboko udaletxearen aurrera. Protestaren amaierak metro gutxi eginak zituen oraindik. Autonomia kalean jarraitzen zuen, jendetzak bidea arinago egitea galarazita.

Protestaren amaiera Zabalburura iristear zegoela, auzipetuek zer espero duten eta zer ezin den itxaron azaldu zuen Torrealdaik udaletxeko eskaileretatik. Zigorrik ez dutela nahi esan zuen.

Zigor pertsonalez gain, Euskaldunon Egunkaria-n aritzeagatik inor zigortzeak ekar ditzakeen ondorioak kezkagarriak liratekeela adierazi du: «Ez dugu nahi gure aurkako zigorraren bitartez euskalgintzaren aurkako zigorrari bidea etorkizunean ireki diezaioten». Epaiketa hasia denez, «injustizia eta bidegabekeria zuzentzen hasteko aukera bakarra» absoluzioa dela ohartarazi du.

Absoluzioa

Hala ere, justiziarik «jada» ezin dela espero azaldu du, absoluzioaz gain «kalteen ordaina eta txikizio honen errudunak akusatuen aulkian zigortzea» eskatuko lukeelako. Hori lortzea gehiegi litzakeelakoan, epaitu guztien absoluzioa eskatu du, hori baino «gutxiago den ezer» ez dutela ontzat emango adierazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.