MTA Mondragon Team Academyk Leinn gradua emango du Txinan. Nazioarteko ekintzailetza sarea da MTA, eta gaur dira zortzi urte sortu zutela. Eguna aprobetxatu dute, hain zuzen, lankidetza hitzarmena sinatzeko SISUrekin: "Aurrerapauso bat eman du nazioartean ezartzeko eta bere ekintzailetza eta berrikuntza eredua zabaltzeko apustuan".
MTAren barruan bi graduondo eta Leinn gradua daude (Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza gradua). MUko ordezkarien arabera, hitzarmena "mugarri garrantzitsua da" MTArentzat. Gaur, ospakizuna egin dute Oñatin, eta aurtengo 40 ikasleren graduazio ekitaldia ere egin dute: hamabi herrialdetako 300 lagun izan dira Oñatin, "nazioarteko sare osoaren izenean".
MUk munduko "zenbait hiritan" ematen du gradu hori dagoeneko. Datuen arabera, MTA sareak 11 berrikuntza laborategi ditu munduan sakabanatuta eta talde lanean diharduten 983 pertsonak osatuta; 73 enpresa berri jarri dituzte martxan.