Espainiako Estatua monarkikoa ala errepublikanoa izatea nahi duten galdetu nahi die Ezker Anitzak espainiar herritarrei. Horretarako, Bilbon egindako agerraldian, Mikel Arana hautagaiak iragarri du lege proposamen bat aurkeztuko dutela Eusko Legebiltzarrean, Espainiako Kongresuari erreferendum bat egin dezan eskatzeko. Era berean, EH Bildu eta PSE-EE kritikatu ditu, kanpainan estatu ereduaren inguruko eztabaida lehenetsiz krisiaren irtenbideei buruzkoa alde batera utzi dutela iritzita. Izan ere, Aranak dio horixe dela herritarren kezka nagusia.
PSE-EEri dagokionez, Ezker Anitzako hautagaiari «bereziki harrigarriak» iruditu zaizkio Espainiako presidente ohi Felipe Gonzalezek asteburuan egindako hitzak; haren arabera, «estatu eredua aldatzeko edozein aukera» ukatu zuelako. EH Bilduri, berriz, «inposizio» bidezko independentziari buruz aritzea egotzi dio. Zehazki, «herritarren borondatea zein izango litzatekeen aintzat hartu gabe» dabilela leporatu dio Aranak koalizioari, legebiltzarrean «aldebakarreko independentzia adierazpena» bultzatuko duela iragarri izanagatik. Aranak argitu du Espainiako Estatu federala dela Ezker Anitzaren apustua, «herrien erabakitze eskubidean oinarritua».
«Benetako alternatibak»
Bestalde, Errenteriako Lanbideren egoitzan (Gipuzkoa) elkarretaratzea egin dute Ezker Anitzako kideek. Gipuzkoako zerrendaburu Jon Hernandezek salatu du enplegua «masiboki» galarazten ari direla PP zein PSOE, lan erreforma eta murrizketekin. Horri dagokionez, «benetako alternatibak» badaudela aldarrikatu du Hernandezek. Besteak beste, 35 orduko lanaldia ezartzea, zerbitzu publikoetan inbertsioak egitea eta kooperatibismoa bultzatzea aipatu ditu Hernandezek.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ezker Anitza
Monarkiari buruz galdeketa egitea proposatuko du Ezker Anitzak
PSE-EE eta EH Bildu kritikatu ditu Aranak, estatu ereduaren eztabaidarekin krisiari buruzkoa saihestearren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu