Ahots urratuak, aurpegi serioak, lau hildakoen izenak, eta aldarri bat: egia, justizia eta erreparazioa. Baionako Pannecau karrikako 24. zenbakian orain dela urte batzuk kendu zuten Monbar hotelaren goiburua. Baina bertan elkartu dira duela berrogei urte GALen atentatu odoltsuenean erail zituzten lau iheslariak oroitzeko. Dei egin diete instituzioei, urratsak egin ditzaten, estatu terrorismoari buruz «egia osoa» argitara eman dadin, eta biktimek aitortza ofiziala jaso dezaten.
Ikusi gehiago
Lore eskaintza egin dute goizean hildakoen senitartekoek eta hainbat ordezkari publikok. Estatu terrorismoak orain arte izan duen «inpunitatea» salatu, eta galdegin dute etorkizunari begira urratsak egitea «ausardiaz eta determinazioz». Suharri Irazustabarrenak hartu du hitza senitartekoen izenean, duela berrogei urteko gertakariak oroitzeko. Azaldu du urte hauetan guzietan «herritarren berotasunak eta elkartasunak» lagundu diela aurrera egiten eta mina samurtzen. «Instituzioen aldetik, ordea, ez dugu babesik izan berrogei urte hauetan zehar».
Gaurko ekitaldiak bestelako irudi bat eman du, Euskal Herri osoko ordezkari publikoek parte hartu baitute. Bertan izan dira Alberto Alonso Martin Gogora institutuko zuzendaria, Ainhoa Zugasti Bilbao Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria, eta Astigarragako, Zestoako eta Hernaniko alkateak —Urretxukoak ez du parte hartu—. EH Baik, EH Bilduk eta Sortuko ordezkaritza batek ere parte hartu du ekitaldian, eta baita kultur munduko jende ezagun batzuek ere, hala nola Fermin Muguruza musikariak eta Amets Arzallus bertsolariak. Herritar andanak ere parte hartu du.

Beren kasu partikularretik harago ordezkari publikoek halako ekitaldi batean parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Irazustabarrenak, eta eskerrak eman dizkie. Oroigarriaren aurrean aurreskua eman du dantzari batek, eta, ondotik, arrosa gorri bana utzi dute parte hartzaileek.
Erronka komuna
Senideen izenean egindako mintzaldi laburrean, estatu terrorismoaren ekintzek izan duten trataera gaitzetsi du Irazustabarrenak. «Ibilbide mingarria izan da gurea, estatuaren bortxa pairatu dugunon bidea. Gure senideen aurka egindako krimenak ikusirik justiziak ez duelako gure aterik jo».
Orokorrean «inpunitatea» egon dela eta beraiek pairatutako bortxaren gaitzespen orokorrek GALen erantzukizuna ekidin dutela erran du. «Mingarria da oso, baina guk bertute bilakatu nahi dugu min hau. Gure bizipenek balio dezatela berriz halakorik gertatu ez dadin; ez hemen, ez inon; ez orain, ez gero. Ez baitago estatu arrazoirik ahalbidetzen duena boterean daudenek giza eskubideak urratzea».
Etorkizunera begira jarri nahi dutela adierazi dute senitartekoek, eta elkarren arteko elkarbizitza demokratikoa lantzeko beharra nabarmendu dute. «Hauxe da gure nahia: denok urratsak egiten segitzea. Ausardiaz eta determinazioz, helburuak merezi duelako».
Galderak memoriarako
Arratsean, dozenaka herritar bildu dira 40 urtez oroitzen herri ekinaldiak egin duen ekitaldi politikoan; horien artean, iheslari ohiak, herri mugimenduko militanteak eta ordezkari politikoak. Bertan egon dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Peio Dufau EH Baiko diputatua eta EH Bilduko hainbat legebiltzarkide.
Eneka Barnetxek hartu du hitza lehenik, gazte belaunaldiaren izenean, berrogei urtez garai hartakoaz gelditu den memoriaz mintzatzeko. Haren hitzetan, batzuek entzuna zuten, etxean aipatua, nonbait irakurria; baina badira belaunaldi gazteetan ordukoaz ezer ez dakitenak ere.
Monbarren gertatukoari tiraka, galderak egin ditu: «Zer gertatu zen hemen? Zergatik antolatu zuen gerla zikina Espainiako Estatuak? Zein izan ziren Frantziako Estatuaren inplikazioak? Zergatik hainbeste euskal iheslari Ipar Euskal Herrian? Zer gertatu zen erail ez zituzten beste euskal iheslariekin?».
Memoria hori lantzeko beharra azpimarratu du Ihintza Arrietak 40 urtez oroitzen taldearen izenean. Estatu terrorismoak eragindako biktima guziak gogoan hartu ditu, eta adierazi du aitortzarik gabe segitzen dutela ordutik hamarkada batzuk iragan badira ere. «Garaia da, bazterketarik gabe, gatazka politikoaren biktima guziak aitortzeko!».
Egiaren bila
Ekitaldi politikoa bide berri baten hasiera ere izatea nahiko lukete 40 urtez oroitzen ekinaldiaren bultzatzaileek. Biktimen aitortza ofizialarena, batetik. Arrietak azaldu duenez, Hego Euskal Herriko instituzioek hainbat urrats egin dituzte bide horretan azken urteetan, baina Ipar Euskal Herrian ez dago «aski tresnarik» horretarako. Hala ere, «gauza txikietatik» has daitekeela iradoki du. «Biktimak izan diren toki bakoitzean plaka bat ofizialki ezartzeak erranahi handia luke». Monbar hotela zegoen lekua izan liteke horretarako abiapuntua.
Baina aitortzeko eta oroitzeko, egia jakin behar da aurrena. Eta hor ere badago hutsunea. «Egia osoa argitara ateratzeko garaia» dela erran du Arrietak. Estatu terrorismoa aktibatzeko Espainiako Estatuak hartu zuen erabakia ezaguna da, eta auzitegietan ere izan du oihartzunik, Arrietaren hitzetan, baina Frantziako Estatuak eta garai hartako agintari politikoek izan zuten inplikazioa argitu behar dela adierazi du. «Lau hamarkada geroago, isiltasuna da nagusi». Egia osoa argitara ateratzeko iniziatibak plantan ezarri daitezela eskatu du.
Senideei helarazi diete azken hitza; egia eta aitortza lortu arte alboan izango dituztela adierazi diete. Lore bana eskaini, eta aurreskua dantzatuta bukatu dute ekitaldia.