Osasuna Memoria elkarteak X sare sozialean jakinarazi du Mirentxu Agirre Aristizabal zendu dela. Lizarrako (Nafarroa) alkate izandako Fortunato Agirreren alaba zen, eta, Mikele ahizparekin batera, memoria historikoaren aldeko borrokaren ikur izan zen hainbat urtez.
Fortunato Agirre Lukin jeltzalea 1936ko uztailaren 18ko arratsaldean atxilotu zuten falangistek Arellanoko etxean, eta urte bereko irailaren 29an hil zuten Taxoaren. Agirre alkateak jakin zuen Emilio Mola jenerala Espainiako II. Errepublikaren aurka konspiratzen ari zela, eta militar eta karlista ugari hasiak zirela Nafarroan mobilizatzen. Hark eman zion abisua Espainiako presidente Manuel Azañari, estatu kolpea gertatu aurretik. Faxistek bi tiroz hil zuten Agirre, eta hura hil eta 34 egunera jaio zitzaizkion alaba bikiak: Mikele eta Mirentxu.
Lizarrako giroa «jasanezina» zela iritzita, Donostiara mugitu ziren Fortunato Agirreren emaztea eta seme-alabak, eta han bizi izan ziren 1941. urtera arte. 1959an aitaren gorpuzkiak berreskuratu zituzten, eta Lizarrako familiaren panteoian lurperatu ahal izan zituzten. Gerora, oroimen historikoaren aldeko borrokalari bihurtu ziren Agirre ahizpak. NFSE36 Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kide izan ziren sozietatea sortu zenetik, eta Mirentxu elkarteko lehen lehendakaria izan zen, 2002 eta 2010 bitartean.
Politika instituzionalean ere egin zuen bidea Mirentxu Agirre Aristizabalek: Eusko Alderdi Jeltzaleko kidea izan zen, eta Eusko Alkartasunera pasatu zen gero. 2015ean, Geroa Bai koalizioaren zerrendan aurkeztu zen Lizarrako Udaleko bozetara. Zerrenda hark garaipena lortu zuen urte hartan, eta Koldo Leoz hautatu zuten Lizarrako alkate: herriko lehen alkate abertzalea eta euskalduna, Fortunato Agirrez geroztik.