Mintegi: «Ezinbestekoa da presoei dagozkien eskubideak exijitzea»

EH Bilduk babesa adierazi dio larunbatean Baionan euskal presoen alde egingo den manifestazioari

EH Bilduko kideak, atzo Donostian egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hurbildu bakera. Giza eskubide guztiak. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean larunbatean Baionan (Lapurdi) egingo denmanifestazioari babesa azaldu dio EH Bilduk. «Iragana alboratu» eta «denok urratsak egitea» garrantzitsutzat jo du koalizioko lehendakarigai Laura Mintegik, eta gizarteari eskatu dio manifestaziora joateko eta agerraldi masiboa egiteko.

«Uste dugu Euskal Herrian aro berri bat hasi dela». Urtebete igaro da Aieteko Nazioarteko Adierazpenetik eta ETAk borroka armatua utzi zuenetik; halere, Mintegik salatu du Frantziako eta Espainiako estatuek «espetxeetan eskubide urraketak» egiten jarraitzen dutela, baita alderdi politikoei «legez kanporatzeko mehatxuak» egiten eta «Aurore Martinenaren moduko atxiloketak» egiten ere. Baina azken urtean «gauza asko» pasatu direla ere adierazi du; indar guztiak batu direla eta aho beteko erantzuna eman dietela Frantziako eta Espainiako estatuei.

Salbuespenezko neurriak albo batera utzi behar direla esan du. EH Bilduk uste du «konponbide demokratikoen aldekoa» dela gizartearen gehiengoa, eta gero eta zabalduagoa dagoela «presoen eskubideen aldeko iritzia». Baina jarrera horri estatuek entzungor egiten diotela ere pentsatzen du: «Horregatik, ezinbestekoa da kalera ateratzea eta presoen eskubideak exijitzea», adierazi du. «Aukera paregabea dugu ekintza horiei erantzuna emateko».

Baionan manifestazioa egingo den egun berean, Hego Euskal Herrian Memoriaren Eguna izango da. Horren harira, koalizioko ordezkariak azaldu du bi ekintzak ez direla kontrajarriak eta «bakearen proiektuan aurrera egiteko herrialde honetan gertatu denaren memoria ariketa egitea beharrezkoa» dela. Hori «ariketa kolektibo bat» dela nabarmendu du, eta ariketa horretan «banako bakoitzak berak egindako ekintzen erantzukizuna eta bakearen bidean eragin duen oztopoaren erantzukizuna» hartu behar dutela.

Martinen atxiloketa

Ostegunean Frantziako Poliziak Aurore Martin Batasuneko kidea atxilotu izana ere salatu du EH Bilduk. Adierazi du «ulergaitzak» direla era horretako atxiloketak. «Aurore Martinena eta halako atxiloketak salatzeko ere azaldu gara. Iraganeko egoera batera itzultzen gaituzte horrelako ekintzek», azaldu du Laura Mintegik.

Gaineratu du bakea lortzeko beharrezkoa dela horrelako ekintzak albo batera uztea, ez dutelako batere laguntzen, eta baztertu egin behar direla «jarduera politikoa soilik» izan duten pertsonen atxiloketak. Nabarmendu du Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztiek erantzun bateratu bat eman dutela atxiloketa horren inguruan.

Mehatxuak «distrakzio» gisa

Mintegik salatu du Espainiako eta Frantziako estatuen eginbeharra «Aieteko Nazioarteko Adierazpenean egin zitzaizkien interpelazioei» erantzuna ematea dela. «Konferentzia hartan, esan zitzaien ETAk armak utziz gero eta erakundeak hitz egiten hasteko proposamena eginez gero bi gobernuek baiezko erantzuna eman beharko lioketela bakearen bidean aurrera egiteko».

Orain, koalizioak pentsatzen du bi gobernuen erantzukizuna interpelazio haiei erantzutea dela, eta «duten erantzukizuna kanporatzeko distrakzio maniobra» besterik ez dela EH Bildu legez kanpo uzteko mehatxua: «Koalizio honek bakegintzarako bidean argi esan du zein den bere iritzia, Aieteko Nazioarteko Adierazpenak azaldu zuen zein den bakegintzarako bidea, eta orain, oztopo handiena Espainiako eta Frantziako estatuak dira. Orain, haiei dagokie bakegintzan pausoak ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.