EHUren udako ikastaroetan bigarrenez elkartu dituzte Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariak —Vox kanpoan utzita— autogobernuari buruz aritzeko, eta, beraz, estatus berria ere hizpide izan dute. Horrenbestez, ekainean izandako mahai inguruan parte hartu zutenak elkartu dira berriro: Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Arkaitz Rodriguez (EH Bildu), Laura Garrido (PP) eta Jon Hernandez (Sumar); PSE-EEren ordezkari oraingoan Ekain Rico izan da, Pau Blasiren lekua hartuta. Alderdi bakoitzak burujabetzaren inguruan duen jarrera berretsi eta sendotu dute ordezkariek: abertzaleek garbi utzi dute Euskal Herria nazioa dela eta nazioa den aldetik «burujabetza handiagoa» behar duela, aurrez aurre dauden «erronkei erantzun ahal izateko eta euskal nortasunari eusteko». «Ezinbesteko lanabesa» dela helarazi dute. PSE, PP eta Sumarreko ordezkariek, ñabardurak ñabardura, adierazi dute euren proiektu politiko nagusia Espainiako Estatuan dagoela; eta uste dute euskal herritarren «benetako kezkak» ez daudela loturik nortasunari, «eguneroko arazoei baizik».
Diez Antxustegi jeltzaleren aburuz, bi dira erronka nagusiak autogobernuarekin loturik. Gernikako Estatutua betetzea da lehena. Esan du alor horretan EAJ alde batera egon dela bakarrik, estatutua «betetzearen alde beti», eta beste guztiak beste alde batera, «nahiz eta Espainiako gobernu batzuek beste batzuek baino prestasun handiagoa» erakutsi duten eskumenak emateko. Estatutu berri bat adostea da bigarren erronka, eledun jeltzalearen hitzetan. «Nazioa gara», esan du, eta azpimarratu jauzi bat eman behar dela.
Berdinetik berdinera
EH Bilduko legebiltzarkide Rodriguezek erronka nagusitzat jo du datozen hilabeteetan estatus berri baten prozesua gauzatzea, eta bost edukitan egin du azpimarra: «Nazio aitortza; estatuarekin harreman eredu berria, berdinetik berdinera aritzeko; eskumenen maila handitzea, erronka kolosalei erantzuteko; adosten dena blindatzea, estatuak higatu ez dezan nahieran; eta erabakitzeko eskubidea». Bilkideak onartu du Gernikako Estatutuarekin egindako bidea «garrantzitsua» izan dela, baina nabarmendu du «estatutuaren biribilgunetik ateratzeko garaia» dela; berehala erantzun dio Diez Antxustegik: «Lehen independentzia eskatzen zutenek estatuarekin beste harreman bat eskatzen dute orain. Hori ez da biribilgunean ibiltzea, hori ibilbide luze-luze bat egitea da».
PSEko legebiltzarkide Ricok estatutua berritzeko dauden negoziazioei erreparatu die, eta abisua eman du: «Nortasun kontuetan trabatzen bagara, berriro porrot egingo dugu». PSEk Gernikako Estatutua osorik betetzea nahi du, eta «logikotzat» jo du «Euskadi nazioa dela aitortzea», baina Ricok datu bat azpimarratu du birritan: «Ehun eurotik 97 kudeatzen ditugu jadanik; ez dezagun prozesua trabatu erabakitzeko eskubidearekin». Autogobernua ez da ezinbestean burujabetza, Ricoren ustez: «Ez da burujabetza handiagoa izatea, eskubide sozial gehiago izatea baizik».
PPko legebiltzarkide Garridok esan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak «konforme» daudela egungo autogobernu mailarekin, eta ziurtatu du burujabetzaren auzia ez dela herritarren kezka, «Deustobarometroak askotan islatu duen moduan». Abertzaleei eskatu die estatus berriaz hitz egiteari uzteko, independentzia dagoelako horren atzean. «EH Bilduren zuritze saioaren beste osagai bat da hori. Hau estatutu baten erreforma bat da, eta ez estatus berri bat lortzen saiatzeko prozesua».

Giro ona zapuztuta
Ekainean izandako mahai inguruan jazo zen moduan, Garridok «nazionalista» gisa erreparatu die EAJri eta EH Bilduri, eta Rodriguezek, orduan egin bezala, Garridori esan dio PP ere nazionalista dela, «nazionalista espainiarra, eta hori zilegi da». Bilkideak zehaztu du «bien arteko aldea» zera dela, hark errespetatzen duela Garridoren hautua, baina Garridok, aldiz, berea ez. PPko ordezkariak ez du ongi hartu azalpen hori, eta ordura arteko errespetuzko giroa zapuztu du: «Jendea markatu duzue, eta jarraitzen duzue markatzen».
Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek, berriz, helarazi du bere alderdiak eskumenak ez dituela nahi «besterik gabe edukitzeko», baizik eta kontuan hartuta «zertarako» erabiltzen diren. Azpimarra egin du Sumarrek EAEko eskumenen banaketan aldaketak nahi dituela, foru aldundiek bilketa egiteko duten gaitasunari erreparatuz. Sumarrek eskumen hori «Eusko Jaurlaritzaren esku» egotea nahiko luke, eta foru aldundiak ahuldu. Aldaketa hori eta beste hainbat egingo lituzke ezker konfederalak estatutu berri batean. Burujabetzari begira, berriz, Hernandezek garbi utzi du «edozein eredu aldaketak» Espainiako Konstituzioaren aldaketarekin batera etorri behar duela.
Hauteskunde kanpaina
Hizlariek aditzera eman dute estatus berriaren negoziazioek aurrera jarraitzen dutela, diskrezioz, baina PSEko ordezkari Ricok atzera adierazi du «nortasunaren gaia» ez dela garrantzitsuena, «herritarrak ez daudela horretaz arduraturik». Onartu du EAJren eta EH Bilduren subiranismoak Eusko Legebiltzarraren %75 ordezkatzen duela, baina erantsi du «hauteskunde kanpainan etxebizitzari eta osasunari buruz» hitz egin zutela alderdi horiek, eta ez estatus berriari buruz: «Guztiari txapela jarrita ez dira arazo guztiak konpontzen».
EH Bilduko ordezkari Rodriguezek «betoak alde batera» uzteko eskatu du. «Erakunde guztietan, sindikatuak barne, gehiengo argi bat» dagoela nabarmendu du. Eusko Legebiltzarrean akordio bat lortu behar dela erantsi du: «Eta ondoren herri gisa joan behar dugu Madrilera». Ricori esan dio «poztu» egin duela entzuteak Euskadi nazioa dela: «Zergatik egon behar dute lehen eta bigarren mailako nazioak?».
Diez Antxustegik itxi du eztabaida. Jeltzaleak gogorarazi dio Rico sozialistari bertan zeuden ordezkari gehienek —hala nola Ricok berak, Rodriguezek eta Diez Antxustegik— irrati kate batean egin zutela estatus berriaren inguruko eztabaida bat hauteskunde kanpainan: «Hemen defendatu ditugun posizioak argi atera ziren mahai hartan orduan ere».