Lan erreformaren kontra indarrak batzeko eskaera egin die CCOOk ELA eta LAB sindikatu abertzaleei, mobilizazio bateratuan ez bada gutxienez datetan, funtzionarioen grebekin gertatutakoa errepika ez dadin, bi egunetan egin izanak grebaren oihartzuna apaldu baitzuen. "Euskal sindikalgintzak ezin du berriz ere elkarren aurkako egitarauean denbora galdu", Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiaren ustez.
Lan erreformak langileentzat marraz dezakeen etorkizun ilun eta ziurgabearen kontra egiteko greba orokorra egitea aztertzen ari dira sindikatuak, eta horri begira egin du data bakar bat jartzeko deialdia. Sordok ez du zehaztu, hala ere, noizko pentsatzen duten grebara deitzea, baina "epe ez horren luzean" izango da.
Espainiako Gobernua azken zirriborroaren gainean lanean
Espainiako Gobernuak enpresarioei eta sindikatuei kontsulta egiteko soilik erakutsiko die lan erreformaren azken zirriborroa, patronalaren eta langileen ordezkarien arteko negoziazioetarako denboraagortu baitzen atzo. Dekretua onartu aurretiko azken saioetan da Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernua, dekretu bidez ekainaren 16an erreforma onartu aurretik.
Espainiako estatuko lan merkatua urte askotarako aldatuko du legeak, eta zehaztasun handirik eman gabe, Espainiako presidenteak azaldu duenez, aldi baterako kontratuak mugagabeez ordezkatzea izango du helburuetako bat; beste bat, "kaleratzeen gastuak murriztea, langileen eskubideak urratu gabe", eta "enpresaren barne malgutasuna handitzea"; horrek eragingo die lan ordutegiari, lan baldintzei, eta soldaten eta hitzarmenen erregulazioari. Hori dena nola egiteko asmoa duen, berriz, ez du aipatu.
Espainiako Gobernuak CEOE patronala egiten du negoziazioen porrotaren erantzule, baina errudunak errudun, sindikatuek ordezkatzen dituzten langileak aterako dira galtzaile, sindikatuek salatutakoari erreparatuz gero. Atzo, espainiar nahiz euskal sindikatuek gogor kritikatu zituzten neurriak; batez ere kaleratzeko babesik eza eta kontratuen gero eta behin-behinekotasun handiagoa. Hain zuzen, batez ere puntu horietan ez ziren ados jarri negoziazioetan.
Alderdiekin negoziazioak
Orain alderdien negoziazioak egongo dira, baina ados egon edo ez, dekretua onartu egingo da, gutxiengoan bada ere. Dena den, Zapaterori komeni zaio alderdien babesa izatea, bere gobernuaren egoera ez baita izan duen onenetakoa. Lan erreformaren txostenak, baina, dagoeneko jaso ditu lehen kritikak, eta CiUrenak izan dira gogorrenetakoak. Negoziatzeko prest agertu denarentzat lan erreforma "ez doa inora", Espainiako Kongresuan alderdi katalanaren bozeramaile Jose Antoni Duran Lleidak esan duenez. Berak egindako proposamenak kontuan hartzen ez badira, "ezezkoa bozkatzeko inolako arazorik ez" du izango.
ekonomia
Mobilizazioen datak bateratzeko eskaera egin die CCOOk ELAri eta LABi
Protestak batera ez, baina gutxienez egun beretan egiteko garrantziaz ohartarazi du Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak. Ia segurua dirudien greba deialdiari begira egin du eskaera, Espainiako Gobernua lan erreformaren azken testua enpresarioei eta sindikatuei kontsulta modura aurkezten ari den bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu