Mintegi ikertuko dute, «terrorismoa goratu» duelakoan

EAEko fiskal nagusiak delitu hori egotzi asmo dio Laura Mintegiri, Buesaren hilketak «jatorri politikoa» zuela esateagatikErabakiak ganberaren autonomia urratzen duela salatu du legebiltzarreko presidenteak

edurne begiristain
Gasteiz
2013ko martxoaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuak ikerketa bat abiatu du Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearen aurka, joan den ostegunean Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran «terrorismoa goratu» ote zuen argitzeko. Saio horretan, Mintegik adierazi zuen Fernando Buesa buruzagi sozialistaren hilketak «jatorri politikoa» izan zuela, eta hilketa guztiak «ekidin» zitezkeela, «jatorri politikoa dutelako, eta gizartearen, pertsonen eta politikarien esku dagoelako». Hitz horiek protestak eta haserrea eragin zituzten PPko, UPDko eta PSEko legebiltzarkideen artean, eta, liskarren ondorioz, ezin izan zuten eratu bakerako lantaldea. Polemika horren ondoren etorri da fiskaltzaren erabakia: jakin nahi du ea Mintegik «terrorismoa goratu» edo «biktimak iraindu» ote zituen adierazpen horiekin.

Kalparsorok saio horretako akta eskatu dio Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriari, Mintegiren adierazpenak aztertzeko eta delitu ote diren zehazteko. Fiskal nagusiak berak EITBri atzo baieztatu zion EH Bilduko eledunaren hitzak ikertzen ari direla, Espainiako Fiskaltzarekin hala adostuta, eta Aste Santua baino lehen erabakiko dutela Mintegiren aurkako salaketa jarri ala ez.

Legebiltzarreko presidenteak asteazkenean jaso zuen EAEko fiskal nagusiaren idatzia, eta atzo goizean eman zien horren berriLegebiltzarreko Mahaiari eta Bozeramaileen Batzordeari. Kalparsorok idazkian dioenez, Mintegik egindako adierazpenen ustezko delitua Espainiako Zigor Kodearen 578 atalean jasota dago, eta, horren arabera, haren hitzak «terrorismoaren goraipamena edo justifikazioa» izan litezke. Hori hala den aztertu eta ikertzeko, martxoaren 14ko osoko bilkuraren aktaren transkripzio osoa eskatu dio Tejeriari.

Akta igortzearekin batera, Tejeriak «ezinegona eta kezka» agertu dio Kalparsorori, erabaki horrek «kalte egiten diolako legebiltzarkideek beren funtzioen barnean berezkoa duten eta zor zaien bortxaezintasunari». Halaber, adierazi dio legebiltzarraren beraren funtzionamenduaren autonomiari ere kalte egiten diola ikerketak. Gogorarazi dio Auzitegi Gorenak 2004an kaleratutako ebazpen batean legebiltzarkideen bortxaezintasuna babestu zuela, eta auzitegi horrek ebatzi zuela ganberan egindako adierazpenengatik ezin dela parlamentarioen aurkako inolako ekinbide judizialik abiatu.

«Hitzaren etxea dela zioten»

Fiskaltzaren erabakia gogor kritikatu du EH Bilduko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak. Haren ustez, onartezina da «iritziak» epaitu nahi izatea: «Fiskalak badaki bere erabakiak ez duela biderik. Legeek argi diote legebiltzarkideak forudunak eta bortxaezinak direla». Azaldu duenez, EH Bildu hitz egiteko, akordioak bilatzeko eta negoziatzeko dago legebiltzarrean: «Hitzaren etxea zela esan ziguten, eta geure ideiak defendatzera etorri ginen legebiltzarrera, baina, horren ordez, liskarrak eta kereilak aurkitzen ditugu».

«Onartezina» da, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidearen aburuz, fiskalaren erabakia. «Ziur Madrildik gidatuta, eskatuta edo iradokita datorrela, beste hainbatetan bezala», salatu du. Era berean, salatu du legebiltzarraren autonomian eskua sartzea dela eta legebiltzarraren oinarrizko eskubideak urratzen direla. Egibarrek «astakeriatzat» jo du Kalparsororen asmoa.

LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek ere kritikatu du erabaki horrek erakusten duela batzuek ez dutela «garai berrietara» egokitu nahi, eta «atzera begira» jarraitzen dutela.

PSEk, PPk eta UPDk, ostera, txalotu egin dute fiskaltzaren erabakia. Jose Antonio Pastor PSEren bozeramailearen iritziz, «larriak» izan ziren Mintegiren hitzak, eta ez datoz bat egungo egoera politikoarekin. Gainera, uste du adierazpen horiek zalantzan jartzen dutela Sorturen estatutuen «zintzotasuna».

PPk, berriz, «errespetuz» hartu du Mintegiren hitzak ikertzeko erabakia. Arantza Quiroga eledunak gogorarazi du joan den asteko bilkuran bere taldeak gogor kritikatu zituelaMintegirenadierazpenak eta kexa agertu zuela: «Orain justiziari dagokio delitua egon den ala ez erabakitzea». Quirogaren ustez, legebiltzarkideek adierazpen askatasuna dute, betiere deliturik egiten ez badute. Gainera, PPkoak uste du fiskaltzak baduela ikerketa abiatzeko eskumena, eta hori ez dela legebiltzarrean esku sartzea.

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidearentzat ere «oso egokia» da Mintegiren hitzak ikertzea: «EH Bildu ETAren ekintza kriminalak goratzen ari da sortu zenetik», esan du .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.