Jendetza elkartu da Bilboko kaleetan manifestazioa hasi aurretik. Arazoak izan dira errepidean Bizkaiko hiriburura iristeko, auto ilaren eraginez. 17:30 inguru zirenerako bete da Autonomia kalea. Zuzeneko kontakizuna egin dute BERRIAko kazetariek.
Ordezkaritza zabala bidali dute alderdi politiko eta sindikatuek ere. Bertan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, EAJko presidente Andoni Ortuzar eta Gipuzku Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibar, Sortuko presidente Hasier Arraiz eta alderdiko bozeramaile Pernando Barrena, EAko kide Ikerne Badiola, Alternatibako Asier Vega, Abertzaleen Batasuneko Mertxe Colina eta Martin Garitano eta Jose Luis Bilbao Gipuzkoako eta Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Isilean joatera dei egin zuten atzo, baina euskal presoen alde oihukatu dute hainbat manifestarik. Luze joan da manifestazioa, eta burua abiatu eta ordubetera hasi dira ibiltzen martxaren atzeko aldean zeudenak. Jendetza joan da manifestazioan, baina hainbat herritar zeuden inguruko kaleetan ere, martxarekin bat egin ezinik.
Casillatik abiatu eta Zabalburu plazatik udaletxerainoko bidea egin du protestak, ia ibilbide osoa jendetzak hartua zuela. Amaieran ez dute agiririk irakurri, eta txaloka amaitu dute mobilizazioa.
Deialdi historikoa
Argazki historikoa eman zuten atzo, Bilboko Carlton hotelean: Hasier Arraiz Sortuko presidentea eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko burua, mahaiaren erdi-erdian, Rebeka Ubera Aralarreko Antolatzaile idazkaria eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia zituzten beren eskuinetara, eta ezkerretara Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Alberto Unamunzaga EAko kidea, eta Amaia Agirresarobe Alternatibako bozeramailea. Geroa Baik ere bat egin du manifestaziorako deiarekin, nahiz eta ez zuten prentsaurrekora joaterik izan. Aurreikusten zuten beste eragile batek atzera egin zuen azken orduan. Mahairen aurrean jarri zuten zuri beltzeko pankartan papertxo batekin estalita zegoen izen bat.
Ez zuten asko hitz egin prentsaurrekoan. "Egoera berezia da, eta prentsaurrekoa ere berezia", esan zuen Arraizek. Ortuzarrek gazteleraz gaineratu zuen: "Gaur, bihar bezala, isiltasuna izan dadila elerik ederrena".
Baina irakurri zuten testua zehatza da. Manifestaziorako dei egiteaz gain, leloak aldarrikatzen dituen giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde elkarrekin lanean jarraitzeko deia egin zieten herritarrei, eta eurek ere jarraituko dutela esan. Salaketa bateratua ere egin zuten: "Oinarrizko eskubideak urraturik daudela ikusirik, eta salbuespen neurrien urraketa kaltegarrien aurrean, hemen bildu garen guztiok gure borondate osoa agertzen dugu gure herrian zabaldu den agertoki berria sendotzeko eta horretarako beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko, gaurko egunean egin dugun bezala".
Tantaz Tantak deitutako mobilitsasoa ez da egingo, baina manifestazioa, bai. Eta presoen eskubideak ez ezik, giza eskubide guztiak, bakea eta konponbidea ere aldarrikatu dituzte manifestariek.
"#HumanRights"(r)i buruzko Txioak"#konponbidea"(r)i buruzko Txioak