Milaka pertsona bildu dira mugimendu feministek deitutako protestetara, Euskal Herria feminismotik eraikitzen lelopean.
Gasteizen, esaterako, 1.400 lagun inguru batu ditu berdintasunaren alde antolaturiko martxak. San Anton plazatik abiatu da manifestazioa, eta festa giroan eta zapi moreak eskuetan egin dute. Gizarte alor ezberdinetako hainbat odezkari ikusi ahal izan dira bertan: ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz, EH Bilduko legebiltzarkide Belen Arrondo eta PSE-EEko zinegotzi Maite Berrocal.
Nafarroako hiriburuan, berriz, 3.000 lagun baino gehiago elkartu dira Martxoaren 8ko Koordinakunde Feministak antolatutako manifestazioan. Bertan, antolatzaileek nabarmendu dute aldaketa beharrezkoa dela berdintasunik izango bada. "Beste behin kalera irten beharrean gaude gure eskubideak aldarrikatzeko", adierazi du koordinakundeko kide Iratxe Alvarezek. "Gizartearen %50 gara emakumeak, eta, beraz, gure ahotsa ere entzuna izatea nahi dugu".
Alvarezek gogorarazi du, bestalde, krisiak bi aldiz gogorrago eragiten diela emakumeei: "Eurak dira lan baldintza txarren eta pobreziaren lehen biktimak".
Manifestazio jendetsuak izan dira Donostian, BIlbon eta Hazparnen ere, mugimedu feministek deituta.